2023 URR. 30 - 07:00h Seul udazkenean: Gingko hori baten distirak Urtaroen igarotzeak hirien koloreak eta izaera aldarazten ditu. Seul, Hego Koreako hiriburua, bere parkeekin eta lorategi eta basoz inguratutako jauregiekin, bereziki ahula da aldaketa horien aurrean, eta udazkena da ñabardura gehiagorekin janzten duena, pintaturiko eztanda liluragarri batean. Xabier BAÑUELOS Urre-kolorez jantzitako landare-adaburu ikaragarri baten distirak argitzen du gure begirada. Joseon jauregi bateko teilatuaren kurben gainean ageri da, zerua aire lasaiaz ebakitzen duen profilarekin. Sugarrik gabeko sua osatzen du hosto bakoitzaren gainaldean, txortenetik puntaraino. Yin xin bat da, udazkeneko kolorekoa, antzinatik, garai arkaikoetatik, iritsia; Lurra kontinente handi bat zenekoa, Pangea, eta itsaso handi bat, Panthalassa. Permiar aroko ondarea dela esaten badugu, ziur aski ez dugu jakingo denboran kokatzen; gure planetan duela 290 milioi urtetik dago. Mendebaldean izen zientifikoagatik ezagutzen dugu espezie hau, Gingko biloba. Zuhaitz guztien herenamona da, benetako fosila, zeinaren xilemari bizitzaren eta edertasunaren izerdia darion oraindik. Txinako eskualde urrun batean du jatorria, baina gaur egun Asia urrun horretan ia ikur bat da, oraindik ere gure exotismoen sentsoreak aktibatzen dituena. Negua utzi ondoren, hosto berdeak ateratzen zaizkio. Baina udazkena heltzen denean, urre-kolorea hartzen dute, eta adarren artean metatuta, eguzkiaren argiak laztantzen dituenean, herensuge baten milaka malkoen isla dirudite, laster erori eta lurra, ametsak eta nostalgiak elikatuko dituztenak. Seulen han eta hemen aurkituko ditugu abaniko formako hostoak dituzten zuhaitzok, santutegietako lorategietan, errege-egoitzetan zein etxe orratzez jositako etorbideetako parterreetan. Hamaika tokitan hedatuko den irudia da. Udazkena hiri handian Ez irudikatu udazkenaren ohiko kutsu malenkoniatsuarekin. Seul gauza asko izan daiteke, baita apur bat kitsch-a ere, baina ez da adoregabea eta ez zaio dekadentzia sintomarik antzematen. Hiriak identitate berria hartzen du urteko sasoi honetan. Urtaro aldaketagatik metamorfoseatuta, eta beti hotza den neguaren zain, azalberritu egiten da zenbait astez, bere izatearen alderdirik kuttunena erakusteko, ezkutu samar egoten dena, modernotasunaren eta hiri handiaren frenesiaren artean bere unea noiz iritsiko zain. Izan ere, hiri handi, dinamiko eta berritzaile batean gaude, 10 milioi biztanleko hirian, are 24 milioi direnak, Incheon, Goyang, Suwon, Seongnam, Gwangju eta abar batzen baditugu, munduko laugarren ekonomia metropolitarra. Asiako motor ekonomikoen artean dagoen eta «hiri globaltzat» jotzen den metropoli honek ez dirudi poesiarako edo xamurkeriarako eszenatoki egokiena. Hala ere, kontraste horren ondorioz, sentibera da. Bertako espazio eta uneez gozatzea mundu onirikoetara hurbiltzea da, Van Gogh-ek margotutako koadro inpresionista baten berotasuna dauka, kasualitateak baino giza talentuak sortuak diruditen argi eta koloreekin. Seul mugimendu handikoa eta zalapartatsua da baina lasaia; berritzailea eta Mendebaldetik oso hurbila baina han-hemen usadio zaharren ukituak dituena; sofistikatua eta kosmopolita baina aldi berean herrikoia; kale eta merkataritza-gune futuristak ditu eta ondoan merkatu eta azokatxoetan jendea tratuan. Arkitektura harrigarrien nahasketa bat ikusiko dugu, hanok etxe tradizionaletik forma ausartenetara doana. Eta sintesi bat da, gaur egungo herrialdearen amalgama, XX. mendeko korear mirariaren ikurra, etorkizunari begira dagoena batez ere baina oin bat tradizioan duena. Agian kontraste horiengatik da hain hiri interesgarria eta hain ondo ematen dio udazkenak. Impasse bat bezala irekitzen da, espazio pungsu bat –feng shui korearrean–, non harmonia paisaiaz jabetzen baita eta arima berrabiarazten laguntzen baitu. Aipatu dugun unea iritsi da, liluraren unea; bigarren nortasun horrek inbaditu du dena. Hala, hiria fintasunez eta oparotasunez makillatzen da, Donizzettiren opera baten konpasei jarraituz, zeinak erromantizismo bizia uztartzen duen antzinako kultura batek berezko duen harmonia eta sotiltasunarekin. Seulen, udazkenean, altzairua, zementua eta kristala zuraren arrearekin eta arropak kendu aurreko koloreekin txandakatzen dira, gingkoen urre-koloreko horitik astigarren gorri bizira; Japoniako udazkenarekin soilik aldera daitekeen benetako ikuskizuna. Kolore errezitala Melankoliaren urtaroan gabiltzala, kolorea nonahi aurkituko dugu Seulen. Egia esan, ez da urteko garai honetan soilik ikus daitekeen zerbait, beti egoten baita bere arkitektura klasiko eta egungoetako mihiseetan, Myeongdongeko eta beste auzo batzuetako argiterian, eta itsasoaren kontra inguratzen duten muinoetan. Baita Namdaeum, Dogmyo edo Noryangjin-eko merkatuetan, Bampo zubiaren ur-jauzi iridiszenteetan, Insadong Gil bezalako oinezkoentzako kaleetan, eta hanok esaten dieten etxe tradizionalez beteriko Buchon eta Eunpyeong-en. Baina udazkenean, zuhaitzek beren metamorfosi berezia jasaten dutenean, kolorea mistika bihurtzen da, non Konfuziok eta Budak tatarantela bat dantzatzen duten, tao doinuan, Johannes Itten eta Paul Kleerekin, Katsushika Hokusaik zuzentzen dituela. Kaleak, etorbideak, plazak eta, batez ere, parkeak eta lorategiak tonu amultsuz gainezka egiten dute. Tentazioa da berdea, horia eta grana gailentzen direla esatea, baina egia hori ez da guztiz egia. Izan ere, hirukote horren intermezzoetan zorioneko gama bat zabaltzen da, ñabardura-unibertso bat, naturak soilik eskain dezakeena, nahiz eta hiri batean harrapatuta egon. Hainbat zuhaitz- eta zuhaixka-espeziek oparitzen digute beren lirika kromatikoa, baina bi dira protagonistak: gingkoa eta astigarra. Bien artean mugarik eta ispilurik gabeko kaleidoskopio bat eraikitzen dute. Lehenak mila tonuz ñabartutako pintzelkada horiak ematen ditu, eta bigarrenak, berriz, gorriak leuntasunez degradatzen ditu. Okre eta laranjen arteko bidean elkartuko dira biak. Seulen udazkenaz gozatzeko, hango parke eta lorategiak baino hoberik ez dago. Han izeneko ibaiaren hegoaldean, 1988ko Olinpiar Jokoetarako eraikitako parke olinpikoa nabarmentzen da. Munduko Bakearen Atea eta Bakearen Plaza zeharkatu ondoren, kolore-orbanek zipriztinduko gaituzte belar-muinoen, eskulturen eta erakusketen artean. Hiriaren bihotzean, Namsan parkeak bere 265 metroak zutitzen ditu uharte bat bailitzan itsaso urbano batean. Basoak erabat hartzen ditu bere hegalak, eta urrutitik kilim kororetsu bat dirudite. Baina zuhaitz hostogalkor eta aldakorrez betetako parke nagusia Bukhansan da; ia 80 kilometro koadro dituen gune babestu hau udazkenean kolore festa izugarria da. Baina gustuko ditugu parke txikiagoak ere, hala nola Jongmyo; herritarrak biltzen dira bertako santutegiaren ondoan giro atseginean janggi-an jokatzera, txinatar xakearen tankerakoa, baita baduk-ean ere. Gyeongbokgung jauregia Apartekoak eta, zalantzarik gabe, gure leku gogokoenak dira Joseon dinastiaren jauregi-multzoetako lorategiak. Handiak eta labirinto formakoak, teilatu gris eta lerromakurrei, filigranaz betetako teilatu-hegal eta saloi dotoreei, ingurune eder eta ebokatzaileak gehitzen dizkiete. Leku gutxi daude Hwangwonjeonen pabiloia bezain xarmagarriak, Gyeongbokgung jauregian. Nenufarrez beteriko urmael batek inguratuta eta Bukhansanen hondoarekin, Ekialdeko edo≠zein ipuin egia bihur liteke. Ez oso urrun, gingkoen hostotza horia maitaleen topaketen babesleku bihurtzen da. Changdeokgung eta Changgyeonggung jauregiak lerro ikusezin batek bereizten ditu. Garai bateko Huwon errege-lorategia partekatzen dute biek. Hiru edenek osatzen dute: Biwon edo Lorategi Sekretua, Naewon, Barrualdeko Lorategia eta Geumwon edo Lorategi Ahaztua. Beren txinar pagodarekin, kristalezko etxearekin, 300 urterik gorako zuhaitzekin eta udazkeneko zapore, usain eta ortzadarrez inguratutako urmaelarekin, ilusio batean murgiltzen gaituen fantasiarako gonbita dira. Gure azken lorategi kuttunena Deoksugung jauregia da, tradizioa errespetatuz eta kolorez josia, kanonetatik ateratzen baita, arkitektura klasikoa Europako neoklasiko eta art déco-arekin nahastean. Zaha Hadid-en Dongdaemun-en barneratzea besterik ez zaigu falta, eta tunelaren amaieran, titaniozko bihurduren artean, astigar gorri baten orri piztuak ikustea.