2023 MAI. 23 - 13:06h Ikerbasquen eta Oxforden ikerketa batek perovskita eguzki zelulen funtzionamendua argitu du Juan Luis Delgadok, POLYMATeko eta EHUko Ikerbasque ikertzaileak, nazioarteko elkarlan batean parte hartu du, duela gutxi ‘JACS’ aldizkari entzutetsuan argitaratutakoa. Ikerketa lanari esker, eguzki zelula efiziente eta egonkorren funtzionamendua argitu dute. Juan Luis Delgado ikerlaria. (UPV/EHU) NAIZ Juan Luis Delgadok, POLYMATeko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileekin batera, artikulu bat argitaratu du ‘Journal of the American Chemical Society’ (JACS) aldizkari entzutetsuan. Efizientzia handieneko eta egonkortasun hobetuko perovskita eguzki zelulen funtzionamendua azaltzen du artikuluak. Perovskita eguzki zelulek gaur egun merkaturatzen diren silizio kristalinozko zelulak ordezkatu litzakete; izan ere, abantailak dituzte ohiko siliziozko panelekin alderatuta, hala nola efizientzia handiagoa (% 25etik gorakoa) eta kostu txikiagoa. Perovskita zelulak «soluzio bidezko prozesamenduaren» bitartez egiten dira. Merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Merkaturatzeko eragozpen nagusia egonkortasuna da eta, hain zuzen ere arlo horretan zentratzen dira ikerketa zientifikoak; tartean, ‘JACS’ aldizkarian argitaratutakoa. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek burutu du ikerketa, Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaithek eta Ikerbasqueko Juan Luis Delgadok zuzenduta, efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki zelulak lortzeko azken belaunaldiko gehigarrien erabilerari buruzko informazioa emateko. 2019aren eta 2022aren artean, zenbait ikerketa taldek perovskita eguzki zelulak deskribatu dituzte gehigarri kopuru txiki bat (metilendiamonio dikloruroa) txertatzearen bidez efizientzia handikoak bilakatzen direnak. Horrela, momentura arte perovskita eguzki zeluletan inoiz lortutako den efizientziarik handiena lortu dute, % 25,7ko PCE. Lanean aztertu dute gehigarriak perovskita kristalen hazkundean jokatzen duen rola, eta ikusi dute gehigarri hori, denboran zehar, forma kimiko egonkorragoetan deskonposatzen dela, perovskitari egonkortasun handiagoa emanez. Emaitza oso garrantzitsuak dira, eta zuzeneko ondorioak izango dituzte etorkizunean, perovskita gailu fotovoltaiko egonkorrak eta efizientzia handikoak garatzeko orduan.