2023 UZT. 30 - 00:00h Pliometria Salto Training Bereziki saltoekin edo jauziekin erlazionatu den entrenamendu mota da pliometria, baina harreman hau ez da guztiz zuzena. Entrenamendu mota hau giharraren luzatze eta uzkurtze fasea ahalik azkarren egitean datza, eta nahiz jauzietan egiten den bereziki, ez da soilik ariketa mota hauetan ematen. Jarduera esplosiboekin harreman estua du, denbora unitate batean indar kantitate ahalik gehiena aplikatzeko gaitasuna hobetzen baitu, jarduera edo ariketa hori azkarrago egitea baimenduz. Giharren kontrakzio motak aztertzean, hiru mota ezberdin ditugu: kontrakzio eszentrikoa (muskuluen bi muturrak luzatzen direnean), kontrakzio isometrikoa (giharraren zuntzak tentsio mekaniko bat mantentzen duten fasea, orduan zuntzak geldirik daude eta ez dute euren forma aldatzen) eta kontrakzio kontzentrikoa (giharren bi muturrak elkartzen direnean). Hiru fase hauek muskuluaren forma aldatzea eragiten dute, artikulazio bat mugitu ahal izateko eta, ondorioz, mugimendu bat sortzeko. Kontrakzio mota hauen prozesuari CEA (gaztelaniaz Ciclo Acortamiento Estiramiento) deitzen zaio, eta pliometriako entrenamenduan fase ezberdinak bereizten dira. Lehenengo fasea Fase Eszentrikoa da, non giharren luzatze gaitasunak garrantzi handia hartzen duen eta luzatze erreflexua aktibatzen den, giharrak karga jasateko. Ondoren Moteltze Fasea dator, gihar eta tendoiek tentsio maximoa jasaten dutena eta jasandako karga pilatzen dute hurrengo fasera transmititzeko. Fase hau pliometriako fase garrantzitsuena da, eta moteltze gaitasunaren arabera ondorengo fasean aplikatuko den indar eta abiadura aldatuko da. Fase hau oso luzea bada, lesio arriskua asko handitzen da, eta indarra pilatzeko gaitasuna galtzen bada, pliometriako efektua galtzen da. Beraz, entrenamenduetan fase honi garrantzi handia eman behar zaio. Eta amaitzeko Fase Konzentrikoa dago, hau da, aurreko fase guztien erantzuna. Fase honetan giharraren uzkurtze kontzentriko maximoa ematen da, indar gehiena aplikatuz distantzia handiena jauzi egiteko, baloia jaurtitzeko edo karga bat desplazatzeko. Pliometriak kirol errendimenduari begira onura ugari ditu, azken finean kirolean azkarrena izatea baita helburua, akzioa arerioak baino azkarrago burutzeko. Akzio hori indar gehiagorekin aplikatzea eta denbora murritzagoan egitea laguntzen du pliometriak.