2023 ABU. 09 - 21:00h Admonteko abadia, fraideak, instagramer bihurtuta Admonteko abadia, Austrian, ez da edozein monasterio. Bitxia da, benetan. 70.000 liburu baino gehiago gordetzen ditu 70 metro luze den liburutegian. Alabaina, munduko eliza liburutegirik handiena izan arren, artxiboak ez dira bisitariak gehien txunditzen dituztenak. Testua: ANE IPARRAGIRRE Argazkiak: JOE KLAMAR / AFP Beneditarren abadiak ia mila urte ditu. Estiria estatuan dago, Vienatik 250 kilometrora. Bitxia bada ere, beneditarren abadiara hurbiltzen diren gehienak, eta milaka dira urtean zehar, ez dira “liburutegietako saguak”, sare sozialak aberasteko material bila dabiltzan gazteak baizik. Azkenaldian hamaika herrialdetako instagramer eta influencer hurbiltzen dira austriar zenobiora, “Ederra eta piztia” filmaren liburutegia gogorarazten duten marmolezko solairuen eta freskoen artean selfiak ateratzeko. Admonteko abadiaren barne eszenatoki barrokoak TikTok belaunaldiaren interesa izugarri piztu du. Hauetako batzuek diotenez, barruko mural ikusgarriek photoshopekin tratatuta daudela dirudite. “Daily Mirror” egunkariak berak ere idatzita utzi omen du leku horrek «edertasunean lehia dezakeela Michelangeloren Kapera Sistinoarekin». Gainera, abadiako fraideek “eguneratu” eta “reset egin” behar izan dute, tupustean harrapatu dituen egoera berrira ahalik ongien eta azkarren egokitu ahal izateko. Dagoeneko bi monje -guztira 23 dira- trebatu dira sare sozialen munduan eta egun gai dira Informatika eta Teologiako terminoak erraztasunez uztartzeko. Horrez gain, «online aholkularitza espirituala» ere eskaintzen dute, baita abadiaren barruko tour birtualak ere. «Jendeari interesatzen zaizkion edukiak helaraztea lortu dugu», esan du, pozik eta harro, monasterioko komunikazio kudeatzaile Mario Brandmuellerrek. Eta hark esandakoa berresten dute datuek: abadiako Facebookeko orrialdeak 25 milioi bisita jasotzen ditu hilero. Hamaika sari Monasterioak jasotako sarien artean Austriako Gobernuak emandakoa nabarmendu du Brandmuellerrek, «harreman publikoen eta komunikazio instituzionalaren arloan lorpen bereziak egiteagatik». Honi guztiari esker, liburutegiko argazkiak eta bideoak oso ezagunak dira munduko bidaia plataformetan. Ateak 1776an zabaldu bazituen ere, artxiboko eskuizkriburik zaharrenak VIII. mendekoak dira; izan ere, 1865ean mirariz salbatu ziren herriaren zati handia eta monasterioa kaltetu zituen sute batetik. Abadiako ezkutuko bitxi arkitektonikoetako bat eskailera bat da, eskailera berezi bat, irakurketa plataforma batera iristen dena, baina bisitaldi birtualetan bakarrik ikus daiteke. Bisitariak ezin dira bertaratu, noski, batzuek ahaleginak egiten dituzten arren.