2023 IRA. 04 - 10:41h Iluntasunean indartsu agertu da Bele ‘Beruna urre’ bigarren abestiarekin Lehendabiziko ‘Zerua irabazi’ kantuarekin kontraste handia egiten duen abestia da Lide Hernandok aurkeztu berri duena. Holyfire Studioren zuzendaritzapean sortutako bideoklip eta guzti dator Beleren bigarrena. Iker Gurrutxaga Pop mundutik doinu urbanoagoetara egin du salto Lide Hernandok bere Bele proiektu pertsonaleko bigarren abesti honetan. Musika beltzaren beste adar bati heldu dio oraingoan, nahiz eta kantuak egitura pop nahikoa ohikoa mantentzen duen. Horretarako, beste behin Iñigo Etxarri izan du aldamenean donostiarrak eta IN Estudioa izan dute lan hau aurrera eramateko aterpe. Iluna bezain indartsua den abestia, Holyfire Studiok egindako bideoklipak ere hori bera islatzen du. Izan ere, estetika urbanoa bikain landu dituzte Belek eta Holyfire Studiok bai janzkeretan eta baita hautatako Oarsoaldeko lokalizazioetan ere. Sortzaileen lanari aitortza eta haien aldeko aldarrikapena egin ditu Hernandok kantuak hitzak idazterakoan. «Apenas zilarrik gabe, beruna urre bihurtzeko daukagun senari, edo, sena baino, burugogorkeriari eskaini nahi izan dizkiodan lerro oker batzuk dira», dio Belek zabaldu duen mezuan. Alegia, artista askok berarentzako baino, artearen eta sormenaren mesedetan baliabide gutxirekin sortzeko egiten duen lanari egiten dio aitortza gisa honetara. «Emaidazu zilarra» dio Belek, hori ere behar baitu artista batek halako emaitzak lortzeko. Proiektua zuzenean ikusi nahi duenak, 2024tik aurrera abiatuko dituen emanaldien zain geratu beharko du. Momentuz, kontratazioa zabalik du Belek, beraz, hor aukera bat zilarraren truke beruna urre bihurtzeko. Bada beste esaldi bat, ordea, iltzatuta geratzen dena ‘Beruna urre’ honetan: «Beti eskamak kentzen». Eta, horrek, ezinbestean beste galdera batetara ere eramaten gaitu, nahiz eta kantuan aipatu ez: «Zer gara gu, nor gara gu?». Tradizioaren eta berritzearen arteko kontrastea, Gipuzkoa ekialdearen errealitatearen isla izan daitekeena. Bakoitzak bere buruari egiteko moduko galdera.