2023 EKA. 01 - 00:00h Bormio eta Cortina d’Ampezzo: mendiek hitz egingo balute… Mendiak eta mendi bailarak gustuko badituzu, hautatu Alpeak eta Dolomitak. Izan oinez, bizikletan edo motorrean, joan Bormio eta Cortina d’Ampezzo herriak ezagutzera, Italian. Natura ingurune zoragarria da, paradisua kirol aktibitateak egiteko. Andoni URBISTONDO Euskal Herrian mendiak sobera ditugu, eta Pirinioetako lehen gailur garaiak ere esku-eskura. Baina ez daukagu Alpeen moduko mendikate handirik. Ezta Dolomitak bezalako eskualde dotorerik ere. Haiek bisitatzeak merezi du? Zalantzarik ez. Gertu ditugu, hegazkinez edo errepidez joan, eta aste pare bateko egonaldia txistu batean pasako zaigu hango paraje zoragarriekin. Bi herri, bi mendi gune, kokatzeko. Bormio, Lombardia eskualdean, Alpeetan, lehena. Cortina d’Ampezzo, bestea, Dolomitetako hiriburua, Veneto eskualdean. 5.000 biztanle inguruko herri txikiak dira biak, baina turismo gune indartsuak, ostalaritza zerbitzu onekin hornituak. Neguan eta udan bisitari oldea jasotzen dute. Neguan eski gune erraldoiak dituztelako gertu. Udan, eguzkiak mendi eta errepide bideak elurretik eta izotzetik libratzen dituenean, mendi edo bizikleta buelta ederrak eman daitezkeelako. Horregatik dira aproposak maiatz bukaera, eta ekaineko lehen hamabostaldia, ez dagoelako beste hilabete batzuetako jendetzarik. Hori bai, aintzat hartu han mendi eta mendate altuak daudela eta elurra edozein egunetan ager daitekeela. Bormio Alpeetan dago, eta Cortina Dolomitetan. Dolomitak Alpeetako mendigunea dira, baina Dolomitak eta Alpeak erabat ezberdinak dira. Bormio inguruko mendiak askoz garaiagoak dira. Ortles mendiak 3.905 metro ditu, eta Gran Zebru ezagunak (Konigspitze alemanez) 3.857 metro. Horiek igotzeko eskarmentu handia eduki behar da goi mendietan. Mendi handi horietara iristeko aukera ematen duten mendateak igotzeko, ez hainbeste. Hori bai, prestakuntza fisiko ona eduki behar da Passo dello Stelvio edo Passo Gavia ezagunak bizikletan igotzeko. Zikloturista ororen amets dira bi mendatetzar horiek. Amets, edo amesgaizto… 2.758 metro ditu Stelviok, 2.621 Gaviak, eta malda horietan idatzi dira Italiako Giroko istorio mitikoenetako batzuk. Malda horietan sufritu egiten dute profesionalek, madarikazio batean egin bidea zaletasunagatik igotzen direnek. 25 kilometroko mendateak dira, eta zaila da dozenaka tornante edo 180 graduko bihurgune itxietan penitentzia lortzea. Mendate pankarta ikustean bakarrik agertzen da, zintzurra busti eta mendate inguruko paisaia zurituekin. Zurituekin diogu, maiatzaren 25ean elurte latza bota zuelako Stelvion. Udaberri bukaeran oso presente eduki behar da eguraldi iragarpena, ezustekoak saiheste aldera. Esan beharrik ere ez, gorputzari astindu latza eman eta gero, jaitsiera luzea zero eta bost gradu arteko tenperaturarekin egin beharra ez dela broma kontua. Bormio leku ezin hobea da bi mendate horiek igotzeko, hoteletik bertatik ekiten baitzaio bi igoerei. Bizikletarik gabe joatea ez da arazo, Bormion bertan bizikleta onak alokatzen dituzten denda ugari baitago. Turismo leku aproposa ere bada Bormio. Stelvio eta Gavia autoan igo daitezke, urtero maiatz bukaeran irekitzen badituzte ere. Gavia bera maiatzaren 28an ireki zuten; adi egon behar da irekiera datekin. Mortirolo mitikoa ere Bormiotik 30 kilometro dago, eta haiek baino gertuago bi irteera interesgarri: Laghi di Cancano eta Livigno. Cancano lakurako igoera sigi-sagatsua ikusgarria da Torri di Fraele zaintza dorreetatik. 1391. urtean eraiki zituzten, 1.930 metrora, bailaratik etor zitezkeen inbasioak zaintzeko. Dorreetatik Livigno herriko bailara sumatzen da iparrerantz. Europan garaien dagoen herria da Livigno, 1.800 metro pasara, eta “Tibet txikia” moduan da ezaguna, bere edertasunagatik. Zerga sistema berezia du, eta jende asko erosketak merkeago egiteko asmoz joaten da bertara. Kirol talde profesionalek ere bertan egiten dituzte denboraldiaurreko prestakuntzak. Cortina, Dolomitetako behatoki Bormiotik Cortinara 200 kilometro pasatxo daude, baina bideak lauzpabost ordu kenduko dizkigu, Alpeak eta Dolomitak zeharkatu behar ditugulako. Stelvio igo behar da, Bolzano hiriko eskualde populatua zeharkatu, eta, ondoren, Val Gardena ikusgarritik, Gardena eta Valparola mendate dotoreak igo, biak bi mila metrotik gorakoak. Eguraldi onarekin bidaia bera plazer ikaragarria da, baina lainoa eta euria egokitzen badira, bidea nekosoa egiten da oso. Mirariak existitzen dira, baina, eta haizeak lainoak eta euria eraman ditu, justu Cortina d’Ampezzora iritsi baino kilometro batzuk lehenago. Han agertu da begi aurrean Dolomitetako erreinua, eta ongi etorria eman bisitariei: Cinque Torri mendi berezia, bere bost gailurrekin, Tofane di Mezzo ezaguna, Monte Pelmo, Cristallo, Soriapis eta Antelao, Cortinako bailara ederra inguratzen duten 3.000 metrotik gorako erpin eta orratz multzo ikusgarriak. Txoko hartara lehen aldiz hurbildu diren lagunak aho bete hortz geratu dira, hitzik esan ezinik. Mendiek hitz egingo balute, ez lukete hainbeste edertasun azaltzen asmatuko. Cortina marrazki bizidunetako tokia baita. Margotzaile bati bere ametsetako paisaia marrazteko eskatu eta nahieran mendiak, belazeak, zuhaitzak eta herrixkak jartzearen parekoa. Zoragarria hizki larrietan. Cortinak ñabardura bakarra du. Garestia da, Italia, Austria eta Alemaniako aberatsak erakartzen dituen tokia, eta poltsikoa ere kexuka sumatuko duzu txanponak neurrian erabiltzen ez badituzu. Cortinan nahieran ibil zaitezke oinez, Tre Cime di Lavaredoko edozein zirkuitutan, Cortina inguruko via ferrata-tan. Errazak daude, zailak, denetarik. Bizikletan edo motorrean inguruko aldapatzarrak igo ditzakezu: Falzarego, Giau, Tre Cime, Valparola, Pordoi, Sella, Val Gardena, Marmolada, San Pellegrino… Ehunka zikloturista eta motorzale ikusiko dituzu errepidean gora eta behera. Eta inolako ahalegin fisikorik egiteko gogorik gabe baldin bazoaz ere izanen duzu zer ikusi eta zer gozatu. Honatx hiru aukera: Braies lakua, Alpe di Siusi eta Italiako Giroa. Braies lakua Cortinatik 45 kilometrora dago (Pragser Wildsee alemanez), 1.500 metrora, eta Seekofel edo Croda del Becco mendiaren magalean (2.810 metro). Ikaragarri ederra da, ordenagailuak pizten direnean begi aurrean agertzen den argazki dotore horien parekoa, baina benetakoa. Merezi du maiatzean joatea, eta arratsean, bestelakoan jende oldea biltzen baita han. Alpe di Siusi da ezagutu beharreko beste txokoa, hau ere Cortinatik 70 bat kilometrora. 1.650 eta 2.300 metroen artean dagoen goi ordokia da, belaze orlegiz zipriztindua, eta hainbat mendi dotorek inguratzen dutena, zaindari: Sella mendiak (3.152 m.), Sassolungo, Catinaccio d’Antermoia (3.002 m.), Scillar… Gune babestua da, eta goizeko bederatzietatik arratseko bostetara ezin da autoz igo; oinez, bizikletan edo funikular batean egin behar da joan-etorria. Eta bien tarteko bat. Bizikleta gustuko baduzu, eta Dolomitak maiatzeko azken astean bisitatzen badituzu, Italiako Giroa gertu izango duzu. Proba horretan ziklista profesionalak zure pare sufritzen ikusiko dituzu Marmolada mendatearen moduko menditzarretan, eta egun-pasa bikainak egiteko aukera izango duzu txirrindularitza zalez inguratuta, horietako asko euskaldunak. Aukera bat edo beste izan, joan Dolomitetara. Lotuko zaituzte betirako.