2023 ABU. 08 - 12:08h Jonan Ordorika, musika zaletasunak soinu mahaira eraman zuen teknikaria Jonan Ordorikari bihotza nekatu zaio. Astelehen iluntzean hil zen 55 urte zituela. Bihotzekoaren ostean egindako ebakuntzatik ez zen errekuperatu. Euskal Herrian musikagintzan ari diren hainbat pertsonek bere galera nabarmendu dute, tartean Ruper Ordorika anaiak. Jonan Ordorika, Fernando Saunders eta Lou Reed-ekin azken honen omenezko diskorako egindako irudian. (NAIZ) Xole Aramendi «Kolpe latza da». Hala aitortu du Ruper Ordorika Jonanen anaiak. Ezustean harrapatu ditu senitarteko eta lagunak. «Ustekabea izan da, duela lau egun familian uste genuen alaiki aterako zela ebakuntzatik», adierazi du, samin betean. «Ostiralean Bilbora, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Ebakuntza egin zioten eta ondoren hil zen. Aurreko egunetan egon zen etxekoekin eta ondo zegoen», zehaztu du. Egun batzuk lehenago eman zion abisu bihotzak. Sasoi betean joan da Jonan Ordorika, 55 urte zituela. Dozenaka mezu zabaldu dira astearte honetan Jonan Ordorika hil dela jakin eta dolumina adieraziz. Lan asko egina da teknikari moduan Euskal Herrian musikaren alorrean. Joserra Senperena musikaria horien artean. Donostiar pianista izan da sare sozialen bidez berria eman duenetako bat. Ez adiorik, Jonan Ordorika. pic.twitter.com/bh6H7qjcx5 — Joserra Senperena (@jrsenperena) August 8, 2023 Ruper eta Jonan Ordorika anaiek arrasto handia utzi dute euskal musikagintzan. Agertokiaren gainean bata, estudioan, masterizazio lanetan bestea. Makina bat diskotan parte hartu du Jonanek, kontaezinak dira musikariekin eskuz esku Azkarateko Argiñenea baserrian emandako orduak. Bertan ireki zuen lagun talde batek Katarain estudioa 1991n. Angel Katarain, Amaia Apaolaza eta Jonan Ordorika ziren beste batzuren artean bazkideak. Familian ez ezik, lanean ere harreman estua izan dute Ruperrek eta Jonanek. «Nire bizitza osoko lankidea izan da», esanez laburbildu du. Telefonoz bestaldean, atsekabea. «Azken urteotan bi galera izan ditugu Katarain estudioetan. Anaiaren heriotzak niretzat ez du parekorik, baina… 2015ean Amaia Apaolaza hil zen, nire musikaria eta managerra. Estudioa desagertuta dago, disko piloa egin ditut bertan eta Euskal Herriko hainbat talderekin aritu da masterizazio lanetan». «Pertsona ona eta sobera umila» «Gizon gozoa eta alaia» bezala definitu du Ruperrek anaia. «Pertsona ona eta sobera umila nire ustez zenbaitetan». Jonan Ordorika bazen norbait musikaren munduan nahiz askok haren aurpegia ez ezagutu. «Musika ez da justua. Musikariok bai ezagutzen gaitu publikoak baina teknikariak bigarren edo hirugarren mailan jartzen dira», egin du hausnarketa Joserra Senperenak. Horri umiltasuna gehitzen bazaio, zer esanik ez. Proiektu berria zuten eskuartean Jonan Ordorikak eta Joserra Senperenak. Azken honek nahiago izan du detailerik ez eman. «Zendu den musikari baten lana zen. Lagunak ziren biak. Udazkenean ginen egitekoak. Heriotzak nola mozten dituen bapatean gauzak...», esan du Senperenak. 90. hamarkadan ezagutu zuten elkar. Estudioan izan zen. «Bere lana maite zuen, tipo zintzoa eta majoa zen. Gustua ematen zuen berarekin lan egiteak, erraza zen. Profesionalki ona zen», gaineratu du. Musikazale sutsua Teknikarien artean era askotarikoak daude. «Bere abiapuntua zaletasuna zen eta balio erantsia zen bere lanean, hala uste dut nik. Musikaren fana zen. Ez zetorren teknikatik musikagintzara, zaletasunetik baizik», nabarmendu du Ruper Ordorikak. «Bazituen oso gertutik jarraitzen zituen idoloak, ezagunena Lou Reed da. Britainia Handiko popa ere asko gustatzen zitzaion. Lou Reed-en baxu-jotzailea eta ekoizlearekin, Fernando Saunders-ekin, hainbat lan kaleratu zituen nik bezala eta bere bitartez ezagutu zuen Reed. Ondoren, nik ere bai», gogoratu du. Bere biografian aipagarria da estatubatuarra 2006ko ekainaren 5ean bisitan Azkarateko etxera etorri zitzaionekoa. Egun batzuk eman zituen bertan, Aralarko mendien ondoan, Tai Chi bere maisu Renekin praktikatzen, bere musikarietako batzuk ere lagun zituela. Zazpi urte geroago hil zen Reed New Yorken, 71 urte zituela. 2013. urtea zen. Handik urtebetera, Jonan Ordorikaren ekimenez eta haren zuzendaritzapean, artista talde bat elkartu zen Azkarateko Katarain estudioetan, 2015ean, CD, binilo eta streaming bidez argitaratu ziren abestietako batzuk euskaraz grabatuz egilea omentzeko. 2020an, Andoni Basterretxeak, Delirium Tremens taldeko abeslariak, Jonan Ordorikaren musika ekoizpenarekin batera, beste bultzada bat eman zion omenaldi horri, eta ‘Rock and Roll’ mitikoaren euskarazko bertsioa aurkeztu zuten; 2022an, berriz, Don Inorrez taldeko Imanol Ubedak aurkeztu zigun ‘Sword of Damocles’. Kaki Arkarazo musikari eta ekoizleak gertutik ezagutu du oñatiarra. Musikari bezala eta lankide bezala. «Masterizatu dizkit diskoak berak eta horrez gain Angelek eta berak estudioa jarri zutenean haiekin aritu nintzen lanean bospasei urtez», gogoratu du. «Bere ezaugarri nagusia urduritasuna zen. Izugarri gustatzen zitzaion musikaren mundua baina ez zeukan behar den segurtasunik. Horrekin borrokan eman zuen bizitza osoa. Zalantzati zebilen beti. Horren jakitun zen eta hasieran asko kostatu zitzaion arren ikasiz joan zen. Burugogor jarri eta lortu arteko onik ez zuen izaten; urduritasunak energia ematen zion», gaineratu du. Bat egiten du Arkarazok Ordorikaren umiltasuna nabarmentzerako orduan. «Era berean segurtasun ezak umiltasuna ematen zion. Berak egindakoa ez zuen ontzat ematen lehenengo botean, berak egin zuelako. Musikarion iritzia jakin nahi izaten zuen eta oso gustura egiten genuen lan berarekin; maitagarria zen», kontatu du. Lou Reed eta Athletic Konplizitate handiz ari da oñatiarraz. «Gauza asko bizi izan genituen elkarrekin», dio. «Bi gauza maite zituen beste ezeren gainetik: Lou Reed eta Athletic. «Bere etxera etorri zenean Azkarateko jogurten fans absolutua egin zen Reed! Athleticez zer esan... hortzetako eskuila eta oheko edredoia zuri-gorriak zituen. Zeozer gustukoa bazuen erabateko fansa zen, ez zeukan erdibidekorik. Pentsa zer lortu zuen, Ernesto Valverderen eta Lou Reeden laguna egin zen!». Biek bat egin zuten Reed-en omen-diskoaren proiektuan. Hain zuzen, Athleticeko entrenatzaileak eginak ziren azaleko eta kontrazaleko argazkiak, Jose Ordorikaren –duela urte batzuk hil zen anaia– margoenak. Estudioak ateak itxi ostean ere Azkaraten egin zuen bere txokoa Ordorikak familiarekin batera. «Azkarateko trinketea erosi zuten. Angel Katarainek estudioa utzi ondoren –badira hamar urte itxita dagoela– ondoan etxea egin zuen Jonanek. Estudiotik ehun metrora erosi zuen lurra eta emaztearekin eta bi semeekin bizi zen bertan. Haren beheko aldean hasieran mastering estudioa zena muntatu zuen. Orain, dagoeneko, estudio oso batean bilakatuta zeukan. Beti zebilen tresnen salerosketan, abildade handia zeukan, ez dakit nola lortzen zuen!», gogoratu du irribarre artean.