GAIAK

«Pantailen dieta», ikastolara era egokian bueltatzeko gakoetako bat, adituen arabera

Ikastolara bueltatzeko aldia haurrentzat batzuetan «gogorra» denez, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea den Jose Manuel Morenok aldaketa hau «osasuntsuagoa» izateko hainbat aholku eskaini ditu; horien artean, «pantailen dieta» eta «loaldiaren higienea».

Ikastolarako buelta osasunsuago bat izateko, hainbat gomendio eman ditu Jose Manuel Morenok. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Ikastolarako buelta «arintzeko», «loaldiaren higienea», «pantailen dieta», jarrera baikorra eta familiako bazkariak egitea gomendatzen du Jose Manuel Morenok, Nafarroako Unibertsitate Klinikako Pediatria departamentuko zuzendariak. Gomendio hauekin, beste batzuen artean haurrei errutinara bueltatzen era egokiagoan moldatzen lagundu ahal zaie.

Horietako bat da irakasleak «pantailen dieta» deritzona: «Agian zertxobait bihozberagoak izan gara gure seme-alabek udan pantailak erabiltzean. Orain da berriz ere agintea hartzeko unea».

Morenok gogorarazi du 2 eta 5 urte arteko haurrengan ez dela gomendagarria egunean ordu eta erdi baino gehiago igarotzea pantailen aurrean, hiru ordu asteburuan. 6 urtetik aurrera 2 orduko muga zehaztea aholkatzen du.

Gero eta ikerketa gehiagok aditzera eman dute gailu elektronikoak gehiegi erabiltzeak eragin zuzena duela txikienen ikasketa prozesuan, irakasleak azaldu duen moduan. Hori dela eta, garai honetan, muga horiek «ongi zehaztea» gomendatzen du.

Horretaz gain, gurasoen jarrerak ere «eragin zuzena» du haurrengan. Hori dela eta, garrantzitsua da gurasoek eskolarako buelta «zerbait positibotzat» hartzea. Hori dela eta, alderdi baikorretan fokua jartzea gomendatzen du Morenok: «zerbait estreinatzea beti ilusioa eragiten duela, gauza berriak ikasiko dituztela, erronka desberdin eta interesgarriak biziko dituztela helarazi behar zaie».

Eskolara itzultzeak errutinara bueltatzea dakarrela eta, moldatze prozesu hori «mailakatua» izateko, ikastolarekin «lehen kontaktua egitea» eta zenbait ohitura hartzen joatea gomendatzen du Morenok. Horren adibide, materiala erostea, edo ikastolako kideekin hitz egiten hastea.

Garai honetan haurrek ondo lo egitea «berebizikoa» dela nabarmendu du irakasleak. «Gakoa da eskolan hasi aurretik garai horretan aurreikusitako orduan ohera joan daitezela , loaren aurreko prestakuntza ahaztu gabe: jarduera lasaiak, etxeko zaraten bolumena eta argiaren intentsitatea jaistea», azaldu du.

Familian denbora igarotzea alderdi oso garrantzitsua da haurren garapenerako eta hori bermatzeko familiak elkarrekin bazkaltzeko «ahalegina egitea» gomendatzen du Morenok. Gutxienez, astean bost aldiz elkarrekin bazkaltzea aholkatzen du, gehien bat, haurrak nagusitu ahala.