GAIAK

Omenaldia egin diote Mexikon Luiz Irizar sukaldariari urteak beteko zituen egunean

Sukaldaritzan maisuen maisu izan zen Luiz Irizar (Habana, 1930) omendu dute bere 93. urtebetetze egunean. Mexiko Hiriko Euskal Etxean egin diote gorazarrea 2021ean zendutako maisuari, ohorezko aurreskua ez ezik, mariatxiek abestutako ‘Las Mañanitas’ doinuarekin.

Luiz Irizarri omenaldia egin diote Mexiko Hiriko Euskal Etxean. (NAIZ)

Luiz Irizar gogoan izan dute Mexiko Hirian, 93 urte beteko zituen egunean. Sukaldaritzan maisuen maisutzat hartua, orain bi urte zendu zen Irizar eta, hura gogoan, Mexikoko hiriburuko Euskal Etxean bildu dira itsasoaren alde bietatik etorritako sukaldariak, Pablo San Roman Ekilore jatetxeko ugazabak deituta.

Omenaldira Euskal Herritik espresuki etorri da Jose Lizarreta Luis Irizar Eskolako irakaslea, eta berak hartu du zendutako maisuaren lekukoa Mexikon, Euskal Etxean elkartutako 250 sukaldaritza ikasleen aurrean. Goiz osoa eman du Lizarretak sukaldari gazteekin Euskal Sukaldaritza Berriaren izaera eta pentsamoldeak Mexikoko sukaldeetara zelan egokitu asmatzen.

Ez da bakarrik egon. Berekin izan ditu saio pedagogiko horretan San Roman bera, Mikel Alonso eta Iñaki Andradas, alde batean, eta Edgar Delgado, Jorge Corcega, Luis Enrique Mercado eta Paulina Moral, bestean. Lehengo laukoteak, Irizarrekin ikasi ondoren sorterria utzi zuen eta Mexikon dabil orain lanean. Mexikarrak dira beste lauak, hauek ere Irizarrekin ikasitakoak, eta euskal sukaldaritzaren dekalogoa etxera egokitzen ari direnak.

San Romanek azaldu bezala, erabatekoa izan zen Luiz Irizarrek Mexikorekin izan zuen lotura. Urtero izan zituen eskolan laupabost ikasle Mexikotik joandakoak eta, berton ziren euskal sukaldariek Sukalde elkartea sortu zutenean, bera hartu zuten ohorezko lehendakari. «Maisuak erakutsi zigun lehian ibili ordez hobe genuela sukaldariok elkarlanean jardun eta, nork bere bidea bakar-bakarrik egin beharrean, aberatsagoa zela guztiontzat munduari euskal sukaldaritzaren berri elkarrekin ematea», gogoratu du San Romanek. Horregatik guztiagatik, ez da harritzekoa izan omenaldian leku berezia izatea Abigail Mendoza sukaldari oaxakarrak. Irizar Donostian ezagutu zuen emakumeak, eta lagun handiak izan ziren biak.

Ekitaldiaren antolatzaileek aurreratu bezala, urtero-urtero, maiatzaren 30ean, Irizarren urtebetetze egunean alegia, omenaldia egingo diote Mexiko Hirian maisuen maisu izan zen sukaldariari.