2023 URR. 11 - 06:00h NAIZek babesa eman dio indartuta datorren bigarren EZK Fest jaialdiari Iaz hasitako ibilbideari jarraipena emango dio aurten Sestaon EZK Fest jaialdiak. Urriaren 21ean izango da, Labe Garai zaharren parean, egun osoko musika eskaintza eta NAIZek jaialdiaren aldeko apustua berretsi du hitzarmen bidez. ‘Bihotzak sutan’ lemapean egingo den bigarren EZK Fest jaialdiarekin hitzarmena sinatu du NAIZek. (Aritz LOIOLA | FOKU) Iker Gurrutxaga Iaz eguraldi makurra izan bazen ere «arrakastatsua» izan zen EZK Fest jaialdia eta, hartara, bigarren edizioa antolatu dute Ezkerraldeko gazteek. Indartuta dator gainera jaialdia, musika eskaintza oparoa izango baitu bigarren edizio honek. Iaz azaroan egin bazuten ere, hilabete aurreratu da aurtengoan jaialdia eta Sestaok hartuko dio testigua Portugaleteri. Los Chikos Del Maiz, Merina Gris, Hofe x 4:40, Biznaga, Brigade Loco, Sua, Las Sexpeares eta Quaaluders taldeak arituko dira. Kartel benetan interesgarria osatu dute ‘Bihotzak sutan’ leloa eramango duen bigarren edizio honetarako. Eguerdiko 12:00etatik goizaldeko 02:00etara luzatuko da jaialdia. «Zoragarria eta beharrezkoa den zeozer sortu zen iaz EZK Festekin, auzolanean eta komunitatean oinarrituta. Gure eskualdeak eskaintza kultural oparoa du, tokian toki, kultur areto txiki, gaztetxe eta bestelako oinarri sendoekin, baina, paradoxikoki, jaialdi masiboagoetara beti irten behar izaten gara inguruko herrietara. Hutsune hori betetzeko asmoz, EZK Festek Ezkerraldeko gazteen -eta ez hain gazteen- topagune izan nahi du, eskaintza lokalez gain ekimen orokorragoa proposatuz. Ezkerraldean inoiz burutu den jaialdi autogestionatu handienetakoa da, elkarlanaren filosofiaz eraikia. Aurten, indarrak berrituta eta erronkari neurria hartuta, berriro ere antolatu dugu EZK Fest. Anbizioz, pixka bat handiagoa, pixka bat hobea», aipatu dute antolatzaileek. Hitzarmena NAIZekin NAIZek hitzarmena sinatu du EZK Fest jaialdiarekin: «guztiz bat egiten dugu jaialdi honek defendatzen dituen balioekin eta bultzatzen dituen helburuekin. Eta aurten ere iazko hitzarmena berritu eta indartu nahi izan dugu, jaialdi hau urtetik urtera hazi dadin eta Euskal Herri osora proiektatu dadin gure alea jartzen saiatzeko, kazetaritzatik. Gainera langile klasea historikoki bertan izan duen garrantzia kontuan izanda, hor egon behar genuen», aipatu du Asier Iñigo NAIZeko marketing arduradunak. Gainera, aurtengoan toki ikonikoan izango da jaialdia, Sestaoko Labe Garaiak aipatu langile klasearentzat toki oso garrantzitsua izan baita urte luzez. Hala, hitzarmenaren baitan, jaialdiari jarraipen mediatikoa emateaz gainera, NAIZeko harpidedunek %40ko deskontua izango dute sarrera harpidedunen txokoan eskuratuz gero. Gainerakoek sarrerak eskuratzeko moduan dituzte 22 euroren truke Ezkerraldeko eta inguruko herrietako hainbat tokitan: Taxka (Santurtzi), Kuttun Art Denda (Sestao), Casa Vicente (Portugalete), Union Sport (Barakaldo), La Plaza (Algorta) eta Errondabiden (Bilbo). Interne bidez ere eros daitezke Ticketic webgunean eta egunean bertan ere salgai egongo dira guneko sarreran, kasu honetan 25 euro ordainduta.