Telefono mugikorren «arkeologia» 2023 UZT. 16 - 07:30h Nagore Belastegi Gure eguneroko bizitzan ezinbesteko bilakatu da telefono mugikorra eta hori gabe bizitzea nolakoa zen imajinatu beharrik ez dugu, gutako askok garai hura bizi izan genuen-eta, nahiz eta oroitzea zaila zaigun. Egun, ia denok daramagu gainean telefono mugikor bat, telefonoa baino ordenagailu txiki bat dena, baita gure argazki-kamera eta kontaktuen agenda ere. Bizitza asko erraztu digu sakelako telefonoak, baina lehen dena askoz sinpleagoa zen. Ez genuen Whatsapparen beharrik lagunekin gelditzeko; aurreko egunean adostutako orduan eta lekuan agertzen ginen, eta kito. Edo bestela etxeko telefono finkora deitzen genuen, hitz egiteko, baina behin etxetik aterata, ez genuen bestearekin harremanetan jartzeko aukerarik. Garraio publikoan edo itxarongeletan ondokoarekin hitz egiten genuen, edo liburu zein aldizkari zaharrak irakurri. Asko jota, walkman edo discmanean musika entzuten genuen modernoenek, halako batean Messengerraren garaian lehen mugikorra gure etxean sartu zen arte. Telefono mugikorra gauza arrunta bilakatu aurretik, noski, zientzia arloan erabiltzen zuten jada, baina gainerakoontzat guztiz ezezaguna zen. Izan ere, telefono mugikorren sorrera Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin lotzen da. Hala ere, 1973ra arte itxaron behar izan genuen Motorolak bi kilo pisatzen zuen lehen telefono mugikorra sortzerako. DynaTAC 8000x izan zen eros zitekeen lehen eskuko telefonoa, hamar urte geroago. Ordutik telefono asko atera dira merkatura, teknologia berriek bultzatuta askotan, baina kontsumismoak eta gailurik berriena eskuratu nahi izateak bultzatuta gehienbat. Bakoitzak izan dituen telefonoak oroituko ditu, nostalgiaz batzuetan, baina badaude irudimen kolektiboan ikoniko bilakatu diren batzuk. MOTOROLA DYNATAC 8000X (1983) Oso handia, pisutsua eta garestia zen, baina konpainiak historiako lehen dei harigabea egitea lortu zuen eta horrek prestigioa eman zion. Hasierako dei horietako bat Alexander Graham Bell-en -telefonoaren asmatzailea- bilobari egin zioten, sinbolo gisa. Bere bateriak ordubetez telefonoz hitz egitea ahalbidetzen zuen, baina horretarako 10 orduz kargatu behar zen aurretik. Hiru urte geroago Motorola 4500x jaio zen, are handiagoa eta pisutsuagoa zen gailua. Autoan eramateko pentsatua zegoen arren, bileretara eramateko aproposa ere bazen. Gainean eramateko, ordea, ez. NOKIA MOBIRA CITYMAN (1987) ‘Adreilua’ ezizenez ezaguna, sekulako telefono handia zen, baina garairako ez zegoen gaizki. Exekutiboek erabiltzen zuten gailua zen, eta sona hartu zuen Mikhail Gorbatxovek, Sobietar Batasuneko presidente ohiak, Helsinkitik Moskura deitu zuelako behin harekin. MOTOROLA STARTAC (1996) Txirla bat bezala guztiz ixten zen lehen telefonoa izan zen. Era berean, bibrazio bidezko abisuak erabiltzen hasi zen lehena ere izan zen. Garairako arina eta txikia zen (94 gramo), baina anterarekin kontu handiz ibili behar zen ez apurtzeko. SMS mezuak bidaltzea ahalbidetu zuen lehen gailua ere izan zen, hasi berria zen teknologia. Bitxikeria gisa, ‘X Files’ telesaileko protagonistek, Mulder eta Scully agenteek, telefono hau erabiltzen zuten. ALCATEL ONE TOUCH EASY (1997) Kolore bizi askotan atera zuten, publiko gaztea erakarri nahian. Bateria eskasa zuen arren, pilak jartzea posible zen. Hori izan zen etxe askotan sartu zen lehen telefono mugikorra. Orduan nerabe zirenen artean zabaldu zen eta denbora hartan hasi zen jende arrunta telefono mugikorra erabiltzen. Kargatuta, saldoa ez gastatzeko dei galduak egiten zituzten askok, gurasoei abisatzeko leku batera iritsi zirela edo lagunei adierazteko haietaz gogoratzen zirela. Mezuak bidali behar baziren, ahalik eta gutxien idazteko, hitzak laburtzen zituzten gazteek, egun irakurgaitza izango litzatekeen hizkuntza propio bat sortuz. NOKIA 3310 (2000) Agian, zerrendako telefonorik ikonikoena. Bere aurrekaria 3210 modeloa izan zen, eta haren arrakastari jarraituz sortu zen 3310, gazte zein helduen artean sekulako harrera izan zuena. Honek Snake jolasa zuen -lehen aldiz 5110 gailuan erabilia-, beste hirurekin batera. Antena telefonoaren barruan integratua zeraman; beraz, ez zegoen apurtzeko arriskurik. Koloretako karkasa pila bat zituen, gustuen arabera aldatu ahal izateko. Inoiz existitu den telefonorik iraunkorrena den ospea du eta ‘suntsiezina’ ezizena jaso zuen. Gogorra zen; ez zen erraz apurtzen kolpe gogorrak jaso arren, eta bateriak luze irauten zuen. Garai hartan hasi ziren nota soilez osatutako ‘politono’ delakoak erabiltzen, baita pixelekin egindako irudiak pantailan jartzen ere. 2017an telefono honen edizio berri bat kaleratu zuten (kamera zuen eta koloretako pantaila), baina oso merkea izan arren, ez zuen arrakastarik izan. Nostalgikoentzat aproposa izan daiteke, hala ere, eta oraindik salgai dago. ERICSSON T68M (2001) Bluetooth teknologia zuen lehen telefonoa izan zen; teknologia hori Ericssonek garatu zuen 1994an, eta behingoz telefonoetan erabili ahal izan zuen. Koloretako pantaila ere bazuen, eta gailua benetan txikia zen. Merkaturatu eta gutxira, enpresak Sonyrekin bat egin zuen eta hurrengo urtean telefono modelo hau berriro sortu zuten Sony Ericsson T86i izenpean. Kolorea aldatu zioten, baina ezaugarri berak zituen. Telefono honek ez zuen kamerarik, baina enpresak irtenbide bat bilatu zuen: Communicam izeneko gailu bat atera zuen, telefonora konektatzen zena eta argazkiak ateratzea ahalbidetzen zuena. BLACKBERRY 6210 (2003) Lehen BlackBerrya, 850 modeloa, 1999an sortu bazen ere, e-mailak bidaltzea ahalbidetzen zuen bilagailu (busca) bat besterik ez zen. 6210arekin iritsi zen iraultza, teklatu osoa zuen lehena baitzen. Ordura arte botoi bakoitzak zenbaki bat eta hiru letra zituen, eta bakoitza zenbat aldiz sakatu behar zen kalkulatu behar zen zeozer idazteko garaian. Adibidez, «kaixo» 55244499666 sakatuta idazten zen. Baina BlackBerryarekin idazketa erratu egiten zen. E-mailaren, egutegiaren zein kontaktu agendaren funtzioak hobetu zituen, eta exekutiboen telefono kuttuna bilakatu zen horregatik. MOTOROLA RAZR V3 (2004) Uneko telefonorik fin eta arinena zen, aluminioz eta nikelez egina. Dotorea zen, eta estetikak berebiziko garrantzia zuen garaian horrek pisu handia zuen. Pop kulturan badu bere txokoa, Beyonceren bideoklipetan, ‘How I met your mother’ telesailean eta ‘Devil wears Prada’ filmean agertu zelako. IPHONE 1 (2007) Apple konpainiaren lehen telefonoa izan zen. Gainerako konpainiek baino beranduago eman zituen sektore honetan lehen pausoak, baina horrek ez zion prestigiorik kendu eta egun iPhone berriak aurkezten direnean zaleak zain egoten dira ahalik eta lasterren erosi ahal izateko, garestiak diren arren. HTC DREAM (2008) Apple-k IOS sistema eragilearen aldeko apustua egin zuen eta horri aurre egiteko sortu zuen Android Googlek. HTC Dream telefonoa izan zen Android 1.0 sistema zeraman lehena. Horri esker, telefono mugikorretan Interneten erabilera demokratizatu egin zen, teknologia erraztuz eta merkatuz. BlackBerryak zuen arrakastari helduz, alde batetik ateratzen zen teklatu osoa zeraman, baina hura gordetzean bost botoi besterik ez ziren gelditzen bistan. SAMSUNG GALAXY NOTE (2011) Ordura arte konpainien nahia zen telefono txikiak eta arinak egitea, ahalik eta aukera gehien eskainiz. Baina Samsung korearrak lehen phablet-a atera zuen, alegia, telefono eta tabletaren arteko fusioa; tablet txikia edo telefono handia. Askorentzat ez zen erosoa halako telefono handia erabiltzea, baina laster erakutsi zuten tabletek eskaintzen duten guztia poltsikoan eramatea baliagarria zela eta, egun, konpainia gehienek jarraitzen duten eredua da. Galaxy Note delakoak S Pen deituriko ‘arkatza’ zuen pantailarekin erabiltzeko, behatzarekin baino errazago aritzeko. Telefono honek oso harrera ona izan zuen azkenean, eta hainbat bertsio berri atera izan dituzte ordutik. SAMSUNG Z FLIP 5 (2023KO UDA) Azken urteetan merkatu txinatarrean marka berri eta merkeak sortu dira, lehiakortasuna areagotuz. Hori dela eta, etengabe ateratzen dira telefono berriak, baina ez dute berritasun aipagarririk. Z Flip familiak, berriz, badu zer kontatu. Izan ere, pantaila tolesgarria duen gailua da. Horri esker, zabalik dagoenean kalitate handiko pantaila txukuna du, baina erditik tolestu eta bere tamaina murriztea posible da. Ez zen pantaila tolesgarria erabili zuen lehena, baina bai teknologia hori hobetu zuena. Flip 5 modeloa jada ekoizten hasi dira eta gutxi barru salgai egotea espero da, baina oraindik ez dute data zehatzik iragarri.