GAIAK

Xabier Zeberiok bere ahotsa aurkitu du lehen bakarkako lanean, ‘Pause’

‘Pause’ izena du Xabier Zeberio musikariaren bakarkako lehen lanak. Bederatzi abestiz osatutako diskoa aurkeztu du ostegun goize honetanan Donostian. Bere ahots propioaren bila ibili dela aitortu du Zeberiok. Gehitu du prozesuari garrantzia berezia eman diotela.

Xabier Zeberiok bere lehen bakarkako lana aurkeztu du, ‘Pause’. (Andoni Canellada | FOKU)

Euskal musikagintzan izen ezaguna da Xabier Zeberio, Oskorri zein Alos Quartet taldeengatik ezagutuko dute gehienek, baina ostegun goizean bere lehen bakarkako lana aurkeztu du: ‘Pause’. Bederatzi abestiz osatutako CDa da, horietako bi doinu herrikoietan oinarrituta. Donostian aurkeztu du bere lehen bakarkako lana, eta bi kantu zuzenean entzutea oparitu die bertaratutakoei.

Aitor Etxeberria ekoizlearekin eskuz esku landu du eta Forbiden Colours disketxearen zigilupean plazaratu dute. Bakarka aurkezten duen lehen lana dela aitortu du aurkezpenean, «baina ez bakarrik», eta berekin izan dituen lagunei eskertza berezia eskaini die: Iñar Sastre pianoan, Aitor Etxeberria pianoan eta soinu diseinuan, Liam Ó Maaonlai ahotsean eta arpa zeltiarrean, Markel Zeberio biolontxeloan eta Alos Quartet taldearen kolaborazioak. Musikariei ezer idatzirik ez ziela eman adierazi du, ideia azaldu ziela eta fokua zein zen adierazi, baina gehiegi sakondu gabe, «askeago» egin zezaten lan; bere ustez hobe funtzionatzen baitu musikariak horrela.

Bi urte baino gehiagoko prozesua izan da eta Zeberiok prozesuari berari eman dio garrantzia: «Konfinamendu garaian hasi zen, materiala sortzen hasi nintzen helburu zehatzik gabe, eta beste eremu batzuk arakatzera eraman ninduen horrek». Material dezente pilatuta Etxeberria lagunari erakutsi zizkion «apunte» horiek,  eta kontatu du berak bultzatu zuela forma eman eta zerbait egitera.

Ahots propioaren bilaketa

Etxeberriaren esku «asko utzi» duela nabarmendu du Zeberiok, eta egun, erabaki hori hartu izanaz asko pozten dela gehitu du. «Abesti gehiago zeuden grabatuta, niretzat onenak ziren batzuk utzi ditu diskotik kanpo Aitorrek, baina konturatzen naiz disko osoa entzuten baduzu badagoela hari bat, eta ez dela tema solteekin egindako collage bat».

Bere ibilbidean disko hau mugarria izango duela ia ziurtzat jotzen du Zeberiok, lan «intimista» bezala deskribatu du eta «gauzen esentzien bila» ibili direla kontatu. «Erronka nagusia gauza sinpleetatik sentsazio bereziak sortzea izan da», eta horretarako lankidetza «ezinbestekoa» izan dela uste du; izan ere, musikariaren ustez kontserbatoriotik edota musika klasikotik datozen musikariei asko kostatzen zaie «mamu batzuk uxatu eta askeago ibiltzea».

«Kendu eta kendu» ibili izanaren sentsazioa du Zeberiok, eta Etxeberriak kentzearen arrazoia azaldu du: «Hain melodia politak sortzen ditu Xabik, abesti batean zortzi abesti ikusi izan ditudala, eta melodia bati heldu behar genion». Bakarkako lan honetarako, bere ahots propioa bilatzen lagundu dio Etxeberriak: «Nire lana izan da Alos Quartet taldearen barrutik Xabi hartzea, nire ustez publikoak bere sonoridadea harrapatu behar zuen».

Eta bilaketa horretan gustura sentitu da musikaria: «Uste dut erakusten duela egun naizen musikaria, barne-bake handi bat sentitzen dut, nire buruarekin leiala izan naiz». Kontatu du ez dela izan publikoarengan pentsatuta egin duen lan bat, baina hala ere, feedback ona jasotzen ari dela.

Estudioko bidaia

Grabaketak ere ez du ohiko prozesua jarraitu musikariaren arabera; izan ere, kontatu du normalean konposizioak amaituta eramaten direla estudiora, sortuta, entsaiatuta eta grabatzeko prest izaten dituztela. Baina, bere kasuan ez dela horrela izan, eta estudioan urtebete baino gehiago igarotzeko «ohorea» izan duela aitortu du. «Denboraz, mimoz egindako artisau lan zorrotza da», hala definitu du Zeberiok berak ‘Pause’, eta hori bideari zor zaiola esan du.

Estudioan urtebete igarotzeak, baina, egunero joaten zenik ez duela esan nahi azaldu du, baizik eta estudioko egunak «modu dilatatuan» erabili dituztela. Etxeberriak esan du, beretzat estudioan Zeberiorekin lan egitea «bainuetxe batean egotearen parekoa» izan dela. «Estudioan gauzak gertatzen dira, eta horrek abestiak aldatzea dakar, aukera hori izan dugu eta ederra da, beti ere fokua argi baldin baduzu», aitortu du.