2023 UZT. 13 - 19:00h Euskal Encounter topaketaren 31. edizioa, uztailaren 22tik 25era BECen Euskal Encounter topaketaren 31. edizioan 150 jarduera baino gehiago izango dira uztailaren 22tik 25ra Barakaldoko BEC eraikinean. «Hitzordu nagusi» honetan lau egunetan zehar komunitate digitaleko kideek elkartzeko aukera izango dute. Euskal Encounter 31. topaketa uztailaren 22tik 25ra ospatuko da BECen. (Aritz Loiola | Foku) NAIZ Euskal Encounter topaketaren 31. edizioa uztailaren 22tik 25era ospatuko da Barakaldoko BECen. Euskal Herriko eta Estatuko komunitate digitala biltzeko «hitzordu nagusia» da topaketa hau. Bertan era askotako 150 jarduera baino gehiago antolatu dituzte, horien artean, tailerrak, hitzaldiak eta lehiaketak. 31. edizio hau ere hainbat sekziotan banatuko da, gune desberdinetan: besteak beste, sormen digitala, hardware, software askea edo jokoak. Horretaz gain, streaming txokoa estreinatuko dela jakinarazi dute, gehienbat eduki sortzaileei bideratuta egongo dena. «Streaming-a mundu digitalean hedapen handia duen sektorea da», adierazi dute antolatzaileek. Horretaz gain, lehiaketa ugari ere antolatu dituzte; horien artean, sormen digitaleko lehiaketak, bideojoko txapelketak edo software askeko lehiaketak. Azkeneko honetan antolatzaileek momentuan proposatuko erronkei helduko diete parte-hartzaileek. Cosplay lehiaketak ere izango dira komunitate digitalaren topaketan; hain zuzen ere, uztailaren 22an arratsaldean ‘Runway’ eta ‘Contest’ izeneko lehiaketak izango dira. «Horietan, lehiakideek euren trebetasun eta estiloa erakutsiko dute manga, anime, bideojoko eta telesaileko pertsonaia mitikoen janzkera sortu eta haien antzera desfilatzeko garaian», azaldu dute antolatzaileek. Aurten ere ‘Opengune’ txokoa egongo da Euskal Encounterren. Bertan, parte-hartzaileez gain, publiko orokorrak ere gerturatzeko aukera izango du. Eremu horretan informatikaren sektoreko enpresek bere produktuak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. «Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak gune bat izango du, parte-hartzaile eta bisitari solidarioenen lankidetza bilatzeko», adierazi dute.