2023 EKA. 06 - 13:55h Gazteen %77a bideojokoen zale da eta egunero ia lau ordu ematen du jolasten bataz beste Gazteen %77ak bideojokoen zaleak direla argitu du inkesta batek. Horien artean, erdiak baino gehiagok egunero jolasten dute bideojokoetan eta heren batek gutxienez astean behin. Orotara, batez beste 3,7 ordu igarotzen dituzte bideokontsolaren aurrean. Gaztea Super Mario Bross Galaxy 2 bideojokoan jolasten (Jon Hernaez | Argazki Press) NAIZ Ikerketa baten arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen hiru laurden bideojoko zaleak dira eta astean ia lau ordu ematen dituzte horretan. Espainiako Estatu mailan burutu dute ikerketa eta 1.513 gaztek parte hartu dute Interneten bidez gauzatutako inkestan. Inkestatuen erdia baino gehiagok (%57,4) egunero jolasten du eta herenak gutxienez astean behin. Bideojokoen ohituretan sakonduz, neska eta mutilen arteko ohitura desberdinak nabaritzen dira; mutilek bideojokoetan gehiago jolasten dute neskekin alderaturik. Adinean ere desberdintasunak daude; nahiz eta aldea oso nabaria ez izan, 25-29 adin tarteko gazteek 15-19 artekoak denbora gehiago ematen dute bideokontsolarekin. Jolasten hasteko batez besteko adina 9,8 urtekoa da. Gazte gehienek bideojokoetan jolasten dute bere eguneroko bizimodutik deskonektatzeko, hamarretik seik hain zuzen ere. Honezaz gain, lagunak egiteko ere bide bezala erabiltzen dituztela aitortu dute zenbait gaztek. Erantzuna eman duten mutilen artean, ia erdiak pentsatzen du bideojokoak beraientzat bideratuta daudela (%44,4) eta gainerako aisialdi ekintzak baino hobeagoak direla (%43,8). Gainera, heren batek pentsatzen du osasun mentalerako onuragarriak direla eta kultur jarduna bezala aintzat hartu beharko liratekeela. Antsietatea eta frustrazioa Hala ere, joko hauek desabantailak dituztela ere aitortzen dute inkestatuek. Gazteen artean, %42,2ak jolastean antsietatea eta frustrazioa askotan sentitzen dutela adierazi dute eta ia erdiak aitortu du irainak jasan dituztela jolasten duten bitartean. Gainera, neska gehienek uste dute eduki sexista ugari azaltzen direla eta emakumezko pertsonaiak orokorrean hipersexualizatuta azaltzen direla. Horretaz gain, nabaria da mundu digitaleko eduki sortzaileek gazteengan duten eragina. Inkestatu gehienek aitortu dute bideojokoetan aritzen diren eduki sortzaileen iritzia kontuan hartzen dutela bideojokoak erosteko orduan. Gainera, bideojokoetan aritzen diren gazte askok aisialdi ekintza hau bere etorkizuneko lanbide bezala ikusten dute; hain zuzen ere, inkestatuen %36,5ak.