2023 URR. 06 - 13:40h Jean Mixel Bedaxagarrek ‘Erresiñula kantari’ diskoa aurkeztu du Baionako Elkar argitaletxean aurkeztu du bere lan berria Jean Mixel Bedaxagarrek, ‘Erresiñula kantari’ diskoa. Kantu tradizionalei ukitu propioa eman die kantari zuberoarrak, eta Juan Mari Beltranen eta Errege Baldaren instrumentuak izan ditu bidelagun disko berrian. Jean Mixel Bedaxagar eta Andres Camio Baionan egindako aurkezpenean. (Patxi Beltzaiz | FOKU) Iraitz Mateo Euskal kantagintzan musikari ezaguna da Jean Mixel Bedaxagar zuberoarra, eta ostiral goizean Baionan aurkeztu du orain artean, behintzat, «denbora gehien» eskaini dion lana: ‘Erresiñula kantari’ diskoa. Juan Mari Beltranen eta Errege Baldaren laguntzarekin ondu du diskoa, beraiek arduratu baitira zenbait musika tresna sartu eta melodik sortzeaz. Andres Camiorekin batera aurkeztu du diskoa Bedaxagarrek, eta Elkarreko kideak Bedaxagarren ekarpen handia goraipatu du: «Euskal kantagintzaren garapena ulertzeko ezinbestekoa da Zuberoak izan duen paper garrantzitsuaren eragina onartzea, bertako sortzaile emankorrenetako bat da Mixel». Eta gaineratu du, bere estilo propioa eman diola, baina «ahozko tradizioaren ordezkari nagusienetako bat» dela. 14 kantuz osatutako diskoa da ostiralean argitaratu berri duena. Eta iturri ezberdinetatik edan duela diskoa osatzerakoan nabarmendu du aurkezpenean: pastoraletako doinuak, Etxahun Iruri eta EtxahunBarkoxeren konposizioak, kantu herrikoiak, Xalbadorren bertsoak… Horiek omen dira diskaren osagai nagusiak. Instrumentuei dagokionez, kontatu dute «musika tresna tradizionalen abaroan isurtzen» direla kantuak, txirularen, ttunttunaren edota xirolarruaren hotsak aurkitu daitezkeela. Baina, hala ere, a capella kantatutakoek ere badutela beren tokia. Errege Balda akordeoilaria eta Juan Mari Beltran musikaria izan dira instrumentuetaz arduratu direnak, eta oso eskertuta agertu da kantaria beren lanarekin. Atzera begiratuz, inoizko denbora gehien eskaini dion lana dela aitortu du kantariak: «Egia da aldi honetan pertsonalki lan anitz egin dudala, azkenean antzeman dut lasaitasun bat jubilatuta nagoelako, aurrez egindako lanak errementari lanarekin uztartuz egin behar nituen. Orain denbora gehiago dut eta akatsak baldin badira ene alferkeriaren errua baizik ez da». Aspaldi abiatutako bidea Bedaxagarrek 1983an plazaratu zuen bere lehenengo diskoa (‘Xiberoa’, Elkar), hau eta disko berria eskuartean zituela egin du Baionako aurkezpena, duela 40 urte abiatutako bidea gogoratuz. Harrez gero garbi dauka bidea: «Atzinagokoek egin duten bezala, kantatzez, gure memoria kolektiboa eta euskara hazten ditugu. Esan genezake gure betiko kantagintza, bertsolaritza eta gaurko musikak direla euskararen bigeren bidea».