GAIAK
Elkarrizketa
Deñe Garcia-Bravo Alberdi
Musikaria

«Batzuetan, kanpotik ikusten da bakean gaudela, baina barrutik bestelako zerbait izaten da»

Bost kantuz osatutako lehen lan laburra kaleratu du Deñe Garcia-Bravo Alberdi (Urrestilla, Azpeitia, 2003) musikariak. Bakarkako bidean beste hiru lagun batu zaizkio zuzenetarako eta laukotean ari da ‘Isladen itzaletan’ aurkeztuz. Hala ere, etorkizuneko diskoaren sorkuntzan murgilduta dabil orain.

Zuri-beltzean, argiekin eta itzalekin jolastuz, Deñe abeslari urrestildarra flyschean. (DEÑE)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Kaixo Deñe, zer moduz zaude? Hasteko, azpeitiarra edo urrestildarra zarela esan behar dugu?

Ondo, gustora hemen egotearekin. Azpeitiarra edo urrestildarra naizen horrekin… Azpeitiarrek esango dugu Urrestilla ez dela ezer Azpeitia gabe eta urrestildarrek herria dela diote Urrrestilla. Hortaz, nahikoa saltsa izaten da. Ni nahikoa pasiboa naiz kontu honekin, bata edo bestea esanda ere konforme naiz.

Urrestildarra zarela esango dut, Urrestillan musikak baduelako pisurik.

Bai, badira musika lokalak bertan nahiz eta guk ez entseatu bertan. Ni Jai-Alai jatetxean bizi naiz eta parean amamaren etxea dago, bertan entseatzen dugu, amamaren garajean.

Dream-poparen bueltan zabiltzala esan dezakegu, baina hau dena nondik sortzen da. Zein tokitan, zein instrumentutan izaten duzu abiapuntua?

Teklatuarekin sortzen dut eta gainerakoa estudioan bertan grabatzen dut, ideiak eraman eta bertan egin.

Aurretik ere jolasean asko ibilitakoa zara soinuen bilaketan?

Bada hasiera batean ez. Nire pianoa eta nire gitarra hartzen nituen, estudiora joaten nintzen eta haien esku uzten nuen dena. Baina proiektuak eskatu dit atzeko lan hori egitea, esijentea izan da. Ekoizlearekin duzun harremanak ere konfiantzazkoa izan behar du, eta zer nahi duzun eta zer ez argi eduki beharra dago. Hortaz, teknikoki ere halako gauzak ikasten joan eta barneratzea oso garrantzitsua da.

Ekoizlea aipatu duzu eta Eñaut Gaztañagaz ari zarela esango nuke. Paper hori esleitu diozu?

Eñautekin duela bi urte-edo hasi nintzen lanean eta oso erosoa da berarekin lan egitea. Nik gitarrak ez ditut asko dominatzen eta berak sekulako gaitasuna du ezaguna denez. Hortaz, estudiora joan eta berari laguntza eskatu diot eta batzuetan berak grabatu ditu. Horrez gainera, berak gomendioak ere eman dizkit kantuei zuku gehiago ateratzeko. Hortaz, askotan esango dut, nire kantuak ez ziren gaur egun direnak izango Gaztain Estudioetatik ez banintzen pasako.

Eta gaseosoa izatearena, zuk nahi zenuen zerbait da edota bere gomendiotik hartzen duzu bide hori?

Ni nere inspirazio iturri izan diren kantu eta artistekin joan naiz estudiora. Hortaz, horiekin alderatzen saiatu gara. Argi neukan kantu organikoak eta atmosferikoak izatea nahi nuen, betiko lau instrumentu eta soinuetatik aldentzen saiatu naiz. Hala, diskoaren mezuak ere gero hobeto zabaldu dira. Estudioan hori dena lantzen zoaz eta estudioan abestiekin frogak egiten ibili gara.

«Bake faltsua» aipatzen duzu diskoa irekitzen duen ‘Zu’ kantuan. Zer da zuretzat bake faltsua?

Disko osoa bakoitzaren gabezien eta itzalen inguruan dago zentratuta. Batzuetan, kanpotik ikusten da bakean gaudela, baina barrutik bestelako zerbait izaten da, hori da aipatzen dudan bake faltsua. Gizartean jende askorekin gertatzen den zerbait da, bakoitza bere barne borroketan dagoen bitartean kanpora beste itxura bat ematearena.

Diskoan bigarren pertsonan abesten duzu asko, baina bigarren pertsona hori ere zu zara?

Bai, hori da. Isladak, zu… Askotan galdetu didate nori idazten diodan. Bada, isladen itzaletan dagoen Deñe hori. Askotan itzaletan isladatzen den pertsona hori ez duzu ezagutzen, nahiz eta zu izan, hortaz zu horri abesten diot.

Balada bat ekarri diguzu bigarren tokian, ‘Gabezia’. Kantua entzunda eta dituen dinamikez jabetuta, zure intramundu horretan beti argi izpien bila zabiltza, ezta?

Bai, beti argi horren bila noa. Gure islada horietan argitzen den horren bila dabil Deñe hori eta pila bat jokatzen du islada eta ispilu horiekin. Kantua aurrera doan heinean, beste Deñe bat dago eta nabari da hobeto ezagutzen duela bere burua. Itzaletan dagoen horrek argitan dagoena ez du ikusten maiz.

Irudiaren munduak eragin du diskoaren konposaketan nik uste dudanez, norbera maitatzeaz ere asko ari zarelako. Bidean hori lortzeko tresnen bila ibili zara?

Ez dakit tresnen bila-edo. Disko hau izan da nire gaztetasun honetan pasa dituten fase desberdinen deskribapen modukoa ezta? Ez dakit oraindik argia topatu dudan edo ez, hori ezin da jakin. Gazte izanda aldaketa konstante batean bizi da bat, oraintxe ondo zaude eta oraintxe gaizki. Hortaz, prozesu hori dena kontuan izanda, musika beti izan da bidelagun ezinbestekoa.

Hori dena galdetzen nizun, artisten artean, batez ere gazteen artean, gainexposizioak eragindako frustrazioak eraginda, sarean etenik gabe atentzio bila dabilelako bat baino gehiago. Ez dakit Kutxa Kultur bezalako egonaldietan halako gauzak kudeatzen irakasten ote dizueten.

Bai laguntzen dizutela hori bideratzen eta baita ikasten nabilen ikus-entzunezko komunikazio graduan ere. Beti sarean egon behar dela uste dugu, beti zure burua saltzen ibili behar duzula eta abar. Nik errespetatzen dut hori egin nahi duena. Baina datuak hor daude eta, nik ere egin dut frogaren bat, gehiago saltzen du norekin joan zaren oporretan erakusteak zure musikak baino. Horrek frustrazio bat sortzen du, proiektuan gau eta egun lanean ibili zarelako eta zure bikotearekin oporretara joatean jendeak interakzio gehiago izan duela ikusten duzulako. Orduan, nik uste dut iritsi garela puntu batetara non sarean zure bizitza erakustera iritsi behar duzula dirudien, jendeari hori interesatzen zaiolako. Kantu bat ateratzen duzunean ere ez dizute kantua gustatzen zaien edo ez esaten, nondik datorren edota zergatik idatzi duzun jakin nahi du jendeak, zure bizitza pribatuarekin lotu nahi dute.

Hortaz, Kutxa Kulturren adibidez erakutsi digute zure proiektua promozionatzen zure bizi pertsonalarekin ahalik eta gutxien lotuz. Nik uste beharrezkoak direla tresna horiek, nahiz eta esan dudan moduan errespetatzen ditudan bestelakoa egiten duten artistak. Ni nire kontzertu eta entseguetara mugatuko naiz batez ere, nahiz eta aldian behin bestelako zerbait ere erakutsi dezakeedan. Gainexposizio hori mugatzea da kontua, alegia.

Difusio kanalak eta zabaldu dituzten honetan, bat edo beste bisitatu dut kuxkuxeatzeko eta likeak eskatzen ikusi ditut horietan. Hortaz, arriskutsua iruditu zait eta zurekin partekatu nahi nuen, mentoring programa batean ibili zarenez ea zer esaten dizueten jakiteko.

Algoritmoen kontuarekin esaten digute oso kontuz ibiltzeko. Beste pertsona batentzat ari bazara lanean, beno, ez zara zu, baina zure proiektua denean izan daiteke oso arriskutsua obsesioan erortzeko. Horregatik oso argi izan behar duzu zer jarri nahi duzun eta zer ez sarean zure bizitzaren inguruan.

Hala ere bizitza zoragarria dela abesten diguzu ‘La vida bella’ kantuan. Hutsik eta bakarrik sentitzen ari zaren une bati abesten diozu?

Diskoan aipatzen da atzean utzi behar dela pasa den hori eta gaur gertatzen denari heldu behar zaiola. Atzean uzte horrek gaur egunean uzten digun bakardadeaz ari naiz. Bakarrik bizitzen ikasi egin behar da eta bizitzan noizbait dena atzean utzi eta bakarrik ere gera zaitezke, eta, bizitza, bakarrik egonda ere polita izan daiteke.

Eta hori guztia oraindik aipatu ez dugun koro ederrekin. ‘Hiriko soinuak’ lehiaketako finalean ere kritikak nabarmendu zituen koro horiek. Paula Moreno, Maialen Urretabizkaia eta Olatz Azpiazu dira zure taldekideak eta ahotsekin laguntzen dutenak.

Ahots nagusia nirea da, baina zuzenekoetan hiru ahotsetara goaz. Nire instrumentu indartsuena ahotsa da, uste dut badudala zerbait transmititzeko ahotsaren bitartez, eta zuzenekoetan horretan laguntzen didaten bi neska ditut, hortaz jendea harrituta geratzen da zuzenean entzuten gaituenean harmonikoki sortzen den guztia entzutean. Aipatu duzun leihaketan Itsaso Alberdi etorri zen Maialenen tokian, eta honek ere bikain abesten du. Eta, bateria-jotzaileare, Paulari, ari naiz abestera animatu nahian baina ez dut konbentzitzen. Proiektu honetan ahotsak sekulako garrantzia du eta nik uste dut hori dela alderdi indartsuena.

‘Oroitzapenak’ kantuan soinu berezia entzuten da hasieran, 60-70etako sintetizadorea dirudi. Hala ere, abestiak egiten duen ibilbidea ikusita, hemen musika edota hitzak etorri ziren lehendabizi?

Kasu honetan gaia etorri zen lehendabizi eta diskoak hartu zuen forma ikusita, bide horretara doa kantua. Behetik gora egiten du, beste kantu batzuetan ere egiten dut antzerako zerbait. Intimotasuna eta handi izatea, bi aldeak nahi nituen abestietan. Balada popak egiten ditut pop komertzialetik harago, beti gustatzen zaidalako zerbait intimoa sartzearena.

Erritmikari buruz ez dugu hitz egin orain arte, baina kantuetan badira erritmo batzuk atentzioa ematen dutenak. Zure burutazioak izan dira edota Eñautek sartu du eskua horietan? Erronka handiak sortu ditu zuzenekoetarako?

Audio batzuk eskatu behar izan dizkiot zuzenekoetan gauzak behar den moduan defendatu ahal izateko. Gitarra baten soinua akaso gitarrak egin beharko du, besteren bat teklatuekin… erronka handia da baina moldatzen garela esango nuke.

Katapulta Tourren izan zarete kontzertuak ematen. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso eskertuta eta oso pozik. Lotzen dizkizuten kontzertuen toki eta aretoak sekulakoak dira, gainera, pentsa, guk oraindik diskoa kaleratu gabe genuen gehienetan eta ederra izan da. Sortze prozesua bada zerbait intimoa, gero atzeko lan guztia dago, lan estetikoa ere bai, grabaketako estresa… baina denak zentzua zuzenekoetan hartzen du. Taldea elkartu, entseatu eta zuzenekoetara eramatea da ederrena, nahiz eta askotan ez den erreza izaten, hogei urteko neska gazteak garelako eta bakoitzak bere ikasketak eta abarrak dituelako. Baina zuzenekoen ostean norbait etortzen zaizunean eta hitz ederrak entzutean, indarra ematen du aurrera jarraitzeko. Jendearen gogokoa dela ikusteak, hitzik gabe uzten nau egoera horietan.

Esan duzun moduan estetika ere asko landu duzue. Diskoaren azalari erreparatuz, zure argazki baten islada eta itzalak ikusten ditugu. Zuk zeuk eginak dira diseinuak?

Gaizka Santillanek egindako argazkiak dira, sekulako lana egiten du. Instagram bidez jarri ginen harremanetan eta, nik zer nahi nuen azaldu ostean, bi egunetan sekulako emaitza erakutsi zidan. Kolore urdina neukan argi presente egongo zela, tristura eta iluntasuna adierazteko. Baita morea ere, izan nahi duzun hori adierazteko erabiltzen baita, fantasiaren kolorea da. Behin hori argi izanda, argazkiak egin eta gainerako diseinu lanak nik egin nituen.

Diskoaren edizio fisikoa nola eskuratu dezakegu?

Durangoko Azokan ez dakit Ahotsenean izango naizen edo ez oraindik, eta ez dakit haien bidez eskuratzeko modurik izango den. Baina kontzertuetan izango da diskoa lortzeko aukerarik edota nirekin harremanetan jarrita ere bai. Kamiseta eta poltsa batzuk ere egin ditugu diseinu dotore batekin.

Kontzertuak noiz izango dituzu?

Urriaren 21ean Barakaldon izango gara Hiriko Soinuaken finalean eskuratu dugun sari moduan. Baina orain lasai gabiltza, datorren diskoan zentratuta gabiltzalako behin ‘Isladen itzaletan’ aurkeztu eta gero.

Gozatu bideaz, mila esker.

Mila esker zuei!