2023 IRA. 26 - 17:58h X da desinformazio gehien barreiatzen duen plataforma, Europako Batzordeak ohartarazi duenez Lehen Twitter izenez ezagutzen zen X sare soziala da desinformazio gehien zabaltzen duena. Hala ohartarazi du astearte honetan Europako Batzordeak. Twitter izenez ezaguna zen X sare soziala. (Monika SKOLIMOWSKA | DPA | EUROPA PRESS) NAIZ Lehen Twitter izenez ezagutzen zen X sare soziala da desinformazio gehien zabaltzen duena. Hala ohartarazi du astearte honetan Europako Batzordeak. Datu hori Bruselaren programa pilotu baten txostenean jaso da, eta, horrekin batera, plataforma handietan desinformazioaren aurkako Europako praktika-kodea ezartzeko txosten berriak ere argitaratu dira. Desinformazioaru aurre egiteko borondatezko konpromiso batzuk dira, eta TikTok, YouTube, Google edo Facebook bezalako plataformak atxiki zaizkie. Joan den maiatzean, X desmarkatu egin zen. Elon Muskek X kodea sinatu dutenen zerrendatik atera zuen arren, plataforma horretako desinformazio-jarduera jasota geratu da programa pilotu honetan espainiar Estatuan, Polonian eta Eslovakian, lehen Twitter bezala ezagutzen zen sarea kodearen parte baitzen pilotua hasi zenean. «X da desinformazioaren eduki-ratiorik handiena duen plataforma», nabarmendu du prentsaurrekoan Vera Jourová Baloreetarako eta Gardentasunerako Europako Batzordeko presidenteordeak. Komisario txekiarrak azaldu du desinformazioa sustatzen duten eragile eta erakundeek askoz jarraitzaile gehiago izaten dituztela edukiak indargabetzen dituzten egiaztapen-plataformek baino, eta, oro har, plataforma horietako erabiltzaile berriagoak direla desinformazio mota hori barreiatzen ez dutenak baino. Azterketa piloturako hautatutako hiru herrialdeetan, Twitter izenez ezagutzen zenak eduki sentikorraren artean desinformazioa duten mezuen ratiorik handiena erregistratu zuen, desinformazio-edukiarekiko erreakzioen proportzio handiena eduki normalarekiko, eta desinformazio-eragileen ehuneko handiena erabiltzaile guztien artean, %8-9. Jourovak adierazi duenez, kodetik atera arren, X «ez da libratuko» konpromiso horiek betetzetik, Zerbitzu Digitalen Legean ere jasota geratu direlako. Lege hori loteslea da EBn jarduten duten enpresa guztientzat, eta Europako Batzordea ari da haren betearazpena bermatzen. «Ez zidan graziarik egin Twitterrek kodea utzi zuenean, ordura arte lankidetza ona genuelako haiekin eta haien adituekin. Orain konparazio bat dugu, eta honek froga gisa balio dezake kodea funtzionatzen duela eta bere sinatzaileak desberdintasun esanguratsu bat markatzen ari direla», esan du Jourovák. Googlek, adibidez, publizitateagatiko diru-sarreretan 31 milioi euro EBko desinformazio-eragileengana iristea saihestea lortu du, eta 141.823 iragarki politiko baztertu ditu, finantzatzen zituenaren nortasuna egiaztatu ezin izateagatik. Facebooken, desinformazio gisa egiaztatutako edukiak aurkitzen dituzten erabiltzaileen %95ek ez partekatzea aukeratzen dute, eta %37k horiek partekatzeko ekintza ezeztatzen dute desinformazioa barreiatzear daudela ohartarazten zaienean; zifra hori %29,9ra jaisten da TikTok sarean. Txinako bideo-plataformak, bestalde, jakinarazi zuen bere desinformazio-politika urratzen zuten eta elkarrekin 1.000 milioi bistaratze baino gehiago pilatzen zituzten 140.635 bideo ezabatu dituela; Microsoftek ere LinkedInen 6,7 milioi kontu faltsu baino gehiago sortzea saihestu edo mugatu zuen. Halaber, desinformazioaren aurkako estrategiak Ukrainako gerraren errealitatera eta 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan interferentzia izateko aukerara egokitzeko eskatu die komisarioak plataforma digitalei. Aldi berean, Europako Batzordeak Zerbitzu Digitalen Legeari buruzko datu-base bat aurkeztu du astearte honetan, Interneteko plataformek edo bilatzaileek edukiak moderatzeko helburua duena, herritarrak babesteko. Erregistro horretan, erabiltzaileek estatistikak kontsultatu ahal izango dituzte, arrazoi espezifikoen adierazpenak bilatu ahal izango dituzte eduki kaltegarriak edo legez kontrakoak kentzeko eta datuak deskargatzeko, eta Batzordeak analisi- eta bistaratze-funtzio berriak gehituko ditu datozen hilabeteetan.