GAIAK

‘Izar polisariar bat’, Olaia Inziarte eta Eñaut Elorrieta Saharari kantari

Saharari kantari ekimen solidarioaren baitan, ‘Izar polisariar bat’ kantuaren moldaketa libre bat argitaratu dute Olaia Inziarte eta Eñaut Elorrietak, hainbat musikarik lagunduta.


‘Izar polisariar bat’ kantua aurkeztu dute Eñaut Elorrietak eta Olaia Inziartek Saharari kantari ekimenaren baitan. Gomeru talde asturiarraren ‘Una estrella polisaria’ kantuaren «moldaketa libre bat» da.

Mendebaldeko Saharako gatazkaren errealitatea eta saharar herriaren egoera Euskal Herriko gazteei musikaren bidez hurbiltzeko musika ekimena da.

Lehiaketa bezala duela 10 urte jaioa musika Mendebaldeko Sahararen «errealitatea ezagutarazteko sentsibilizazio tresna» gisa erabiltzen du, gizarte zibila azpimarratuz eta, aldi berean, «duela 40 urtetik hona saharar herriak bizi duen egoeraren inguruan dagoen informazio isiltasuna indargabetzeko asmoarekin».

Eñaut Elorrietak sareetan azaldu duenez, ‘Izar Polisariar Bat’, beste hainbat kantarik landu dituzten kantuz osatutako disko baten aurrerapen kantua da. «Saharari kantari Euskalherritik, Saharar herriarentzat elkartasun soinuak biltzen dituen ekimena da. Baina ez hori bakarrik», nabarmendu du.

Kantuaren moldaketa Elorrietak eta Inziartek egin badute ere, Uxue Alberdi idazle, bertsolari eta kazetaria izan dute laguntzaile. Kitarra elektrikoarekin Joseba Irazoki izan dute lagun, baxuarekin Joanes Ederra eta baterian Mikel Fagoaga Leiza. Hainbat haur eta gazte saharar zein euskaldunek ere parte hartu dute.