GAIAK

Lehorreko piratak, Sardiñera feministak

Txaleko morea dute emakume euskaldun eta feministen taldea den Sardiñera kofradiakoek. Jai eredu aske eta feminista baten alde sortu ziren, eta urtero jai gune seguruak sortzeaz arduratzen dira. Aurtengoan, Señora bazkaria izango da beren ekimen garrantzitsuenetarikoa.

Sardiñerak pasa den urteko txupinazoan beraien bandera astintzen. (DONOSTIAKO PIRATAK)

Itsas munduan ere bada lehorrean geratzen denik, baina horregatik ez dute garrantzia gutxiago; herritarrekin lehen eskuko harremana eta elkarlana izaten baitute bidelagun. Saregileen lanbidea izan ziteken, baina Donostiako Piraten kasuan, sardiñerek betetzen dute leku hori. Kofradia feminista, sardiñera donostiarrak gogoan sortu zuten, txaleko morea jantzi, bi sardinen hezurdurak elkartu eta egunero hartzen dute Donostia.

Emakume euskaldunen topaleku izateko jaio zen, eta Aste Nagusian jai eredu aske eta feminista bat sortzeko asmoa dutela adierazten dute. Horretarako, identitate anitzekoa, arau apurtzailea, estereotipo, aurreiritzi eta hetero-arauetatik kanpoko jai eremu aske eta feminista borrokatzen dute urtero.

Ekimen ezberdinak antolatzen dituzte urtean zehar, eta ekimen batzuk errepikatzen badira ere, sarritan harritzen dituzte donostiarrak beren irudimenarekin. Askok gogoratuko dute 2018an egin zuten «prozesio paganoa» esate baterako, hiri guztian zehar alu bat paseatu baitzuten, bertakoen zein inguruko turista guztien arreta piztuz. Gaurkoan, Señora bazkaria dute antolatuta, Bollingoa egingo dute jarraian eta 18.30ean Elektropottottek girotuko ditu Donostiako alde zaharreko kaleak.