2023 AZA. 16 - 08:00h Lokiz: begi eta amildegi, denak ikusgarri Urbasa eta Andia dira Nafarroa mendebaldeko mendi ezagunenak, baina Lokizek parez pare begiratzen die hegotik. Mendikate luzea da, Arabako lurretara iristen dena. Geologikoki oso aberatsa, klimatologikoki bi isuriak eraldatzen ditu zeharo. Lokizko begi eta amildegietan barrena murgilduko gara. Panoramika ikusgarriak eskaintzen ditu ibilbideak. Andoni Urbistondo Mendi buelta emateko ohitura errotuta dago oso Euskal Herrian. Mendiren bat hautatu, bertara igo eta etxera buelta. Mendirik igo gabeko txangoak ere egin daitezke, eta Lokiz mendilerroak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen du, Nafarroa hego-mendebaldean, Arabako alderdietaraino: mendi buelta egin, gailurrik egin gabe. Iparrera, Ameskoa aldera zintzur eta arroilen bitartez etzaten da Lokiz. Hegora, Metauten, Allin eta Lana bailaretako trantsizioa askoz basatiagoa da. 200 metroko haitz ikusgarriek osatzen dute Lokizko goi lautada eta bailararen arteko tartea, eta bisitariari paraje ikusgarriak eskaini, 30 bat kilometroko mendilerroan. Lizarratik Metauten bailarara iristeak goizetan begiak irekitzeko izan ohi ditugun komeriak uxatzen ditu Lokizek kolpe bakarrean. Bailara zabala, erein berri dauden galsoro distiratsuekin, eta ikusmiraren bukaeran Lokiz mendilerroko hormatzarrak. Ganuza eta Ollobarren dira haitzetatik gertuen dauden herrixkak. Bakea, lasaitasuna usaintzen da dozena gutxi biztanleko herri zahar horietan. Ganuza hautatuko dugu abiapuntu gisa, eta herri atarian dagoen aparkalekuan utzi autoa. Mendizale gehientsuenek Ollobarrengo begia bisitatzeko hautua egiten dute, Lokizko bi isuriak zeharkatzeko aukera ematen duen bakarra delako. Begi itxurako beste formazio geologiko guztiak sarrera-irteera bakarrekoak dira. Ollobarren begiak jende andana erakartzen du, eta guk San Prudentzio begia bisitatuko dugu, jende gutxiago bertaratzen dela baliatuz. Ganuzatik bi pasabide daude Lokizko goi ordokira iristeko: mendate berria, eta zaharra. Herria atzean utzita, iparrerantz abiatuko gara, futbol zelai baten ondotik, mendate berrirantz, Zologorri amildegian barrena (mendate zaharreko xendak ipar ekialdera egiten du). Ordu erdi eskasean, zoruan hesi bat dagoen tokian, mendate berriko bidea ezkerrean utzi eta ekialdera egingo dugu, Lokizko haitzen magaleko xendari ekiteko. Bidegurutzea baino lehen arroka handi bat ikusiko dugu, erdiz erdi hautsia. Mitologiak dio arroka San Prudentzio Santuak hautsi zuela, ihes zihoazen fededunei Lokiz gaina iritsi eta bizirik iraun ahal izateko. Goizeko haize freskoa berotzen hasi da, pixkanaka, eta berarekin putreei hegan egiten laguntzen dieten korronte termiko beroak. Dozena erdi sai buruz gain ikusi ditugu, planeatzen. Lokizen haiek dira nagusiak, ez gu… Haitz edo horma azpiko xendak lege muga garrantzitsua du. Sai zuriak habiak egiten ditu gizakiontzat irits ezinak diren haitz tente hauetan, eta martxoan hasi eta irailaren 15era arte debekatuta dago xenda horretatik ibiltzea, sai zuria babesteko helburuz. Xendak haitzen magalean bidea egiten du. Haitzak uki daitezke hatzekin, eta tarteka ezpel, arte eta sabina sastraka batzuk badaude ere, erraz egiten da martxa, aldapa handirik ez baitago. 100-150 metroko haitz erraldoiak buru gainean edukitzeak inpresio handia egiten du, baina are ikusgarriagoa da geologiak Lokiz mendilerroan milioika urtetan egin duen arkitektura lana: zuloak, begiak, artesiak… nonahi ikus daitezke, eta gizakia, bere txikitasunean, naturaren aurrean ez gauza dela jabetzen da azkar. San Prudentzio begia Geologiak bi ezaugarri behar ditu, nahieran jarduteko: denbora eta presioa. Bietatik nahi beste izan ditu, gure planeta hau jaio zenetik, eta izango ditu, gizakiok desagerrarazten ez badugu, behintzat. San Prudentzio begia da, geologia formazio ikusgarri horietako bat. Hara iristeko besoak erabili beharko ditugu tarteka, baina kate bat bada, arrokari itsatsia, igoera, eta jaitsiera, seguruago egiteko. Begira iristeko 20-25 metroko arroka barruko tartea pasatu behar da, eta bide beretik bueltatu, sarrera eta irteera bakarra baitu. Begia Komeni da motxilak atarian uztea, enbarazu egingo digutelako, eta argazki kamera bakarrik eramatea. Kopetako argia eramatea ere komeni da, baina hura gabe egin daiteke begirainoko bidea, sakelako gailuaren argiarekin, adibidez. Minutu pasatxoa ilunpean eta lau oinetan ibili ostean, begi aurrean agertuko zaigun panorama zoragarria da: lauzpabost metroko altuera duen begia, hiru bat metroko zabalera, eta gure hankapean amildegi sakona, Metauten bailara eta bere herrixka dotoreak, eta Lokizko haitzak, Lana bailara alderantz. Mundua geratu egiten da han, eta egunerokoaren kezkak desagertu egiten dira, tarte txiki batean bada ere. Gerriari eta bizkarreko giharrei zigortu txikia eman diegu, xendara bueltatzeko, eta Ganuzako mendate zaharrera daraman bidearekin bat egin. Bailaratik mendiko larreetara daraman pasabide naturala da mendate zaharra (1.043 metro). Haitz ikusgarriak hankapean dauzkagu orain, eta larre eta sastrakaz osatutako goi ordokia dugu begien aurrean. Pauso batera Lokizko Santiago ermita ikusiko dugu, baina hura bisitatu ordez, amildegira hurbilduko gara, Sartzaleta mendiaren atarian (1.110 metro). Hamaiketako on bat lagun, inguru basatia nonahi, amildegi ikusgarriak begien aurrean, eguraldi ezin hobea… Gure bizkarrean daude Sartzaleta eta Ibirin gailurrak, Lokiz mendilerroko garaienetakoak. Haiek bisitatzeko azken ahalegina egingo ote dugun eztabaidatu dugu, sabel orroak apaldu ondoren, eta ezezkoa erabaki dugu. Tontorrik igo gabe ere asko gozatu daiteke Euskal Herrian. Lokizen, adibidez.