2023 UZT. 06 - 06:05h Txinak funtzionamendu betean du, dagoeneko, Tiangong estazio espaziala Tiangong -Zeruko Jauregia- Txinako espazio estazioa funtzionamendu betean ari da maiatzean hiru taikonauta berri iritsi zirenetik. Jauzi handia da urte gutxitan potentzia espazial bihurtu den Txinarentzat, berak bakarrik eraiki duelako. Tiangong estazioaren irudia. (EUROPA PRESS) NAIZ Hiru taikonauta (Txinako astronautak) iritsi ziren maiatzaren 30ean Tiangong estazio espazialera. Hara heldutako lehenengoak ziren estazio hau erabat bukatuta egon ondoren. Estazioa bi urtean eraiki dute eta hamar urtez lan egiteko diseinatuta dago, 15 urtera iritsi badaiteke ere. Shenzhou-16 espazio ontzi txinatarra, sei ordu eta erdiko bidaia baten ondoren, estazio espazialera egokitu zen. Han, zain zeuden Sehnzhou-15eko beste hiru taikonauta, Tiangongen eraikuntza 2022ko bukaeran amaitu zutenak. Egun batzuetan seiak elkarrekin bizi izan ziren, aurreko erreleboetan gertatu den eta hurrengoan errepikatuko den moduan. Lehenengo taikonauta zibila Tripulazio berriko hiru gizonak bost hilabetez egongo dira Tiangong estazioan, garapen fasea aurrera eramateko. Jing Haipeng beteranoak lau misioko eskarmentua du dagoeneko. Beste biak, Zhu Yangzgu eta Gui Haitxao, taikonauta berriak dira. Hirurak dira Alderdi Komunistako kideak, baina Gui, 37 urteko irakaslea, Askapenerako Herri Armadako kidea ez den lehenengo taikonauta da. Txinako espazio programaren arduradunen arabera, berrikuntza horren arrazoia Tiangong estazioaren fase berriaren eskaerei aurre egitea da. Izan ere, hemendik aurrera zientzia esperimentu ugari egingo dituzte bertan. Jingek 57 urte ditu, eta Txinak entrenatu zuen lehen astronauta taldeko kidea da. Laugarren misioa izango du orain hasi dena, eta, horrenbestez, orain arte esperientzia handiena izan duen astronauta txinatarra izango da. Horregatik berak gidatuko du taldea. Espaziora atera baino lehen azaldu zuenez, «sasoirik onena mantentzeko eta edozein momentutan misio espazial bat egiteko prest egoteko», egunero 600 flexio, 600 eserialdi eta mila sokasalto dituen entrenamendua jarraitzen du, eta «ia inoiz ez» du atsedenik hartzen, asteburuak barne. Nahiz eta Lurretik kanpo esperientzia luzea izan, Jingek espaziora itzultzeko gogo handia zuela adierazi zuen. Zhu, 37 urtekoa, 2005ean sartu zen Txinako Armadan, eta unibertsitateko irakasle aritu da aeronautikako fakultate batean. «Azken bi urteetan, unibertsitateko irakasle arrunta izatetik 'gudari hegalari' izatera igaro naiz, eta hori lorpen bat da nire ibilbidean», esan zuen Yangek, bere «aberri handiagatik» harrotasuna adierazita. Guik, bere aldetik, adierazi zuen beti egin zuela amets bere ikerketa zientifikoa espaziora eramatearekin, eta ez zuela zalantzarik izan aukera suertatu zenean bere burua aurkezteko. Horrela, bi hasiberrien eta komandantearen arteko adin aldea 20 urtekoa da, baina Jingek adierazi zuen alde hori ez dela arazo izan entrenamenduan. Jing komandanteak eta Zhuk maniobrak eta ontziaren kudeaketa eta esperimentu zientifikoak egingo dituzte. Gui, berriz, karga erabilgarri esperimentalen arduraduna izango da. Bi urteko eraikuntza Shenzhou-16 Tiangongera joan den zazpigarren ontzia da, aurretik estazioa moduluz modulu osatzen joan direnen ondoren. 2021eko apirilean hasi zen eraikuntza, Txinak Tianhe erdiko modulua orbitan jarri zuenean. Ondoren, Shenzhou-12, Shenzhou-13, Shenzhou-14 eta Shenzhou-15 misioek jarraitu zuten lana urte eta erdiz. Shenzhou programak mugarria izan da Txinaren garapen espazialean. 1992an abiatu zuten, Gobernuak lehentasuna eman zienean espazio hegaldi tripulatuei. Garai hartan, gainera, Txina ez zen gaur egungo munduko potentzia eta bere BPG gaur egungoaren %7 baino ez zen. 2021eko uztailean, estazioa eraikitzeko taikonauten lanak, telebista irudietan (EUROPA PRESS) Eta harro daude egindako bideaz, beraiek bakarrik egin dutelako. Huang Weifen programaren buruaren arabera, Txinak berezko ezaugarriak ditu espazioaren esplorazioan, nahiz eta Errusia eta AEBak arlo horretan potentziak diren eta «haiengandik ikastea merezi» duen. «Herrialde bakarra gara, Errusiarekin batera, modu independentean estazio espaziala izan duena; guk geuk entrenatu ditugu astronautak eta geure espazio ontziak erabili ditugu». Izan ere, Errusia aitzindaria izan zen estazio espazialen garapenean, Mir orbitan jarrita. Eta abian dagoen Nazioarteko Estazio Espaziala (ISS) hainbat herrialderen arteko proiektu amankomuna da. Hala ere, Txinaren bakarkako garapen hau nolabait behartua izan da. Izan ere, betoa jarri zioten AEBek Nazioarteko Estazioan parte hartzeko, espazio programak lotura militarrak dituelakoan. AEBetako lege batek espresuki debekatzen du espazio arduradun txinatarrekiko elkarlana. Tiangong estazioak hiru modulu ditu -erdikoa, Tianhe, eta Wentian eta Mengtian laborategiak-. Bakoitzak, gutxi gorabehera, 22 tonako pisua du. Elkartuta T letrako itxura dute eta 390 kilometroko altuerako orbitan daude. Ingelesez CSS izenaz ere ezagutzen da (Chines Space Station) eta Mir sobietarraren antzeko neurria du; ISS baino askoz txikiagoa, alegia. Oraindik ere egitura hau zabal daiteke beste hiru modulurekin eta Txinaren espazio programaren arduradunen arabera, baliteke atzerriak ere parte hartzea. «Urduri eta irrikaz nago Txinaren espazio estazioan atzerriko astronautak misioetan parte hartzen ikusteko», adierazi zuen Lin Xikiangek, espazio hegaldi habitatuen Txinako agentziako arduradunak (CMSA, ingelesezko sigletan). Elkarlana bada dagoeneko beste proiektu batzuetan Europako Espazio Agentziarekin eta Kanpoko Espaziorako Gaietarako NBEaren Bulegoarekin. Elkarlan hori ezinbestekoa izan daiteke etorkizunean Lurreko orbitan lan egiteko. Izan ere, Nazioarteko Estazio Espazialaren amaiera 2030erako aurreikusi da, baina lehenago iritsi daiteke Errusiarekiko gatazka larriagotzen bada. Kasu horretan Txinakoa espazio estazio bakarra izango litzateke. Esperimentuak Datozen hamar urteotan Tiangongen arituko diren taikonautek ikerketak eta espazioan esperimentuak egingo dituzte. Landareak landatzea, arrainak haztea, grabitate txikian fluidoen portaera, animalien eta begetalen zelulen ikerketak izan daitezke horietako batzuk. Bestelako lanak ere egingo dituzte. Adibidez, orain arteko erloju atomiko zehatzena izan daitekeena instalatzea edo Xuntian teleskopioa ezartzea. Xuntianek (Zeruetako gurutzaontzia) unibertsoa hainbat uhin-luzeratan aztertzeko balioko du, espektro ikusgarritik hasi eta infragorri urruneraino; hainbat fenomeno esploratu ahal izango dira -hala nola, izarren eraketa, galaxien bilakaera eta bizitza izan dezaketen exoplaneten detekzioa-, orbitan duen posizioari esker, muga atmosferiko eta Lurraren interferentzietatik libre. Esperimentuen artean, Hong Kongeko ikertzaile talde batena dago. Rhizobium izeneko bakterio edafikoa (Lurrekoa) bidali dute. Helburua soja-hazkuntza garatzea da, andui berrien mutazio genetikotik abiatuta. Rhizobium generoko bakterioek landare batzuekin sinbiosi berezia izateko ahalmena dute eta, horren bitartez, nitrogenoa lurrean finkatzen dute. Modu horretan materia organikoa sortzen dute soja-uztarako ongarri natural gisa. Espazioko inguruan Rhizobium laginen aldaketak ikertuko dituzte zientifikoek, gatzari, eguzkiari edo lehorteari hobeto aurre egingo dieten barietateak aurkitzeko. Sojan nitrogenoa finkatzeko eraginkortasun handiagoa ere bilatuko dute. Ikertzaileek espero dute bakterio horiek erabiliz ongarri kimiko nitrogenodunen erabilera murriztu ahal izango dela, lurraren egoera hobetzeko eta ingurumena zaintzeko. Bakterioa hiru taikonautak baino bi aste lehenago iritsi zen Tiangong estaziora, Tianzhou-6 zamaontzian. Espazioan esperientzia handitu Bestelako helburuak ere bete beharko dituzte estazioko misioek. Txinak espazio hegaldi habitatuetan esperientzia handitzea espero baitu; batez ere, tripulazioen errotazioari, okupazio iraunkorrari eta, ikerketekin batera, mantentze lanei dagokienez. Helburua garrantzitsua bada ere, horrek ez du esan nahi izugarrizko egonaldi luzeak izango direnik. Shenzhou-12 ontzia, Jiuquan satelite jaurtiketa zentrotik ateratzen (EUROPA PRESS) Izan ere, Txina arlo horretan beste espazio potentzien atzetik doa. Azken hamarkadetan izugarrizko jauzia egin arren, lehen gizakia espaziora 2003an bidali zuen. Sobietarrek eta estatubatuarrek 1961ean egin zuten. Baina esparru batzuetan aurrea hartzeko prest dago eta dagoeneko Marten jarri du jomuga. Epe luzera, Txinak 2030. urtea baino lehen lehendabiziko ilargiratzea egiteko asmoa du azterketa zientifikoak egiteko, Lin Xikiagek azaldu zuenez. Pekinek dagoeneko milaka milioi euro inbertitu ditu bere espazio programan. 2019an Ilargiko alde ezkutuan Chang'e 4 aparailua jarri zuen. Historian alde ilun horretan gizakiak bere aztarna uzten zuen lehenengo aldia izan zen. 2020an Ilargiaren laginak ekarri zituen Lurrera eta Beidu satelite bidezko nabigazio sistema bukatu zuen. Urtebete geroago, Marteko azalean jarri zuen robot txiki bat eta, horrela «marteratu» zen munduko hirugarren herrialde bihurtu zen, AEBen eta SESBen ondoren. ERRUSIAK JARRAITUKO DU ISS-N, GATAZKA GEOPOLITIKOAK GORA BEHERA Gatazka geopolitikoak okertzen badira, Tiangong izan daiteke espazioan izango den estazio bakarra. Izan ere, Ukrainako gerraren ondorioz Errusiak hainbat aldiz ohartarazi zuen ISSn elkarlana bertan behera utziko zuela. Errusiaren parte hartzea ezinbestekoa da Nazioarteko Estazioa martxan jarraitzeko, bere esku baitaude ISS orbitan mantentzeko behar diren motorrak. Horiek gabe ez dago modurik ibilbideak zuzentzeko eta Lurrera eroriko litzateke. Halaber, ISSra materiala eta astronautak eramateko Soyuz ontzi errusiarrak baino ez dira erabiltzen. Dagoeneko urteetako elkarlana eta egitasmo ugari bertan behera gelditu dira Errusiaren eta Europaren eta AEBen arteko loturak apurtu ondoren; horien artean, Marte elkarrekin esploratzeko Europako Espazio Agentziaren proiektua. Ukrainako gerra hasi zenean ISSko elkarlana bertan behera geratuko zela zirudien. Nazioarteko estazioak 2030ean bukatu behar du bere misioa, baina elkarlana 2024an bukatzeko arriskua zegoen. Hori esan zuen Dmitri Rogozin Roscosmos agentziako orduko buruak. Astronauta errusiarrak ISS uzten eta estazioa Lurrera erortzen erakusten zituen bideo bat ere grabatu zuten Mendebaldeko herrialdeak ohartarazteko. Baina gerra eta harremanak okertu diren arren, Errusiak ISSren erabilera luzatzea onartu zuen apirilean. Gutxienez, 2028. urtera arte, Yuri Borisov Roscosmos agentziako buru berriak esan zuenez. Azken bi urteotan estazioko errusiarren moduluan erreformak egin dituzte haren bizitza luzatu ahal izateko. «Nazioarteko beharrak ditugu; aldebakartasunez apurtzea ez litzateke ona izango guretzat. Garapen teknologikotik eta nazioarteko elkarlanetik gure burua isolatzen laguntzea tontakeria izango litzateke», azaldu zuen. Errusiak ISSn jarraituko du, beraz; gutxienez, errusiarren plataforma berria abian jarri arte. ROSS (Russian Orbital Service Station) izeneko espazio estazio berria eraikitzeko erabiliko ditu datozen hamarkadetako baliabideak. Zhang Lu taikonauta agurtzen, Shenzhou espazio ontzitik atera ondoren, Barruko Mongolian lurreratu eta gero, ekainaren 4an. Zhang Tiangong estazioaren eraikuntza bukatu zuen tripulazioko kidea zen (EUROPA PRESS) Gainera, NASA estazioetarako eredu berezia prestatzen ari da eta jada zenbait enpresa talde handirekin hitzarmenak sinatu ditu, proiektu pribatuak eraikitzeko. AEBetako agentzia espaziala horien bezeroa baino ez da izango, eta hori izango da eredua Ilargian eta beste planetetan ere. Momentuz, Space X Cargo Dragon, Northrop Grumman enpresaren Cygnus, Lockheed Martin-en Orion edo Boeing-en Starliner dira enpresa horiek. Baina epe luzerako egitasmoak dira eta, eraiki baino lehen, Txinakoa dagoeneko orbitan dago, funtzionamendu betean. MAOREN DEIALDITIK MARTERA Txina berandu iritsi zen espazioko lasterketara, baina abian jarri denean, abiadura itzela hartu du. Milaka milioi euro inbertitu ditu AEBen, Errusiaren eta Europaren mailara iristeko esplorazioan, ikerketan eta sateliteen jaurtiketan, eta Xi Jinpingen presidentetzaren pean egitasmoak ugaritu egin dira. 1956an, SESBek Sputnik, gizakiak eraikitako lehenengo makina, Lurreko orbitan jarri zuenean, Mao Ze Dongek txinatarrei deialdia luzatu zien: «Guk ere sateliteak egingo ditugu». 1956-10-08: Txinak misilak eta suziriak ikertzeko lehen zentroa ireki zuen, “5. Institutua” izenekoa, Qian Xueshenek, espazio programaren bultzatzaileetako batek, zuzendua. 1964-7-19: Anhuiko ekialdeko probintziatik arratoi albinoak garraiatzen zituen suziri bat jaurti zuten espaziora. 1970-04-24: Txina satelite bat orbitan jarri zuen munduko bosgarren herrialde bihurtu zen, DFH-1, “Martxa Luzea” suziriak bultzatua eta esperimentu zientifikoetara bideratua. Izena, berez, Dongfanghong-1 zen (Ekialde Gorria), Mao goraipatzen duen olerki baten izenburua. 1975-11-26: Hiru egun geroago Lurrera itzuliko zen lehen satelite berreskuragarria jaurti zuten. Hori lortu zuen munduko hirugarren herrialdea da Txina. 1988-09-07: Txinak lehen satelite meteorologikoa, FY-1A, orbitan jarri zuen. 1990-04-07: “Martxa Luzea” suziriak, AsiaSat-1 komunikazio satelite txinatarra barruan zuela, jaurtiketa komertzialen hasiera markatu zuen. 1992: Txinako Gobernuak tripulatutako espazio hegaldiak iragarri zituen lehentasunezko helburu gisa, eta espazio ontzietarako “Shenzhou” (Jainkoaren ontzia) izena ezarri zuen. 1999-11-20: Shenzhou-1 espaziora jaurti zuten, esperimentala: 21 orduko hegaldia egin zuen eta 14 itzuli eman zizkion Lurrari. 2003-10-15: Shenzhou-5, Txinako historiako lehen ontzi tripulatua, espaziora abiatu zen eta bertako astronauta, Yang Liwei, Txinako programa espazialaren legendan sartu zen. Txina da berak egindako ontzi batekin pertsona bat espaziora bidali zuen hirugarren herrialdea. 2007-05-14: Txinak Nigeriarentzako komunikazio satelite bat arrakastaz jaurti zuen, Afrikan mota honetako lehena; atzerriko erosle batek Txinako satelite bat eta haren jaurtiketa zerbitzua aldi berean eskuratu zituen lehen aldia zen. 2007-08-13: Txinak aitortu zuen bere lehen espazio ontzi tripulatua, Shenzhou-5, Lurraren aurka jotzeko zorian egon zela 2003an, misiotik itzuli zenean. 2011: Tiangong-1 jarri zuten orbitan. Modulu espazial txiki hori taikonautak entrenatzeko eta ikerketa medikuak egiteko erabili zen. 2016. urtean bukatu zuen bere lana. 2012-06-16: Shenzhou-9 tripulazio ontzia jaurti zuten, hiru astronautarekin. Horien artean, Liu Yang, herrialdeko lehen emakume taikonauta. 2013-06-11: Shenzhou-10 aireratu zen hiru taikonautarekin; tartean, Wang Yaping, espaziora bidaiatu zuen bigarren emakume txinatarra. 2013-12-14: Ilargira iritsi zen “Jadezko untxia” izeneko robota, batez ere argazkiak egiteko. Matxura baten ondoren, berraktibatu egin zuten eta 31 hilabetez ibili zen Ilargian. 2015-12-17: Txinako lehen teleskopio espaziala -Materia Ilunezko Partikulen Esploratzailea- arrakastaz jaurti zuten espaziora. 2016-09-15: Txinak orbitan jarri zuen bere bigarren espazio laborategia, Tiangong-2 (“Zeruko Jauregia”, mandarinez), estazio iraunkor bat ezartzeko erabakigarria. 2016-11-03: Txinak suziri propultsatzaile berri bat jaurti zuen espaziora, “CZ-5 Martxa Luzea”, orain arteko handiena. 2017-04-20: Tianzhou-1 kargaontzia zeraman “Martxa Luzea-7 Y2” suziria arrakastaz jaurti zuten. Ezinbestekoa izan zen estazio espaziala eraikitzeko. 2019-01-03: Chang'e 4 zunda arrakastaz ilargiratu zen alde ezkutuan. 2020-06-23: Txinak bere nabigazio sistema propioa osatu zuen, Beidou, AEBetako GPSarekin lehiatu nahi duena. 2020-07-23: Tripulatu gabeko zunda bat jaurti zuten Martera, mota honetako lehen misioa. 2020-11-24: Chang'e 5 zundak Ilargirako bidaia hasi zuen, satelitearen gainazaleko materialak biltzeko helburuarekin. 2020ko abenduaren 1ean lortu zuen Ilargira iristea, eta hamabost egun geroago itzuli zen. 2021-04-29: Txinak Tianhe jaurti zuen, Tiangong estazio espazialaren modulu nagusia. 2021-05-15: Asiako erraldoia Martera iristen hirugarren herrialde bihurtu zen, planeta horretan robot txiki bat jarrita; Ameriketako Estatu Batuek eta desagertutako Sobietar Batasunak gauza bera egin eta hamarkada batzuetara, hain zuzen ere. 2021-06-17: Shenzhou-12 espazio ontzia jaurti zuten, hiru hilabete espazio estazioan lanean pasatu zituzten hiru astronautarekin. 2021-10-16: Shenzhou-13 ontzia arrakastaz aireratu zen, espazioan sei hilabetez egon ziren hiru taikonautarekin (taikonauten espazio iraupenaren errekorra, alegia). 2022-1-5: Txinak Ilargiaren esplorazio programaren laugarren fasea iragarri zuen, datorren hamarkadan satelitearen hego poloan esplorazio zientifikorako base bat eraikitzea barne. 2022-6-5: Shenzhou-14 jaurti zuten, hiru taikonautarekin, eta estazioa eraikitzen jarraitu zuten. 2022-11-1: Mengtian laborategiak, Tiangong osatzeko azken moduluak, arrakastaz bat egin zuen gainerako azpiegiturarekin. 2022-11-29: Shenzhou-15 ontziak hiru taikonauta garraiatu zituen estazio espazialera, haren eraikuntza osatzeko helburuarekin. 2023-05-30: Shenzhou-16 espazio ontziak Txinako espazio estaziorako bidaia egin zuen, eta Tiangongen eraikuntza amaitu zutenetik bertara iritsitako lehen tripulatzaileak eraman zituen. 2030: Txinak taikonautak Ilargira bidaltzeko eta han beste estazio bat eraikitzeko asmoa du. Geroago Martera joateko aukera ere aipatu dute zientifiko txinatarrek.