2023 UZT. 18 - 16:39h BegIA, itsumena sor dezaketen begien gaixotasunak antzematen dituen aplikazioa Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) bi ikaslek BegIA izeneko aplikazioa sortu dute. Mugikorreko aplikazioak argazki batekin hauteman dezake erabiltzaileek glaukoma, begi-lausoa edo erretinopatia diabetikoa duten. Honako hauek itsumena sorrarazten duten hiru gaixotasun ohikoenak dira. BegIA-k hauteman dezake erabiltzaileek glaukoma, begi-lausoa edo erretinopatia diabetikoa duten (Jun | Gettyimages) NAIZ Begien gaixotasunak antzematen dituen aplikazioa sortu dute Iñigo Garcia Atutxa fisikoak eta Francisca Villanueva biokimikak. BegIA izena du eta ikerlariek sortutako algoritmoaren bitartez «selfie» bat ateratzen duen pertsonak glaukoma, begi-lausoa edo erretinopatia diabetikoa duen jakin dezake. Aplikazioak aurrerapen handia suposatuko du, itsumena sorraraz dezaketen gaixotasun horiek goizago hautemateko aukera ematen duelako. Munduko Osasun Erakundeak (OME) jakinarazi du 2.200 milioi pertsonek itsumena edo ikusmen urritasuna dutela eta, erdiak diagnostiko goiztiar baten bitartez ekidin ahal zirela adierazi du. Hori dela eta BegIA sortzea erabaki zutela adierazi dute ikerlariek. Gainera, familian ere horrelako kasu bat eman zela adierazi du Garcia Atutxak: «BegIA esperientzia pertsonal bat dela eta sortu genuen. Bigarren mailako diabetesa zuen familiako kide batek ikusmena nabarmenki galdu zuen eta azkenean ezin zuen ez gidatu, ezta irakurri ere» jakinarazi du. Familiako kideak erretinopatia diabetikoa zutela eta diagnostiko goiztiarraren bitartez hobetu ahal zela adierazi dute. Horrelako gaixotasunak goiz antzemateko oftalmologoak zenbait erreminta izatea beharrezkoa denez, Villanuevaren arabera, herri txikietan edo garatzeko bidean dauden herrialdeetan horretarako «zailtasun nabariak» dituzte. Hori dela eta, BegIAren bitartez, prozesua «erraztea» eta «guztiontzat eskuragarri izatea» bilatzen dutela adierazi dute. Gainera, argazkia atera duen pertsonak begietako gaixotasuna duela antzematen badu, aplikazioak gertuen duen oftalmologoarenera bideratuko duela adierazi dute ikerlariek. Horretaz gain, mugikorreko aplikazioaren bitartez medikuak erabiltzailearen gaixotasunaren jarraipena izan dezakeela adieraz dute BegIA-ren sortzaileek, pazienteak hainbeste alditan medikuarenera gerturatzea ekiditeko. BegIA aplikazioarekin ‘SpincOUC-eko 2023ko Eragin Sozialerako Ramon Molinas Saria’ irabazi dute. Unibertsitateak BegIA-k kalitatezko osasuna mundu guztian bermatzeko dakarren aurrerapena azpimarratu du. Garcia Atutxak eta Villanuevak adierazi dute bi urtetan merkatura atera dezaketela aplikazioa. Hala ere, oraindik «hobetzeko bidean» dagoela adierazi dute. Aplikazioaren eraginkortasuna frogatzeko erabili dituzten irudiak hiru gaixotasun horiek zituzten pertsonen argazkiak ziren, algoritmoak horiek hauteman ahal izateko. «Zenbat eta irudi gehiago lortu, orduan eta sendoagoa izango da gure algoritmoa», nabarmendu dute ikerlariek. Horretarako, hainbat ospitale eta diabetesa duten pertsonen elkarteekin kontaktuan jarri direla adierazi dute, algoritmoa «frogatzen jarraitzeko».