GAIAK

Olatz Salvador eta Rozalen, ‘Ahots hari’ kantu sinfonikoan elkarrekin kantuan

‘Aho Uhal’ diskoan egin zuten ‘Ahots hari’ lehenengo kolaborazioa Olatz Salvador eta Rozalenek. Orain, Ura Bere Bidean proiektuko bertsio sinfonikoan elkartu dituzte berriro bien ahotsak.


Fair Saturday fundazioak bultzatutako Ura Bere Bidean ekimenaren aurtengo edizioa pixkanaka osatzean ari da. Helmuga urrian du, zehazki urriaren 28an, BECen kontzertu erraldoia prestatu baita. Bien bitartean, egun hauetan bertan parte hartuko duten 20 euskal taldeen lanen bertsio sinfonikoa ezagutzera ematen ari dira.

«Rozalenekin kolaborazioa kurisioa izan zen, Viñarock jaialdian ezagutu nuen. Nire urduritasunarekin eta nire lehen diskoarekin joan nintzaion. Esan nion ilusioa egingo zidala berak entzutea eta esan zidan gustatuko litzaiokeela nirekin euskaraz kantatzea. Berak adierazi zigun egunean 20 kolaborazio eskaera izaten zituela eta nirea aukeratu zuela».

‘Aho Uhal’ disko hartan ernatu zen elkarlanak jarraipena izan du orain Ura Bere Bidean egitasmoko bertsio sinfonikoarekin. Kasu honetan ere, Fernando Velazquezek egin ditu moldaketak. «Kantu hipnotikoa eta gozoa da, eta era berean erreibindikatiboa ere bada, baina oso modu poetiko eta naturalean. Orkestrarekin batera, Olatz eta Rozalenen ahotsetako hainbat ñabardura nabarmentzen dira», adierazi du.

Ura Bere Bidean Fair Saturday Fundazioak bultzatutako proiektu berritzaile bat da, hainbat belaunalditako euskal artisten musika-topaketa eta euskarazko musika-ondarea sortzeko. Proiektuaren barruan, artista nabarmenek garai guztietako euskal gaiak berrinterpretatzen dituzte Grammy saria jaso berri duen Fernando Velázquez konpositoreak egindako bertsio sinfonikoetan.

2023ko edizioan hogei artistak hartuko dute parte, estilo eta belaunaldi ugari ordezkatuz. Zehazki, Doctor Deseo (Francis Diez), Parabellum, Delirium Tremens (Andoni Basterretxea), Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele (Urbil Artola y Gorka Sarriegi), Gozategi (Asier Gozategi y Iñigo Goikoetxea), Mikel Urdangarin, Gatibu (Alex Sardui y Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora y Piti), Anne Etchegoyen, Esne Beltza (Xabi Solano), Skakeitan (Peio Armendariz), En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Rozalen, Kalakan, Olatz Salvador, Bulego (Tom Lizarazu, Idoia, Neomak eta Süne parte hartuko dute.

Entsegu orokorreko sarrerak ere salgai daude proiektuaren web orrialdean. Bezperan izango da, urriaren 27an, 20.00etan. BECen bertan.