2023 UZT. 23 - 18:47h «Adimen artifiziala ez da gure laguna», ohartarazi dute adituek Euskal Encounterren «Adimen artifiziala ez da gure laguna» ohartarazi dute egunotan Barakaldoko BECen Euskal Encounterrean elkartutako hainbat adituek. Tresna honen potentzialtasuna aztertu eta tentuz erabiltzea aholkatu dute. Ikusgarriak dira oso Euskal Encounterren ikus daitezkeen ‘tuneatutako’ ordenagailuak. (EUSKAL ENCOUNTER) NAIZ Bilbo Euskal Encouterren aurtengo hitzordu teknologiko handiak 30 tailer eta hitzaldi hartzen ditu, hainbat gairen inguruan: segurtasun informatikoa, gauzen interneta, metabertsoa, bideojokoen sorkuntza eta konputazio kuantikoa, besteak beste.Aitor Prado Seoanek, Query Lawyer-eko abokatuak, adimen artifizialak sortutako lanen gaineko eskubideei buruzko auziari heldu dio, eta adimen artifizialak kazetari, abokatu, diseinatzaile, argazkilari eta ilustratzaileengan duen eraginari buruz hausnartu du. Era berean, adierazi du enplegu-aukera berriak sortzen ari direla, adimen artifizialaren gainbegiraleak esaterako, algoritmoetan eta funtzionamendu-ereduetan alborapenak eta desorekak saihesteko.Creativitic-eko Jorge R. Lopez Benitok gehitu duenez, adimen artifizialaren agerpenak errealitate birtualean eta errealitate areagotuan murgilduta zeuden teknologiei falta zitzaien bultzada ekarri die, eta horrek metabertsoaren garapena zenbait urtez aurreratzea ahalbidetuko du.Euskaltel Fundazioa arduratzen da Euskal Encounter antolatzeaz, eta Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Bizkaiko Aldundiak, BBK bankuak eta Euskaltelek babesten dute. Gainera, telekomunikazioen euskal taldeak Interneterako sarbidea ematen die partaideei, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.«Adimen artifiziala ez da gure laguna» adierazi du EuskalHack elkarteko Sergio Blázquez Lópezek Euskal Encounterren, eta aurreikusi du tresna horren erabilera gero eta eremu gehiagotan eta are bizkorrago zabalduko dela, beste hainbat adituk ere aditzera eman duten bezala. Euskal hitzordu teknologikoan bildutako hizlariek ere bat egin dute adimen artifiziala gizakiek gainbegiratzeko beharraren inguruan, eta teknologia horrekiko interakzio guztietan zuhurtasunez aritzea gomendatu diete erabiltzaileei: «Ez dezagun ahaztu programen atzean enpresak daudela, eta haiei emandako datuak erabili ditzaketela euren interesen araberako iradokizunak egiteko», erantsi du Blazquezek.EuskalHackeko adituak nabarmendu du gaur egun enpresa asko adimen artifizialeko txatak erabiltzen ari direla bezeroekin interakzioan aritzeko, eta elkarrizketa horiek berrikustea aholkatu die konpainiei: «Nik ez nuke Adimen Artifizial bat urte oso batez bakarrik utziko, inolako giza kontrolik gabe, bezeroekin hitz egiten eta elkarrizketa horietatik ikasten».«Adimen artifiziala geratzeko iritsi da» Aitor Prado Seoanek, Query Lawyer-eko abokatua eta jabetza intelektualean eta industrialean aditua denak, adimen artifizialak sortutako obren gaineko eskubideen auziari heldu dio. Eztabaida horren inguruan esateke asko dago, adimen artifizialek ezin baitute jabetza intelektualeko eskubiderik izan, baina, aldi berean, sorkuntza oro ez litzatekeelako murrizketarik gabe erabili behar.Gainera, Aitor Pradok adimen artifizialak hainbat lanbidetan (kazetariak, abokatuak, diseinatzaileak, argazkilariak eta ilustratzaileak, besteak beste) duen eraginari buruzko hausnarketa egin du. Inpaktua ukaezina dela onartu duen arren, ziurtatu du lan-prozesu asko erraztuko dituela, baina sorkuntzen ‘kalitate’ onena gizakien eskutik etorriko dela, «neurrira egindako soineko bat seriean egindako bat baino hobea den bezala». Era berean, gaineratu du dagoeneko enplegu-aukera berriak sortzen ari direla, adimen artifizialaren gainbegiraleak esaterako, algoritmoetan eta funtzionamendu-ereduetan ager daitezkeen alborapenak eta desorekak saihesteko. Adituak plataforma ezagun baten adibidea jarri du: «Pertsona arrakastatsuaren irudia sortzeko eskaeraren aurrean, gizon trajedun bat irudikatzen du beti. Hori zuzendu egin beharko genuke, adimen artifizial arduratsua sortu nahi badugu». Metabertsoarekin bueltaka Euskal Encounterreko beste hizlari batek, Creativitic-eko Jorge R. López Benitok, adimen artifizialaren eta metabertsoaren arteko lankidetza aztertu du. Hitzaldian adierazi duenez, ChatGPT, Midjourney edo Stable Difussion bezalako tresnek metabertsoaren garapen- eta definizio-prozesua azkartzen ari dira, errealitate birtualean eta errealitate areagotuan murgiltzen ari ziren teknologiei falta zitzaien bultzada izan baitira. Adituaren ustez, orain milioika sortzaile sar daitezke denbora errealean 3D edukiak eta esperientziak lantzeko lanetan, modu errazean, milaka milioi erabiltzailerentzat: «Duela gutxi metabertsoa garatzeko 20 bat urte beharko zirela esan bagenuen, Adimen Artifizialaren eztandari esker, urte gutxi batzuez ari gara orain».Asteburu osoan zehar, Opengune, jendearentzat irekitako eremua, bisitari-kopuru oso handia jasotzen ari dela aipatu dute antolatzaileek. Enpresa teknologikoen standez gain, hezkuntza-jarduerak eta orotariko pertsonaiak aurki daitezke gunean zehar; esaterako, Star Wars-eko pertsonaiak, 501 Legioaren eskutik, eta baita anime eta bideojoko munduetakoak ere.Euskaltel Fundazioa Euskal Encounter antolatzeaz arduratzen da. Babesleak Eusko Jaurlaritza da (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel dira. Telekomunikazioen euskal taldeak ematen die partaideei Interneterako sarbidea, segundoko 60 gigabiteko abiadurarekin.