GAIAK

Jokulsarlon, zuria eta urdina «on the rocks»


Jokulsarlon da, munduko glaziar aintzira politenetako bat. Nunatak deiturikoak, izotz artean ageriz; iparralde basati eta hotzaren parean harresi itxurako paretak dituzten glaziarrak; askatu ondoren eta itsasoraino arrastatuak izan aurretik urmaelean bizi diren icebergak...

Badira lehen begiratutik liluratzen gaituzten paisaiak. Maitemintze moduko hori are biziagoa da estetika liluragarriari indar kreatzailea batzen zaionean, dela gizakiak sortuta dela naturak eraginda. Eta bitxia baino bitxiagoa da bi sortze mota horiek era harmoniatsu eta basatian bat eginda gertatzen direnean. Gure aurrean agertzen denean, naturaren xarma bete-betea iruditzen zaigu. Alabaina, bere edertasun sinesgaitz hori, neurri handi batean, gizakiaren esku-hartzearen emaitza da.

Islandia hegoaldean, Skaftafell Parke Nazionalaz harago, glaziar aintzirak Ring Road-en beraren oinetan atseden hartzen du, Skeithararsandur-eko sedimentu beltzen ordoki izugarri handia zeharkatu ostean. Alde batean, itsasoa. Bestean, urrunean, izotzaren aurrealde boteretsu eta zuria. Eta erdian, ur zabalgune barea, dozenaka iceberg flotatzen daudela. Izotz-puskak, glaziarretik bereiziak, dantza geldi eta hautemanezinean jitoan daude, era anarkikoan. Jitoan dauden txalupak dirudite, denborak argiaren konpasean kulunkatuko balitu bezala.

Urmael baten jaiotza

Islandiarrek ez diete izen irudimentsurik jartzen beren elementu geografikoei. Hala, Jokulsarlon-ek "glaziar aintzira" esan nahi du. Breitharmerkurjokul ibai izoztuan du sorburua; ibai hori Vatnajokul glaziarraren hegoaldeko adarra da. Vatnajokul herrialdearen %8 estaltzen duen izotz-kasko edo kasko glaziarra da, eta lau puntu kardinaletara zabaltzen ditu besoak, olagarro bat balitz bezala.

Xabier Bañuelos

XX. mendeko 30eko hamarkadaren hondarrean, Breitharmerkurjokul-ek olatuetara isurtzen zuen zuzenean bere masa solido eta hotza. Orduz geroztik, ordea, glaziarrak ia hamar kilometro atzera egin eta egungo aintzira sortu du. Lurraren berotzeak eragiten du glaziarren atzeratzea eta horren beste adibide bat baino ez da Islandiako hau. Eta elementu geologikoek etorkizunean izango duten eboluzioaren arabera, gerta liteke gaur egun barnealdeko urmaela den hau badia bihurtzea.

Paradoxikoa dena da ingurumenean ondorio kezkagarria duen efektu hori paisajistikoki gertakizun txalogarria dela. Izan ere, eszenatoki irekia zoragarria da; bertaratzen garen aldiro harrituta uzten gaituen eszenatokia da, antzezleak berberak izan arren antzezpena beti desberdina delako. Egunak igaro ahala aldatzen da, eta askoz ere gehiago, urtaroak igarotzean.

Icebergen kopurua, tamaina eta formak aldatzen dira; batzuk, gazteenak, angelu eta profil lerrozuzenekoak dira; beste batzuek, elementuekin denbora luzean bakarrik bizi izan direnek, kurba leun eta sentsualak dituzte. 1.000 urte baino gehiagoko izotz blokeak dira; ur puruko izotza, trinkoa, gogorra, gardena eta dentsitate handikoa; puska txikitan zatituta highball edalontzian edatea gustuko dutenentzat gozamena izango litzateke.

Eta kromatismoa aldatzen da. Iceberg gehienak irmo ageri dira, albaz jantzirik, beren boterea gogoraraziz. Askok azala belztuta ageri dute, morrenek arrastatutako errauts bolkanikoengatik. Beste batzuek, beren jatorrizko oreka galdu eta alderantzikatuta daudenek, akuamarina eta turkesaren arteko milaka tonu dituzte, baita anila ere, urdin bizi eta garbia, beste mundu batekoa dirudiena.

Baina badira kolore gehiago. Hodei ilunen gris opakoak elur gainean erortzen; udako egun argitsu amaiezinetako urre koloreak dirdiran eguzkia etzatean; edo uharteko goraguneen horizontearen soslaia arrosaz tindatuta neguko egunsentietako argitasun herabean.

Urertzean pasieran gabiltza, gure hatzak dardararazten dituen ur izoztua laztanduz, eta inguruko muinoetara igotzen gara. Horietatik begizta dezakegu ikuskizuna bere dimentsio osoan, Artikoaren mugetako akuarelaren panoramika osoa. Baina, batik bat, nabigatzen gabiltza, gabarra itxura duen ibilgailu anfibio batean.

Eta aintziran sartu gara. Ispilu likidoa atera dugu kanal labirintikoen artean, albo banatan eskultura izoztu apetatsu bikainak daudela eta behin eta berriro nunatak-ak agertzen direla; horien artetik irmo agertzen da Hvannadalshnjukur-en irudi basatia, Islandiako gailur garaiena, 2.110 metrokoa.

Xabier BAÑUELOS
Urmaeletik hondartzara

Jokulsarlon-en berezitasunetako bat da ez dela aintzira itxia. Hegoaldeko urertzean kanal baten bitartez irekia dago, itsasoarekin komunikatuta; horra isurtzen ditu bere urak eta icebergak. Baina irekitako gune hori txikia da, estua eta sakonera gutxikoa, eta, hortaz, icebergak ezin dira bertatik igaro beren tamaina murriztu arte. Bost urteko itxaronaldia izan ohi da, batez beste. Behin icebergak bolumen egokia lortzen duenean, gatibualdiko bosturteko hori atzean utzi eta ozeanoko askatasunera ihes egiten du. Askok, ordea, ez dute helburua betetzea lortzen. Olatuek eta korronteek hondartzaraino arrastatzen dituzte eta bertan betiko geratzen dira.

Hori ere zorioneko gertakizuna da. Hondartzan abandonatuta, izotz puskak -batzuk tamaina handikoak oraindik-, azabatxe koloreko hondar gainean etzanda daude, mirari onirikoa osatuz. Ez, ez da zaila gure irudimena suspertu eta mitologiekin amets egitea. Eta, hala, adibidez, Loki ikusiko dugu, isilean Folkvangr jauregian sartzen, Freya jainkosari bere lepokoa lapurtzeko; Brisingamen lepokoa, ordea, ez da urrez eta jadez egina, gemaz baizik.

Ihesi doala, lepokoak esku artetik ihes egin dio eta Asgrad-etik hareatza honetaraino erori da; milaka zatitan hautsi eta diamantedun bolatxoak zoruan sakabanatuta geratu dira. Horien ingeradek, torneatuak batzuk izoztuak besteak, argian distira egiten dute; ezti koloreko distirak, zeruaren urdin argikoak eta albinoak. Oin azpian dugun zorua itzultzeko desegiten diren diamantez betetako hondartza da.

Diotenez, Lokik foka bihurtuta ostu zuen lepokoa. Akaso, oraindik hemen egongo da, pinipedio koloniako partaide bihurtuta, aintziraren bazterretan umatzen, ehizatzen eta atseden hartzen. Eta ez dira horiek bertan ikusiko ditugun animalia bakarrak. Izan ere, udan etorriz gero, tentuz ibili beharko dugu bertako atun-txorien erasoa ekiditeko. Zoruan hazten dituzte kumeak eta horiengana apropos edo nahi gabe gehiegi hurbiltzen bagara, gure aurka etorriko dira, zalantzarik egin gabe.

Antzekoa gertatzen da marikaka hegaztiekin. Horiek, gainera, handiagoak eta erasokorragoak dira eta mokokada bortitzagoa dute. Daphne du Maurier-ek kostalde hau bisitatuko ote zuen Hitchcock-ek zinemara eraman zuen "Txoriak" eleberria idatzi aurretik? Ez dakigu, baina baliteke hala izatea.

Hegaztiak kumeak hazten lasai utzi eta paisaiara itzuliko gara. Gutxi gorabehera hemendik ordubetera dagoen Hofn-era abiatu aurretik, inguratzen gaituen edertasuna behatuko dugu berriz, zur eta lur. Naturak artea imitatzen badu, gaur aire libreko paisaia inpresionistaz mozkortzera gonbidatzen gaitu. Artea bada natura imitatzen duena, ez zaio faltako ez inspirazio ez ametsik espatula edo zizela sartzeko. Ez gaitu harritzen ere Lara Croft, Beowulf, Batman eta, birritan, James Bond bera bertatik igaro izanak.

Xabier Bañuelos

“Die Another Day” filmatzeko kanala itxi zuten, ur gazia sartu eta aintzira izoztu ez zedin. Bertan izan zuten pertsekuzio eroa Brosnan-en Aston Martin Vanquish-ak eta Rick Yune-ren Kaguar XKR-ak. Baina gatozen errealitatera, amaiera ederra eskatzen baitu, joan den mende hasierako turista ingeles sibaritak imitatuz, zeintzuek beren likore botila hartuta glaziarren oinetara iritsi eta whisky on the rocks perfektua hartzen zuten.