Liher talde donostiarrak ireki du aurtengo edizioa, ostegunean. (Raul BOGAJO | FOKU) Os mutantes brasildarrek hartu dute lehenengoz oholtza nagusia, jaialdira ukitu tropikalak ekarriz. (Raul BOGAJO | FOKU) Sekulako erakustaldia eskaini du Steve Earlek: kantu klasikoak akustikoan eskaini ditu. (Raul BOGAJO | FOKU) 40 urte betetzen dira Barricada taldeak bideari ekin zionetik eta, horren harira, taldearen arrakasta handienei errepasoa eman die Enrique Villarreal El Drogasek. (Raul BOGAJO | FOKU) Rancid kartelburuak punk kaliforniarraren purutasun guztia jarri dute oholtza gainean. (Raul BOGAJO | FOKU) Ostiralarekin, Andramari Zuriaren plazaraino iritsi da Azkena Rock, The Fuzillis taldeari esker. (Raul BOGAJO | FOKU) Pasadena gasteiztarren magnetismoak hartu du Azkena bigarren egunean. (Raul BOGAJO | FOKU) S8nt Electrik talde oso gaztea izan arren, Briana Carbajal frontwoman oso potentea dela argi geratu da. (Raul BOGAJO | FOKU) The Cleopatrasek festa eta erokeria giroa ekarri dute Trashville oholtzara. (Raul BOGAJO | FOKU) Earthless hirukoa ulertzea ez da batere erraza izan. Abesti oso luzea edo inprobisatzen ari ote ziren asmatu ezinik ibili da publikoa. (Raul BOGAJO | FOKU) The Pretenders izan da ostiraleko kartelburuetako bat: Rock lasaia eskaini du Crissie Hyndek gidatutako laukoteak, haren ahotsaren edertasuna baliatuz. (Raul BOGAJO | FOKU) Incubus kartelburuek itxi dute ostirala: ikuskizun ederra eskaini dute. (Raul BOGAJO | FOKU) Ana Popovic abeslari eta gitarra-jotzaile serbiarrak dena dantzagarri egin zuen: rythm and bluesa topera lehen konpasetik. (Raul BOGAJO | FOKU) Lucinda Williamsek bukaerarako utzi zuten ‘People Rockin' in the free world’ Neil Youngen abestia, eta jendea goian zela agurtu zuen publikoa. (Raul BOGAJO | FOKU) Lehoi orroak entzun eta Iggy Pop oholtzara. Zazpi musikari zirkulu erdiko forman atzekaldean eta oholtza osoa beretzat zeukan abeslari amerikarrak. (Raul BOGAJO | FOKU) 2023 EKA. 17 - 02:50h Calexico eta The Guapos taldeen erakustaldia Azkena Rock Festivaleko bigarren egunean Bones of Minerva laukoteak indarrez ekin zion bitartean, Pasadena talde gasteiztarrak harrera goxoa egin zien bertaratuei. The Cordovas, S8nt Elektric edota The Guapos bezalako taldeek dotore eutsi zioten arratsaldeko giroari, harik eta The Pretenders, Calexico eta Incubusek gaua lehertu zuten arte. Pasadena talde gasteiztarrak agur esango du irailean Jimmy Jazzen eskainiko duen kontzertuan. (Raul BOGAJO) Iker Gurrutxaga Ordua baino lehenago hasi zen Bones of Minerva taldea, nahiz eta bezperan baino dezentez jende gutxiago zegoen hasieran Mendizabalako aparkaleku erraldoian. Bones of Minerva taldea, lau emakume oholtzan, gazteak eta metal astuna eginaz. Ahots guturala eta melodikoa nahastuz Eustaquia Rodriguez abeslaria izan zen taldearen pisua gainean hartu zuena. Tempo erdiko abestiak izan ziren asko, tartean azken diskoko ‘Cuna’. Hasiera indartsua izan zuen, beraz, atzokoak Gasteizen, nahiz eta bezperan bizitakoarekin sentsazioa apalagoa izan. Anfitrioi perfektua Horri buelta emateko, Pasadena taldea hasi zen ordu erdi beranduago, sarreratik pasatzen zen ia pertsona oro beren kontzertura erakarriz. Horrek akaso zerikusirik izango zuen, baina beren musikak badu berezko magnetismo hori. ‘Sima’ kantua hasteko, sima hotza baino infernuko zulora bideratzeko moduan ziren arren gasteiztarrak, sekulako beroa egiten baitzuen haiek hasi zirenean. ‘Itzuli’ sentikorra jo zuten segidan eta baita ‘Izpia’ diskoko ‘Zerua ireki’ ere. Libe Garcia de Cortazar oinutsik zegoen oholtza gainean, betiko moduan, eta belusezko soineko urdin bat zeraman, eta Jon Basagurenen alkondeko urdina ere tonu berekoa zen. Taldeak batasuna duela, enpastea, argi geratu zen atzokoan, bakoitzak bere tokia eta protagonismoa dituen arren, horretarako isiltasunekin ere bikain jokatzen du Pasadena taldeak. ‘Bihotz taupada eta labana’ kantuaren hondarrean, instrumental luze bat jo dute eta bai haiek oholtzan zien entzuleak trantze moduko batean sartu ziren. Libe orkestra zuzendari lanetan ikusi genuen, introak ez baitira errazak eta ziur eta batera sartu behar izarten da halakoetan, ‘Goibela arnasten dute’ horren adibide. «Guay egon da baina dena bezala bukatu egingo da, fucking life» esan du Jon Basagurenek. ‘Hutsune’ kantuarekin bukatu zuten eta hori, hutsune bat utzi zuten, aurretik bakoitzari bere barruan bete ziotena. Azken trakarako gitarra elektrikoa ere zintzilikatu zuen Basagurenek. Ez da gitarra-jotzaile birtuosoena izango, baina sekulako gustua du jotzen eta hori nekezagoa izaten da askotan. Irailean gelditu egingo dira, ez dakigu betirako edo ez, baina aurreratu ziguten Jimmy Jazzen izango dela taldea agurtzeko unea. Era berean Libek bere proiektua landu du azken hilabeteotan eta datorren urteari begira disko berria etorriko dela ere esan zigun atzokoan. Dezibelioak eta festa giroa gora Slash! mitikoaren semearen banda igo zen oholtzara segidan, S8nt Electrik, eta slashen semea taldeko gitarra liderra ez den arren, bateria-jotzaile ona dela esan dezakegu. Briana Carbajal frontwoman oso potentea dela argi geratu zitzaigun, talde oso gaztea den arren. Belaunaldien arteko transmisioaren erakusle izan ziren, hard rocka eskaintzen izan zirelako kontzertuak iraun zuen ordubete eskasean. Segidan, The Cordovas, hegoaldeko rock gozoa, Estatu Batuetako zonalde hartako sustraietan sortutako musika eskainiz. Instrumentu bakoitzaren oreka aipagarria izan zen, baita beren burua entzuteko ‘in ear’ sistemarik ez zutela erabili ere, ez da oso ohikoa halako talde handietan. ‘I'm the one who needs you tonight’ kantu lasaia eskaini zuten hasieratan. Azkar samar erritmoa kantu jazzero batekin igo zuten, lau instrumentu-jotzaileak inprobisatzen ikusi ahal izan genituen minutu batzuetan eta kantu dantzagarririk ere jo zuten pasarte batzuetan. Talde borobila inondik ere, kide bakoitzak sekulako gaitasuna duela argi erakutsi baitzuten. Bukaera aldera, ‘El cuarto de Tula’, Buenavista Social Club talde mitikoaren abesti bat ere bertsionatu zuten. Bitartean, Trashvillen bestelako giro bat zegoen, festa nagusi eta erokeria nabarmenagoa zen bertan. Los Tiki Phantoms horren errudun nagusi izan ziren une batez, eta, atzetik, jarraipena eman zieten The Cleopatras eta The Reverend Peyton's Big Damn Band taldeek. Garagardoa eta izerdia litroka eta jendea ilara egiten, karpetan sartu ezinik. Earthless hirukoa ulertzea ez zen batere erraza izan. Abesti oso luzea edo inprobisatzen ari ote ziren bereiztea ez zen oso erreza izan. Bitxikeria bat ere eman zen, ‘ Good night Bilbao’ esan zuen unean. Ohikoa omen, Loiuko aireportuan hartzen baitute lurra Azkena Rockera datozen artista askok. Eguneko sorpresa The Guapos taldea oholtza txikian zegoen kokatuta, baina ikusmina agerikoa zen, ziurrenik Leiva bateria jotzen izango zela bazekitelako bertaratuek. Zuriz jantzita igo ziren lau taldekideak, kantu batzuetarako parte hartzen zuen teklatu-jotzailea, berriz, beltzez. Eta teknikariak tenislari erropekin, horiz jantzita, 80etan baleude bezala. Estetika instrumentuen kableetaraino zegoen zaindua, zuriak eta kiribilduak ziren guztiak. Rock argentinarraren eta 60etakoaren eragina oso nabarmena da, baina rock & rolla jorratzen duen super taldea bezala aurkeztu behar dira, ibilbide luzeko musikariak batu baitira bertan. Atzora arte ez zuten apenas kanturik publikatu eta, berek esanda bezala, diskoa atera duten egunean aurkeztu zuten osorik Gasteizen. Egunerokotasuneko kontuak letretan, batez ere maitasuna eta sexua bezalako gaiak, kantuen estetikari eta garaiari jarraika. Errepika itsaskorrak protagonista, jendea abestuz erraz jarri zutelarik nahiz eta kantuak ezagutu ez. Yeye ukitudun kanturen bat ere bai. Spanglisha erabili zuten konplexurik gabe eta b aladaren bat ere entzun zuten bertaratuek. Ordubete interesgarria eskaini zuten, helduenak asko gaztetu, hori izan baitzen inguruko komentario orokorra. Calexico kartel buru izendatu gabea The Pretenders eta Incubus ziren ostiraleko kartelburu izendatu zituztenak. The Pretenders taldeak Bizeten ‘Carmen’ famatua izan zuen abiapuntua, introa eta taldea atzetik sartu baitzen. Rock lasaia eskaini zuten Crissie Hyndek gidatutako laukoteak, haren ahotsaren edertasuna baliatuz. Kantuak bikain, baina publikoa hotz samar egon zen kontzertuan. Frontwonan garrantzitsua izan da gaurdaino gainera Hynde, eta izaten jarraituko du, forman egoten jarraitzen baitu. Klasikoak errepasatu baina disko berrikoak ere jo zituzten. Klasikoen artean, ‘Time the avenger’, 1983ko ‘Learning to Crawl’ diskokoa eta hiru urte beranduagoko ‘Don't get me wrong’ er bai, ‘Get close’ diskoko abestia. Eta, nola ez, ‘Stand by you’, 1994ko ‘Last of the Independents’ albumekoa. Kontua da atzetik Calexico taldeak hartu zuela bigarren oholtza eta haiekin bai, haiekin festa lehertu zela. Jendea dantzarako gogoz zegoen nabarmen, eta aldakak mugitzen pasa zuen askok kontzertu hura, hasi eta buka. «Kaixo Gasteiz we are Calexico from Tucson, Arizona. Ready for cumbia?» galdegin eta ‘Cumbia del polvo’, beren disko berrienetik, ‘El Mirador’ lanetik, ateratako abestia jo zuten. Rock doinuak jarraian, hegoaldeko musikaren erakusle. Baian mugako musika egiten dute, mexikar eragin nabarmena duten abesti mariachientzako tartea egon zen. Tronpetek sekulako distira zuten eta jendea oso pozik. Euskal Herrian maite ditugu halako generoak eta horietatik mugitzen da ‘Pepita’, ‘Feast of wire’ diskoko kantua. Multi instrumentalistak dira taldekide gehienak eta horrek ere xarma berezia ematen dio Calexicori. «We love the Basque Country, we have big friends and there are big musicians», goraipatu zituen euskal musikariak Joey Burns taldeko abeslariak. ‘Falling from the sky’ erdi tempoko kantuaren ostean, ‘New night sea’, diskotik kanpoko abestia estreinatu zuten, marimba eta guzti. Segidan bolero bat, ‘Inspiración’, 2006ko ‘Carrried to dust’ diskotik ateratakoa eta Jacob Valenzuelak abestua. Beranduxeago etorri zen ‘Black heart‘, tempo geldoko kantua ‘Feast of Wire’ diskotik hautatua, trip hopetik edaten duen kantua da eta Portisheaden eragina oso agerikoa. Orokorrean Calexicoren kontzertu bat Tarantinoren soinu banda bat izan zitekeen. Beste cumbia bat entzun zen segidan, ‘Flores y tamales’ eta publikoa goian jarri zuten, bueltan, eskertzako txalo zaparrada itzela jasoz. ‘Not even Stevie Nicks’, Fletwood Maceko abeslaria izan zuten gogoan. Joy Division taldearen ‘Love will tear us apart’ kantuaren moldaketa ere egin zuten. Baina handik gutxira dantza berriz ere cumbia batekin eman zien jarraopena, ‘Cumbia de donde’ kantuarekin, 2015eko ‘Edge of the sun’ diskokoa. Teklatu jotzailearen kasua ere bitxia zen, teklatua eta baxua jotzen baitzituen kantuaren arabera, baita akordeoia ere. Baina teklatua jotzerakoan, hark eramaten zuen baxua, teklatuari zuku asko ateraz. 1960etako los Angelesko kantu bat zela eta Love taldearen ‘Alone again or’ eskaini zuten, garai bereko Dick Dale musikariaren ‘Miserlou’ aski ezaguna ekartzen zuena gogora hainbat pasartetan. Jay de la Cueva The Guapos taldekoa igo zen bukaeran cumbia bat jotzera, eta tartean Manu Chaoren ‘Desaparecido’ jo zuten, ‘medley’ moduan. Baita Buenavista Social Cluben ‘El cuarto de Tula’ ere, ordu batzuk lehenago The Cordovasek ere jo zutena. Incubus eta etxera Incubusen txanda iritsi zen gauerdia pasa ostean. Baxu linearekin hasi zuten kontzertua, halako aurkezpen moduko bat birarako fitxatu duten Nicole Rowrentzat. Emakume gaztea izanagatik, 1991n sortua Incubus bezala, Panic! At The Disco bezalako taldeetan ibilia da. Eta, dena hatzekin jotzen du, hori bada nabarmentzekoa. 2020ko kantu batekin, ‘Karma come back’ abestiarekin hasi zuten emanaldia. Indartsua zen halaber argi diseinua ere, oholtza propio atondu zuten panel handi, argi osagarri eta abarrekin. Kontzertu handi baten irudia em‘an zuen lehen taldea izan zen Incubus. ‘Anna Molly’ klasikoa jo ostean, ‘Just a phase’ kantuarekin tempoa jaitsi, platerekin jolas itzela egin zuen DJ Kylmorek. Jendea piztu egin zen ‘Nice to know you’ kantuarekin eta Brandon Boydek eskertu egin zituen publikoaren ahotsak eta berekin abestea. ‘The Warmth’ 1999koa eta 2001eko ‘Echo’ izan ziren segidan, atzetik The Beatles taldearen ‘Come Together’ moldatzeko. ‘Sick sad little world’ 2004ko abesti dibertigarria jo zuten gero eta The Doors taldearen ‘Riders on the storm’ kantuarekin medley bat egin zuten ‘Are you in’ kantuan. Beranduago, gauza bera egin zuten Pink Floyden ‘Wish you where here’ famatuarekin, beren izen bereko kantuan txertatuz. ‘Pardon me’ kantuarekin jendea berriz piztu zen, baina neke nabaritzen zen dagoeneko. Gauzak horrela, ‘Drive’ mitikoarekin esan zuten agur. Eta baita guk ere, naiz eta Gwar taldearen ikuskizun ederra eta The Soundtracks Of Our Lifes taldearen elkarketa galdu. Indarrak gorde behar ziren hirugarren egunerako, Lucinda Williams, Ana Popovic, Ezpalak, Brigade Loco edota Iggy Pop izango baitira 23. Azkena Rock Festivaleko azken egunean.