GAIAK

Irisarri agurtuko du aurten EHZ jaialdiak

Bost urtez Irisarri izan da EHZ jaialdiaren egoitza eta, antolakuntzatik iragarri dutenez, ekainaren 30ean abiatuko den 27. edizioa izango da bertan egingo duten azkena. «Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZk segituko duela», ziurtatu dute.

EHZren 27. edizioko kartela. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

EHZ festibala 2019an iritsi zen Irisarrira, azalberritze baten nahiari segika. Bost urteotan –lau edizio, 2020koa bertan behera geratu baitzen pandemiaren ondotik– Nafarroa Behereko herri hau izan du egoitza jaialdiak baina, antolakuntzatik iragarri dutenez, ekainaren 30ean abiatuko den 27. edizioa izango da bertan egiten den azkena.

«2019an, ehunka galtzagorrik Irisarriko eskola zaharrari bizi berri bat eman zioten. Abentura ezezaguna zen talde gaztearentzat: hainbat belaunaldiren lekukoa harturik, Irisarrira iritsi ziren EHZri geltoki bat eskaintzeko, Baigura lekuko», ekarri dute gogora. 2020ko etenaren ondotik, 2021ean jaialdia «arnasgune» bilakatu eta jaialdiaren sostengu diren laguntzaileak ugaritzeaz batera lekuko aldaketa etorri zela ere nabarmendu dute: «Irisarrik eta irisartarrek EHZren lekukoa aldatzea eta festibala egonkortzea ahalbidetu digute. Goxoki hartu gintuzten eta konfiantza egin zioten 2019an hurbildu zitzaien gazte talde hasiberriari», egin dute eskertza. EHZk Irisarriko «pentzea, plaza eta bazterrak kulturaz bete» dituela eta aztarna hori utzita geltokiz aldatzeko unera iritsi dela iragarri dute.

«Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZk segituko duela. 1996an abiatu zen bidaia bat da EHZ, edonondik heldu den edonorentzat euskararen munduan barneratzeko bidaia bat: Arrosatik Irisarrira, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornen barna», ekarri dute gogora.

Urteotan, festibalaren sortzaileen seme-alabak laguntzaile izatera nola igaro diren ikusi dutela ere aipatu dute, belaunaldi aldaketan begia jarriz, eta EHZren hurrengo geltokia zein izango den laguntzaile horiek erabakiko dutela jakinarazi dute: «EHZ etengabe azalberritzen da: gaur eta biharko belaunaldiek, elkarlanean, esperientziak eta koloreak elkar korapilaturik, EHZren Herensugea xingola berriekin janzten segi dezatela».

27. edizioa hastear

EHZren 27. edizioa ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean ospatuko da, Irisarrin. Muntaketan «atzoko, gaurko eta biharko» laguntzaileek parte hartu dutela eta eskertuta agertu dira antolatzaileak: «Eskertu nahi genituzke ostegunetik egunero Euskal Herriko xoko guztietatik muntaketarat hurbildu diren ehunka laguntzaileak. Zapore berezia duten eskukaldiak ere uka ditugu. Haiei esker eta hiru egunez aurtengo Herensugea gorpuztuko duten 500 laguntzaileei esker ospatuko da ahanztezina izanen den aurtengo edizioa».