2023 IRA. 15 - 18:10h 345 milioi euroko isuna jarri diote TikTok-i EBko adingabeen datuen legea urratzeagatik TikTok sare sozialari 345 milioi euroko isuna jarri diote Europar Batasuneko adingabeen datuen legea urratzeagatik. Enpresak zigorra errespetatzen duela adierazi badu ere, ados ez dagoela ohartarazi eta nola jokatu aztertzen ari direla gaineratu du. TikTok sare sozialari isuna jarri diote. (Lionel BONAVENTURE | AFP) NAIZ Europar Batasuneko arautzaile batek 345 milioi euroko isuna jarri dio ostiral honetan TikTok sare sozialari, adingabeentzako datuen babeserako arauak ez betetzeagatik. Azken aldian enpresa teknologiko handiei jartzen ari zaizkien isunetan azkena da. TikTok Technology Limited-ek «345 milioi euroko isun administratiboak» ordaindu beharko ditu eta bere jarduerak doitu beharko hiru hilabeteko epean arauak bete ditzaten, Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez. Irlandako erakunde arautzaile honek –berebiziko garrantzia du Europar Batasuneko arauak betetzen direla ziurtatzeko– 2021eko irailean ikerketa bat abiarazi zuen ByteDance txinatar erraldoiaren filiala den sare sozial horren praktikei buruz. TikTok sare sozialak 134 milioi erabiltzaile ditu EBn, eta ikerketa honek 2020ko uztailaren 31tik abenduaren 31ra bitarteko praktikak aztertu ditu. Erregulatzaileak bere erabakia azaldu du esanez 18 urtetik beherakoak sare sozialean inskribatzean kontu publikoa egiten zaiela besterik adierazi ezean. Erakundeak antzeman duen beste arazo bat da TikTok-en funtzio batek, «familia-konexioa» izenekoak, nerabe baten kontua gurasoenarekin lotzea ahalbidetzen duenak, ez duela harreman hori benetakoa denik behar bezala egiaztatzen. Agintaritza arautzaileak 13 urtetik beherakoen izen ematea saihesteko TikTokeko egiaztapen urratsak aztertu zituen, eta ez zuen inolako arau-hausterik aurkitu, baina adierazi zuen plataformak ez dituela behar bezala ebaluatzen gazteenentzako egon daitezkeen arriskuak. TikTok-en Europako egoitza Dublinen dago; bertan daude Google, Meta eta lehen Twitter izenez ezagutzen zen X sare sozialak ere. Maiatzean, Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak 1.200 milioi euroko errekorreko isuna ezarri zion Metari, EBko erabiltzaileen datuak Estatu Batuetara transferitzeagatik, epai judizial batek ezarritakoaren aurka. TikTok ez dator bat TikTok-ek isunari erantzun dio esanez ez datorrela bat, baina errespetatzen duela eta nola jokatu «ebaluatzen» ari dela. «Irlandako Datuen Babeserako Batzordearen kritikak duela hiru urte indarrean zeuden funtzioetan eta konfigurazioetan zentratzen dira, eta ikerketa hasi baino askoz lehenago ere aldatu genituen, 16 urtetik beherakoen kontu guztiak lehenespenez pribatuak izatea konfiguratzearekin, adibidez», adierazi dio AFP agentziari TikTok-eko bozeramaile batek. Plataformak nabarmendu du kontu handiz gainbegiratzen duela erabiltzaileen adina eta beharrezko neurriak hartzen dituela, eta adierazi du ia 17 milioi kontu ezabatu dituela mundu osoan aurtengo lehen hiru hilabeteetan, erabiltzaileak 13 urtetik beherakoak zirelakoan. Sare sozialak irailaren hasieran iragarri zuen Irlandan gordetzen hasi zela bere erabiltzaile europarren datuak. Halaber, datu-zentro bat ireki zuen Irlandan, pribatutasunari buruzko beldurrak uxatzeko saiakera batean hartutako konpromisoari jarraiki. EBk 2018an onartutako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra da teknologia-gaietako legerik gogorrena, eta herritarrek beren datuak erabiltzeko baimena eman behar izatea bermatzen du.