2023 MAI. 19 - 11:59h ‘Azkena balitz bezala’ birako uztaila bukaera arteko datak iragarri ditu Huntza taldeak NAIZ Irratiko MusikHaria saiotik pasa dira Huntza taldeko sei partaideak eta, birako datak errepasatzeaz gainera, taldearen ibilbideari errepasoa eman diete. Ekainaren 4ko 7K Aldizkarian kaleratuko da osorik taldearekin izandako elkarrizketa. 2021ean ‘Ezin ezer espero’ diskoa kaleratu ostean, 2023an agurra iragarri du Huntza taldeak (Monika DEL VALLE | FOKU) Iker Gurrutxaga Udaberrian sartzear ginela jakin genuen Huntza taldeak agur esango zigula. Agur edo geroarte, etenaldi mugagabea eta ‘Azkena balitz bezala’ bira iragarri zituztelako orduan. Datorren urteko otsailaren 3an izango da bira amaierako kontzertua Bilboko Miribillan eta sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko taldearen web orrialdean. NAIZ Irratiko MusikHaria saioan egin duten bisitan, primizian kontatu dizkigute uztaila bukaera arte dituzten datak zeintzuk diren eta maiatzeko bakarra larunbat honetan, maitzaren 20an, Abadiñon izango da. Ekainean bost emanaldi izango dituzte, Igorren 9an txosnetan, 10ean Ampostako (Herrialde Katalanak) Lo Riu Sona jaldian eta, sanjoanen bueltan, 23an Leioan izango dira, 24an Irungo Moskun eta 25ean Arrasaten. Uztailerako lau emanaldi izango dituztela kontatu digute, bata oraindik iragarri ezin den kontzertu bat izango dela aipatu dute, «berezia oso» taldearen hitzetan, eta besteak, uztailaren 1ean Vimianzoko Asalto ao Castelo jaialdian (Galizia), uztailaren 22an Vilanova i la Geltruko El Tingladu jaialdian (Herrialde Katalanak) eta 29an Ezkaraiko (Errioxa) Ezcafest jaialdian izango dira.