2023 UZT. 27 - 06:00h Aita Donostia: Euskaldun unibertsala, artista totala Aita Donostiaren obra hobeto ezagutzeko aukera izan zen atzo Donostian. Josu Okiñenaren hitzaldia eta artista kaputxinoaren kantuak entzun zituzten. Oraindik ezezagunak eta misterioz beteak dira, euskal folklorean erroak eta abangoardia artistikoekin lotuta, urruti eta eder sortu zituen marabillak. Josu Okiñena pianista eta ikertzaileak eskaini zuen Aita Donostiari buruzko hitzaldia.. (Andoni CANELLADA | FOKU) Mikel Zubimendi EHUko udako ikastaroetan Aita Donostiaren unibertsoa arakatzen ari dira. Ezaguna da konpositore bezala, baina diziplina anitzeko kaputxino honen ekarpen itzelaren alor asko ezezagunagoak dira. Edo, zoritxarrez, Euskal Herrian guztiz ezezagunak. Euskal kantutegi oparoena osatu zuen folkloristarena bezala, kantugile gregoriano bezala egindako lana jorratu da ikastaro hauetan. Bere historiografiaren zenbait kontu argitara ekarri dira, besteak beste musika sailaren lehendakari izan zen Eusko Ikaskuntzarekin izan zuen lotura bezalakoak. Aita Donostia (Jose Antonio Zulaika, Donostia, 1886 - Lekaroz, 1956) ez zen euskaldun zaharra, etxetik kanpo ikasi zuen euskara, eta 1932an euskaltzain izendatu zuten Euskaltzaindian. Musika maite zuen, folklorea, aberria. Jorge Oteiza eskultoreak eta Luis Vallet arkitektoak monumentu ederra egin zioten, Euskal Herriko plaza eta kale askori izena eman die. Ez da kasualitatea izango, agian, manifestazio abertzale jendetsuenak, egun, Bilboko Aita Donostia plazan hasiera edo amaiera izatea. Baina euskaldun unibertsal honen obra bere sakontasun osoan oraindik guztiz jorratzeko dago. Eta zenbat eta gehiago jorratu, orduan eta perla ederragoak aurkitzen dira. Josu Okiñenak (Donostia, 1971) ezin du bizitza musikarik gabe ulertu. Musikak bizi du, musikak eraman du kulturaren beste adierazpideetara, filosofiara, literaturara. Bera da Aita Donostiaren inguruan ikertzaile handiena, hein batean bere obra berpiztu duena. Publiko zabalera eta nazioarteko katalogoetara hurbildu du. Bere maisua, Felix Lavilla pianista, Lekarozen ikasitako kaputxinoaren unibertsoan sartzeko giltza izan zuen. Lavillak lau eskuetara jotzen zuen pianoa Aita Donostiarekin, kantu herritarrak harmonizatzen eta haien gainean pianorako piezak konposatzen zituen artista donostiarraren jenialtasuna miresten zuen. Erro folklorikoak Atzoko saioan, Aita Donostia abangoardiako konpositore bezala, bere garairako zergatik eta zertan zen aurreratua aztertzen jardun zuen Okiñenak. Datu historiografiko batzuk emanez hasi zuen saioa, Lekarozko ikastetxean kaputxino egin eta Baztango folklorearekin harreman zuzena izan zuela gogoratu zuen. Han izan zuen kantu gregorianoarekin lehen kontaktua, gregorianista itzela izatera iritsi zena. Kaputxinoen giro errukior hartan, egiazko musika liturgikoa sortzeko ezinbesteko osagaiak aurkitu zituen, gero artearen teknika modernoekin batu zituenak: erlijiotasun sakona, igurtzi intimista, testu eta melodiaren arteko sinbiosi perfektua lortzea xede, esnobismorik gabeko harmoniaz, gainezka egiten duten keinurik gabea, sonoritate deigarririk gabea. Aita Donostia euskal folklorea biltzen hasi zen 1910. urtean; baserriz baserri ibili zen, herriko jendeari herriko kantak abesteko eskatuz. Hala ekin zion, eta, amaieran, 3.500 kantu eta melodiatik gora ditugu haren kantutegian. Euskal Herriko inportanteena da. Gero adierazi zen haren jenialtasunaren gakoetariko bat baserriz baserri egin zuen lan handi hartan ulertu behar dela. Erro folklorikoetan oinarrituta obrak sortzen hasi zen, eta, aldi berean, Parisen ezagututako abangoardia garrantzitsuen harmoniak eta hizkuntzak ere erabili zituen. Arteak zerbait berria erakutsi behar badu, Aita Donostiaren kasuan, berritasuna euskal folklorea garaiko abangoardiekin nahastea da. Ravel, itsasargia Aita Donostiak Felipe Pedrell musikologo handiarekin, Manuel de Falla handiaren maisu izandakoarekin, izan zuen kontaktua mugarri bezala aurkeztu zuen Okiñenak. Pedrell izan zelako lehen konpositorea musika herritarra tradizio akademikoa duen musikarekin fusionatzen. Harekin trukatu zituen gutunen artean, kaputxino donostiarrak musika konposatzea arnastea bezainbesteko barne beharra zuela irakur daiteke. «Zorionez, delirioaren mugakoa den musikarekiko zaletasun bat dut. Musika nire maistra izan da, sostengatzen nau eta 80 urterekin gazte sostengatuko nauena izango da. Musika idazten dut beste erremediorik ez dudalako. Niretzat hizkuntza bat da. Jainkoak ez nau mutu egin, txoriek egiten duten bezala kantatzen dut, ondo ala gaizki, baina ezin dut iturri hori itxi, idazten dudan guztiaren sorburua da». «Elizara otoitz egitera goaz, ez musika entzutera. Ez da, ezin daiteke izan esperimentazio laborategi, kontserbatorio edo kontzertu aretoa» Dudarik gabe, Parisen igaro zituen urteak ezinbestekoak izan ziren bere ibilbidean. Maurice Ravel «aberkidearen» lagun mina zen, Claude Debussy eta Igor Stravinski ezagutu zituen, haien sonoritate giroarekiko kidetasun bat nabaritu daiteke, prozedura harmonikoetan parekotasun bat, inpresionismo musikalaren aztarna. Harreman oso estua izan zuten Ravelek eta Aita Donostiak. Askotan bisitatzen zuen ziburutarrak Lekarozko kolegioan. Bere maisu partikularra izan zedin eskatu zion donostiarrak eta bere konposizio batzuk ere erakutsi zizkion. Ez dakigu zer iruditu zitzaizkion Raveli, baina antzeman daiteke Parisen zuen Eugene Cools bere lagunari idatzitako gutun batean irakurri daitekeenaren arabera: «Monastikoegia zen musika batekin topo egiteko beldur nintzen, bera komentu batean bizi izan baita orain arte. Baina sekulako sorpresa atsegina izan dut: lantzea falta duen sentsibilitate musikal oso delikatu bat du». Ez da dudarik Ravelen estetikak eta estiloak zuzeneko eragina izan zuten. Harekin ikasi zuen «musika profanoak zein erlijiosoak bere sinplizitate eta bitarteko artistikoen biluztasunagatik harritu behar duela». Ravel da, Aita Donostiaren hitzetan, «itsasargia, harekin bat nator mirespen berdin batean: hitz hutsak eta berbontzikeriak, emozioaren errazkeria eta baldarkeriak, onartzen ez dituen musika puru eta dotorean, intimitatean jo eta gozatzen dena, arimaren mutur leunenean». Behin galdetu omen zuen Aita Donostiak Ravelen inguruan: «Zergatik euskalduna izanda ez zuen euskal gaien inguruan musika konposatu?». Eta berak erantzun zuen: «Ez arrazari edo aberriari maitasun faltagatik, ez. Musika ulertzeko modu horrek ez zuelako bat egiten bere estetikarekin». Egia da, baina, Maurice Ravel orkestra eta pianorako ‘Zazpiak bat’ kontzertua idazten hasi zela. Baina uko egin zion obra hori bukatzeari. «Zorionez, delirioaren mugakoa den musikarekiko zaletasun bat dut. Musika idazten dut beste erremediorik ez dudalako» Askatasunez autoeratu Parisko abangoardiekin kontaktu horiek informazio pila bat eman zioten erroak euskal folklorean zituen artista kaputxinoari. Okiñenaren ustez, zalantzak eta anbibalentziak sortu zitzaizkion, bere sortze lan berrietara ekarri edo ez erabaki beharra, eta ekartzekotan nola. Informazio artistiko horiei guztiei ez zien iskin egin, baina ez zuen itsu-itsuan haiekin bat egin. Haren erroak euskal herri musikan sendo, autoeratu egin ziren, askatasunez. Aita Donostiaren musika obra hiru arlotan banatu zuen Okiñenak: liturgiarako musika, kantu gregorianoa batez ere; gai erlijiosoak izan baina funtzio liturgikoa ez zuen musika; eta musika profanoa, aurreko bi taldeetan sartzen ez den musika guztia. Eta bakoitzaren adibide ziren obra esanguratsuenak entzun ahal izan zituzten ikastaroan. Aita Donostiak esana da: «Elizara otoitz egitera goaz, ez musika entzutera. Eliza ez da, ezin daiteke izan esperimentaziorako laborategia, kontzertuetarako aretoa edo kontserbatorioa, musikaren munduan dabiltzan azken berrikuntzen inguruan aritzeko biltzen diren musikari fin batzuen batzar bat». Horrela ulertu zuen musika liturgikoa: belarriarentzat oparia, deboziozko arimaren atseden. Horrelakoa zen kaputxino donostiar ospetsua, musika sakratu berriaren patriarka. Horrelakoa, Aita Donostia: herriarekiko, bere herriarekiko, idealen zerbitzaria.