2023 URR. 29 - 00:00h Jersey, bi kulturaren nahastea eta nortasun oso berezia Mantxako kanalean dauden uharte anglo-normandiarretan handiena da Jersey. Administratiboki ere gainerako irletatik bereizitako toki subiranoa da. Historia aberatsa du, nazi okupazioaren memoria bizia, kostalde ederra eta irudikatuko ez genituzkeen bestelako harribitxiak ere bai. Testua: Urtzi Urrutikoetxea Argazkiak: U.U eta (Jersey Turismo) Britainiar uhartea izan arren, Normandia eta Bretainiarekiko lotura estuak dituzte eta nortasun autonomoa dute. Halaber, Mantxako kanalean daukaten kokagune bereziak definitu ditu luzaroan irla anglo-normandiarrak. Jersey da uharteotako handiena; antzeko errealitate administratiboetan gertatu ohi denez, fiskalitate bereziak egiten du ezagun hainbatentzat (askoren paradisu fiskala izateak, alegia), eta egia da hiriburuak baduela gune finantzario baten itxura daukan txokorik. Baina hortik kanpo, 80 kilometroko kostalde zirraragarria daukan 120 kilometro koadroko uhartea da Jersey; hondartza luzeekin zein kala malkartsuekin, bisitatzeko ezin erakargarriagoa den lurraldea da. Frantziatik oso gertu dago Jersey (25 kilometro daude ekialdeko kostaldetik), egun argiz, Normandiarainoko ikuspegia dago. Kontinentean, parean daukan eskualdearen antzeko frantses hizkera egin ohi zen uharteotan ere, egun ingelesa nagusi izan arren. Jerriais hiztunak oso gutxi dira II. Mundu Gerraz geroztik, baina irlako toponimiari dagokionez, edozein txokok, etxe-izenek zein ospakizunek, frantsesaren aldaera honetan izaten dute izendapena. Ekainean egin ohi dute La fête du jerriais jaia; era berean, Fête Nouomande ere uharteetan zein Frantziako Normandian bertan egiten den ospakizuna da (urtero lekuz aldatzen da, Jerseyn 2018an egin zuten azkenekoz), eta frantses jatorriko baina era berean Ingalaterran ere nabarmen eragin duen hizkera eta kultura honen berri izateko aukera paregabea da. Mendeetan Frantziaren eta Ingalaterraren arteko topagune historiko eta, era berean, oso burujabea izan den lurraldea izanik, bada irlan une historiko bat, modu berezi eta tragikoan aipatu ohi dena: ia bost urte iraun zuen nazi okupazioa. Irla anglo-normandiarrak izan ziren Alemaniak mendean hartu zituen britainiar lurralde bakarrak; Frantziatik hain hurbil egonik, defendatzea ezinezkoa zitzaiola ikusi zuen Londresek, eta 1940an alemanek okupatu zituzten. Era berean, aliatuek ez zuten uharteok askatzeko ahaleginik egin, Normandian lehorreratzera zihoazen ontzi eta hegazkin militarrak irletatik ikusi eta entzun zituzten arren. Hala, alemanen mende egon ziren gerra amaitu arte. OKUPAZIOAREN MEMORIA Gaur egun Jerseyko hainbat lekutan agerian daude okupazioaren arrastoak. Kostaldeko leku gehienetan begien bistan daude, alemaniarrek hondartzak hesitu, minaz bete eta labarrak eta harkaitzak bunkerrez eta defentsa sistema batez bete baitzituzten. Garai hari buruz ezagutzeko lekurik onena, baina, Jerseyko gerrako tunelak dira. Lurpeko ospitale edo Ho8 (alemanezko Hohlgangsanlage 8-ren laburdura) izena ere hartu ohi dute irlaren erdialdeko St Lawrence-en nazi okupazioan eraikitako kilometro bateko tunelek. Gerrako tuneletatik hegoaldera, Quetivel errota bazterrean utzita, St Auben-eko badia luzeraino jaisten den errepidea hasten da. Izen bereko herri ederra eta St Helier Jerseyko hiriburua lotzen dituen hondartza luzea da, eta, udan jende asko egon ohi den arren, zabal-zabala da hareatza, mareak behera egiten duenean batez ere. Mantxako kanaleko bazterrotan, Normandia, Bretainia eta irla anglo-normandiarren txokoan, mareak oso biziak dira, eta itsasbeheran ehunka metro egiten du itsasoak. Kostaldeko bidea hartzeak badia gordeak, nazien bunkerrak eta tarteka hondartza zabalak ikusteko aukera ere ematen du. Hala, St Aubin-etik mendebaldera, Portelet eta Beauporte-ko hareatzak daude, eta, bien artean, St Brelade-ko badia dotorea dago, uhartearen hego-mendebaldeko muturra markatzen duen La Corbiere-ko itsasargira iritsi aurretik. Hemendik iparraldera, St Ouen Jerseyko badiarik luzeena hedatzen da 8,5 kilometrotan, bateko dunen eta besteko mareen eraginaren artean. Dozenaka aukera daude St Ouen-en, surfeko eskola, tartean. Iparralderago, berriz, Jerseyko Le Pinacle granito arrosazko eremua dago; Harri Aroan zein erromatarrenean erabili zen. HARRIAK ETA GAZTELUAK Historia luzeko uhartea da Jersey, izan ere. Trikuharri bat baino gehiago daude irlan, ekialdean batez ere, itsasotik hurbil egon ohi diren muinoetan. Le Couperon edo, bereziki, Faldouet-eko trikuharriak (La Pouquelaye de Faldouet) duela 6.000 urteko altxor neolitikoa erakusten digu. Lerro-lerro eraikita dago, udazken eta udaberriko ekinokzioetako egunsentiarekin bat egiteko. Ez da Jerseyn lerrokatze horrekin egindako eraikuntza bakarra: La Hogue Vie ere munduko eraikin zaharrenetakotzat jotzen da, eta ganbera zaharra ere ekinokzioetako egunsentiarekin lerrokatuta dago. Gaur egun, Neolito garaitik aleman okupaziora bitarteko historia ezagutzeko txokoa da. Trikuharritik kostaldera jaitsita, berriz, Grouville-ko badiaren amaieran eta Gorey herriaren gainean, filmetako efektu bereziekin egindakoa dirudien gaztelu erraldoia ageri zaigu pare-parean. Orgueil gaztelua, Lé Vièr Châté da jerriais hiztunentzat, eta Gorey-ko gaztelua ere esaten diote, sinpleki, ingelesez. Normandia eta Ingalaterrako erresumara bat eginik, lau mendetan zehar frantsesen konkista ekinaldiei eusteko lekua izan zen. Gaur egun, berriz, Jerseyko txango guztietan ezinbestean bisitatu lekuetako bat da; Erdi Aroko defentsa sistemek, katapultek eta gazteluaren harresien artean gordetzen diren bestelako txokoek gurasoen zein seme-alaben irudimena pizten dute, zalantzarik gabe. Ekialdeko zein mendebaldeko kostalde eta hondartza luzeen aldean, uhartearen iparraldea malkartsuagoa da, kala eta badia itxiagoekin. Hala, itsasertzeko zein barnealdeko bidexkek ibilbide paregabeak eskaintzen dituzte. Asteburuetan, gainera, bizikletaz ibiltzeko prestatu ohi dira errepideotako asko. Iparralde honek ondare aberatsa dauka, cottage dotoreak, herrixka atseginak eta behinolako Jerseyko bizimodua ezagutzeko museoak, horretarako egokitutako etxaldeetan sarritan. Hamptonne Country Life Museum, esaterako, XV. mendeko baserri batean kokatuta dago. Normandia ezagutzen duenak susmatuko duen legez, hemen ere sagarraren eta sagardoaren kultura oso errotuta dago, eta etxaldea da horren adibide. Hemendik bi kilometro eskasera, The Elms dago; XVIII. mendeko georgiar etxea da. Beste kilometro batera, St Peter’s Windmill haize-errota urrundik ikus daiteke. Egun, Catherine Best bitxi-denda dago 1837ko eraikin historikoan. Jersey iparraldeko gune ezagunik aipatzekotan, baina, Durrell zoologikoa (Jersey zoo, ofizialki) da mundu osoan uhartea famatu duten lekuetako bat. Gerald Durrell idazle eta naturalistak sortu zuen, eta arreta berezia eskaintzen diote mehatxatutako espezieei eta zauritutako animalien berreskurapenari, gero berriz ere askatzeko. Gisako beste gune batzuetan baino espazio zabalagoak izaten dituzte animaliek. Uharteko txoko batean egonda ere, posible da autobusez heltzea; uharteko bisitarik bereziena da honaino iristen diren askorentzat.