2023 IRA. 05 - 06:10h Furgonetaz bidaiatzea: etxea nahi den tokian Arkaitz Apalategik eta Nagore Lizarraldek asko maite dute furgonetan bidaiatzea. Lehendik martxan dute EH Furgo izeneko webgunea, eta orain, liburua argitaratu dute, “Euskal Herria furgonetaz, ibilbiderik onenak”. Bizimodu horren zaleei aholkuak ematea da helburua. Arkaitz Apalategi eta Nagore Lizarralde beren furgonetan. (EH FURGO) Amagoia Mujika Kantabria aldean harrapatu ditugu Arkaitz Apalategi eta Nagore Lizarralde, EH Furgo egitasmoaren atzean dagoen bikote ibiltaria. Berez Erronkari alderako asmoa zuten, baina beroa zetorrela eta, plana aldatu eta Kantabriara joan dira, freskuraren atzetik. Hori da furgonetan bidaiatzearen abantailetako bat, planak erraz alda daitezkeela eta ez dela inongo hoteletan erreserba egin edo bertan behera utzi beharrik. Desabantailaren bat aipatzekotan, beroa egiten duenean ez dela erraza babesa topatzea eta eulien erasoak ere ohiko samarrak izaten direla. Askotan, gainera, bata bestearekin datoz: «Beroa egiten duenean dena irekita utzita lo egitea ateratzen zaizu eta euliak etortzea errazagoa da horrela. Gertatu izan zaigu eltxo tigre horietakoek janda esnatu izana», azaldu du Apalategik. Baina bistan da furgonetan bidaiatzearen abantailak gailentzen zaizkiela desabantailei, bestela ez lukete bidaiatzeko modu hori hainbeste goratuko. Umetan kanpinetan hazitakoak dira biak. «Gurasoekin beti bidaiatu izan dugu modu horretan. Kanpinetan ibili izan gara, eta gure etxean izan zen furgoneta bat garai batean. Modu horretan bidaiatzeak eskaintzen duen askatasuna gustatzen zaigu bioi». Duela bederatzi urte inguru hasi ziren, bigarren edo hirugarren eskuko furgoneta batekin. «Guk beti esaten dugu lehendabizi probatu egin behar dela. Berez edonork bidaia dezake furgonetan, baina gustatu egin behar zaizu bizimodu hori. Pandemiaren ostean ikusten ari gara bat-batean autokarabana handiak erosi dituztela askok, zerotik ehunera, aurretik bidaiatzeko modu hori probatu gabe. Jende asko hasten da furgoneta txiki batekin proba egiten, sortzen diren beharrak ikusten eta pixkanaka handiago batera pasatzen da. Guk uste dugu mundu honetara gerturatzeko modua hori dela, pixkanaka eta probatuz». Apalategik esan duenez, ez dago furgonetan bidaiatzeko mugarik. «Berez edonork bidaia dezake. Gero, norberaren izaeraren arabera, gauza batzuk edo beste batzuk aukeratuko ditu. Ezagutu izan ditugu bizpahiru haurrekin furgoneta txiki batean bidaiatzen dutenak, eta baita lehen haurra izan orduko autokarabana handia erosten dutenak ere. Norberaren izateko moduak eta gustuek eragiten dute horretan». Bada, baina, denek bete beharreko baldintza bat: bidaiatzeko modu hori gustatzea. «Bost-zortzi metro karratutan bikotearekin edo familiarekin batera bizitzea gauza ederra da batzuentzat, eta beste batzuentzat, jasanezina. Furgonetan bidaiatzea ez da denen gustukoa izan behar nahitaez. Guri gustatu egiten zaigu, baina beste askori ez, eta normala da». «Apartamentu bat nahi dugun tokian» Furgonetaren barruko espazioa mugatua da, baina kanpokoa, kasik mugagabea. «Guk askotan esaten dugu apartamentu bat daukagula nahi dugun tokian. Aukera ematen dizu zure etxea muntatu eta bertan nahi adina egun pasatzeko», esan du Apalategik. «Furgonetak aukera ematen digu edozein tokitan geratzeko eta askatasunez mugitzeko. Planak aldatzeko, toki batean egun gehiago egoteko edo gutxiago... unean erabakitzeko askatasuna ematen digu». Dena ez da inprobisazioa izaten, ordea. Gustatzen zaie bidaiatu aurretik informazioa biltzea. «Hango eta hemengo webguneetan ibiltzen gara begiratzen». Hortik sortu zitzaien beraien gisa ibiltzen direnei laguntzeko bloga sortzeko ideia, orain webgune bihurtua: www. ehfurgo.eus. Askotariko informazioa topa daiteke bertan: Euskal Herrian zein atzerrian egin daitezkeen ibilaldiak, furgonetan mugitzeko aholkuak, legediaren inguruko argibideak, furgonetak prestatzeko aholkuak, bestelako trukoak... «Erabaki genuen gure bidaietan biltzen genuen informazioa partekatzea, furgonetan bidaiatzen dutenentzat lagungarri izan dadin». Duela hilabete batzuk liburua ere argitaratu dute, “Euskal Herria furgonetaz, ibilbiderik onenak” izenekoa, Sua argitaletxearekin. Euskal Herrian egin daitezkeen 25 plan biltzen ditu liburuak, zer egin, non aparkatu, zein araudi dagoen herri horietan... informazio praktikoa topa daiteke. «Euskal Herrian, etxetik gertu, aukera asko ditugu. Kilometro gutxian sekulako aniztasuna daukagu paisaia aldetik, kultura aldetik... hori guztia furgonetan ezagutzeko modu bat proposatzen dugu liburuan. Hogeita bost ibilbide biltzen ditu liburuak, lurralde guztietan barrena. Eta hiriburuetako planak ere eskaintzen ditu». Eskualdeka dago banatuta argitalpena; zer ikusi, non lo egin, zein baliabide turistiko dagoen toki bakoitzean... Furgonetan bidaiatzeko ohiturak ez dauka pisu bera herrialde denetan. «Europako toki askotan tradizio luzeagoa daukate eta, ondorioz, baliabide hobeak dituzte. Gu batez ere Estatu frantsesean mugitu gara, eta bertako Autokarabana Guneek ez daukate zerikusirik Euskal Herrian daudenekin. Estatu frantsesean ia herri denetan dago horrelako gune bat, badirudi onartuago dagoela turismo mota hau. Euskal Herrian ari dira gauzak hobetzen eta espazio berriak sortzen, baina oraindik badira desberdintasunak. Herri batzuetan debekuak daude autokarabanak edo furgonetak aparkatzeko ere». Autokarabana Guneak, horiek dira turismo mota horrentzat prestatutako tokiak. Baina bada desberdintasuna batzuetatik besteetara. «Askotan Autokarabana Gunea esaten zaio urak aldatzeko eta aparkatzeko tokia besterik eskaintzen ez duten eremuei Adibidez Galizian, Autokarabana Guneak deiturikoak topatu ditugu askotariko zerbitzuekin; dutxak, komunak, arropa garbitzeko tokia, argindarra hartzekoa... sekulako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Denei esaten zaie Autokarabana Gunea, baina desberdintasun handia dago batzuen eta besteen artean. Gutxieneko batzuk izan beharko lituzkete gune horiek; dutxak, urak aldatzeko modua, argindarra...». Legeak ere hor daude, eta beti ez dira turismo mota honen aldekoak. «Kontraesan asko daude legeetan. Duela gutxi berritu dute Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko lege bat, eta “aparkatu” eta “kanpatu” bereizi dituzte. Aparkatuta baldin bazaude, berez edozein tokitan egon zaitezke. Aldiz, kanpatu, ezin duzu edozein tokitan egin. Mahai bat ateratzea, leihoa irekitzea, aulki bat ateratzea... kanpatzea dela ulertzen da, eta isuna izan dezakezu. Baina, teorian, kanpatuta ez bazaude, aparkatuta baldin bazaude, edozein tokitan egin dezakezu lo. Baina gero herri bakoitzak araudi propioak ditu, eta traba gehiago egon daitezke. Lege hutsune handi bat dago eremu horretan eta egoera bereziak gerta daitezke». Segurtasunari dagokionez, ez dute arazorik pasatu behar izan, eta lasai ibiltzen direla dio Apalategik. «Gu saiatzen gara beste furgoneta batzuk dauden tokietan lo egiten, horrek lasaitasuna ematen digu. Baina ez dugu inoiz arazorik izan. Zentzuz jokatuz gero, lasai ibiltzeko modua dagoela uste dut». Furgonetak garestiak dira Furgonetan bidaiatzea beste turismo mota bat baino merkeagoa izan daiteke. Baina furgoneta bera erostea ez da merkea. «Guk duela bost urte erosi genuen orain daukagun furgoneta, eta prezioak asko igo direla ikusi dugu, baita bigarren eskuko furgonetenak ere. Badirudi eskaria igo egin dela eta horrek eragina izan duela prezioan». Gero, bidaiatzea bera, merkeagoa izan daiteke. «Hotel batean edo bungalow batean astebete pasatzea kostatzen denarekin, guk hilabetea egin dezakegu. Beste era batera mugitzen gara, parking batzuetan aparkatzea doakoa da, beste batzuetan eguna ordaintzen duzu... baina garrantzitsuena da probatzea eta baloratzea bizimodu hori gustatzen zaizun edo ez. Ez da komeni bat-batean 70.000 euroko autokarabana bat erostea». Etxera buelta ere gustura hartzen da. «Egun pare bat etxean, garbigailua jarri, etxeko errutinan sartu... baina hiru egun pasatu eta berriro ateratzeko gogoa sartzen zaigu». Urte guztian bidaiatzen dute furgonetan eta hori aldarrikatzen dute gainera. «Furgoneta ez da udan bakarrik bidaiatzeko. Gu urte osoan zehar mugitzen gara. Are gehiago, bidaiatzeko gehien gustatzen zaigun sasoia udazkena da, baita negua ere. Garaiaren arabera antolatzen ditugu bidaiak. Baina Izaban elurretan esnatzea, adibidez, sekulakoa da».