2023 UZT. 29 - 00:00h Laborarien Xokoak iazko prezioak atxikitzeko ahalegina egin du Ekoizleen eta bezeroen artean oreka gorde nahian, «iazko prezioak abantzu ez ditugu aldatu», baieztatu du Jean-Paul Duhalde laborariak. Baionako Bestetan ELB sindikatuak kudeatzen duen xokoan «bazkari sano eta ez karioa» zerbitzatzen dute. Tokiko produktuekin eginiko menua eskaintzen dute Laborarien Xokoan, bestazaleen gozamenarako . atxi (P BELTZAIZ) Maite Ubiria Baiona «Tokiko mozkinekin eginiko janari ona, sanoa eta ez karioa» eskaintzeko duela hamar urte hartu zuten engaiamenduari eutsi diote, aurten ere, Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuko kideek. Baionako Herriko Etxeak akuilaturik, 2013. urtean sortu zuten Laborarien Xokoa, tokiko ekoizpenak bestetako menuan sartzeko xedez. Geroztik, milaka eta milaka bestazaleen sabelak ase dituzte Roland Barthes zabalgunean kokatzen den xapito xuri erraldoian. Urte horietan guztietan, urratsak egin dituzte, betiere tokiko ekoizpenek gero eta presentzia gehiago izan dezaten. Duela ez hainbeste, pentsa ezina zirudien arren, Laborarien Xokoan zerbitzatzen duten ura Gipuzkoatik ekartzen dute, pastak Zuberoatik heltzen zaizkie eta burgerraren zaporea gozatzeko ketchupa Larresoron ekoizten dute. Eskualdeka antolaturik, ostatuaren zerbitzua bermatzeko bolondresek lan eginen dute. 60 bat lagunek jarduten dute egunero-egunero Laborarien Xokoan. Hornitzaile kopuru berari esker ahal dute «poltsiko guztientzako» janaria eskaini. Maritxu Lopepek adierazi duenez, covidak eragindako pandemiak bi urteko etenaldia ekarri zuen eta, geroztik, «ohituren aldaketa» sumatu dute Laborarien Xokoan. Asko dira bertan saltzen duten produkturik merkeena eskatzen dutenak, taloa alegia. 3,5 eta 4 euro arteko prezioan eskainia da. Etxeko Burgerra, aldiz, 6 eurotan. BURGER BAINO TALOA «Ene ustez horrek erakuts dezake familien ekonomiak gero eta zailago bilakatu duela besta egitea», azaldu du Lopepek. Zailtasunen gainetik, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean oreka gorde nahian, «iazko prezioak abantzu ez ditugu aldatu», baieztatu du Jean-Paul Duhaldek. ELBko ordezkariak aipatu duenez, horrek ahalegin bat eskatzen du, eta ez edonolakoa. Azken batean, Parisen eta Bruselan erabakitzen dituzten nekazaritza politikek ez dutela eredu herrikoia sustatzen duten ekoizleen alde jokatzen gaineratu zuen Ramuntxo Laskarainek, besten atarian ELBk deituriko agerraldian. Azken urteetan aldiro azaltzen den hegazti gripeak kinka larrian jarri du ahateen kanpoko hazkuntza. Hori gutxi balitz, neguko lehorteak oraindik ere gehiago zamatu ditu etxalde anitz. Ezinbestean, bestazaleen sabelak zaintzeaz gain, Laborarien Xokoak sentsibilizazioa lantzeko aukera eskaintzen du; esate baterako, Baionan besta giroa nagusi den bitartean, lur espekulazioa salatzeko Senperen martxan den okupazioak jarraitzen duela oroitzeko.