2023 ABEN. 02 - 00:34h E.H. Sukarra: Atzokoaren eta gaurkoaren arteko oreka ordu eta erdiko rock deskarga batean Bilboko Santana 27 aretoan eman diote bukaera 2023ko kontzertu sortari E.H. Sukarra taldekoek. Pozik ziren entzuleak eta pozik musikariak areto goxo horretan egon den giroarekin. Orain atseden hartuko dute, baina gehiagoren gogoz daudela ere argi utzi digute talde eibartarrekoek. Mikel Gorosabel ‘Norton’, Loiola Madera eta Cesar Tejada dira egun E.H. Sukarra. (Aritz LOIOLA | FOKU) Iker Gurrutxaga «Jimmy Jazzen izan ginen duela ez hainbeste eta bira bukatzeko pastelari ginga jartzea bezalakoa izan da hau» esan digu Mikel Gorosabel ’Norton’ E.H. Sukarra taldeko gitarra-jotzaileak kontzertua bukatu osteko hitz trukaketan. Ordu eta erdi zehatz iraun duen kontzertua izan da Bilboko Santana 27 aretokoa eta, egiari zor, oso arin pasa zaigu bertan ginenoi. Giro goxoa topatu dugu Bilboko Bolueta auzoko aretoan kanpoko euri eta hotzari aurre egiteko. Ateak ireki aurretik jende askorik ez, baina, ireki orduko denak barrura, 150en bat jarraitzaile. Fatboy Slimen doinuak entzuten genituen bitartean agertu dira hiru musikariak oholtzara: Mikel Gorosabel ’Norton’, Cesar Tejada eta Loiola Madera. Publikoaren bataz besteko adina nahikoa altua izan da, eta, hiru gizonek eskainitako rock kontzertua izateko, emakume asko zegoen ikusleen artean, akaso publikoko gazteenak gainera. ‘Hemen gaude’ kantua izan da eskaini duten lehendabizikoa, taldearen diskoen errepasoa egiten duen kantua eta publikoari oholtzara zergatik igo diren adierazteko erabiltzen dutena: «Heldu da momentua barruan daukaguna zuekin elkartrukatzeko; hauxe da momentua barruan daukaguna zuekin elkartrukatzeko». Segidan etorri da lehen klasikoa, ‘Argi ibili’, eta publikoaren erantzuna berehalakoa izan da, baita atzetik etorri den ‘Nerbixuak 12 P.M.’ kantuarekin ere, biak ere lehen diskokoak. Taldeak martxoan hasi eta zortzi hilabetez dozena bat kontzertu eskaini du, bukaerara forma betean iritsiz. Nortonek bere estilo propioz hutsik egin gabe defendatu guztia hasieratik bukaerara, baita bi gitarra zireneko garaiko kantuak ere. Kantu berriagoetara egin dute salto jarraian ‘Mutu Libreak’ kantuarekin, ‘Azken Gezia’ diskokoa, 2015ean atera zena. Baina ‘Garaien laberintoan’ barneratu eta denboran berriz ere atzera egin dugu 1994ko ‘10 urte gartzelan’ kantuarekin. Oraindik asko esan nahi duen abestia da, denak ez baitaude etxean edota etxetik gertu, eta jendea hunkitzen du nabarmen. Pausa horri energia ‘Egi Eriaren Maldan’ kantuarekin eman diote, 1999ko ‘Sua Urtzean’ diskora salto eginaz. Giroa bertu egin da nabarmen, izerdia oholtzan baina baita oholtza azpian ere. 2013ko ‘Uhinak’ diskoko ‘Elkarri’ kantuarekin etapa berriko soinuetara itzuli gara, izan ere diskotik diskora izan duten soinuaren eboluzioa zuzenekora ere bikain trasladatu du talde eibartarrak. Kasi kasik lehen konpasetatik jakin dezakegu zein disko den. Nola ez, Gorosabelen eskuin eskuak duen abiadurari begira pasa daiteke kontzertu osoa, gutxi baitira gitarra erritmikoa gisa horretara jotzen dutenak, hain modu berezian. Publiko fidela dutela argi geratu da, abesti guztiak abesten eta burua astintzen etenik gabe. Horren adierazle dagoeneko klasikoa den ‘Ura Sutan’ jo duteneko unea. Bestaldea programazioak eta bestelako soinuak zuzenekora digitalki gehitu dituzten kantuekin nabaritzen da, aro berriak taldearentzat ere . Baina kontrastea abiadurarekin eta zikintasunarekin lortzen dute, baita ‘Sentipenen bihotza’ bezalako kantutzarrekin ere. Nostalgia eta laguntasunaren aldarria, «Pozaz eta tristuraz bizi naizenez, lagun beharrez bizi naizenez». Publikoan jendea elkar hartuta. Ordubete pasa eta lehen arnasa Bateriaren mikro bat jausi delako, ez nekeak eraginda, kontzertua hasi eta ordubetera hartu dute lehen ur tragoa eta arnasa taldekideek . ‘Aspaldiko loreak’ kantuak eman dio jarraipena, berrienetan abestuena izan dena, batez ere belaunaldi gazteenekoen artean nabaritu da hori segituan. Gezurra badirudi ere, 8 urte dira abesti hau atera zenetik. Baina magia berezi bat sortu du, pentsa, aretoko lurra bera ere mugitu dutela zaleek dantzan. Abesteko uneei jarraipena emateko, ‘Lau Teilatu’ kantuaren bertsioa ere jo dute, abesti kuttuna inondik ere. «Bagoaz, azkena» esan eta jendea ezetz oihuka ari zen bitartean, ‘Kasko gorriak’ 1992ko abestia jo dute. 30 urte beranduago, zoritxarrez, gaurkotasunari bere horretan eusten dion abestia, besteak beste, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean ikusi ahal izan dugun moduan. Bukatu orduko jendearen txaloak eta ‘beste bat’-ak zenbat nahi beste. Izan da txistuka hasi denik ere ea itzultzen ziren ikusteko. Eta bai, itzuli dira. Taldea aurkeztu eta ‘Uhinak’ diskoko ‘Azken biztanleak’ jo dute. Nolabait ere, rockaren jarraitzaile izatea bada Atlantidako azken biztanle izatea ere, gitarrak sintetizadoreek ordezkatzen dituzten garaiotan. ‘Uhin Urdinak’, ‘Fraka Laburren Unibertsoa’ eta ‘E.H. Sukarra’ bukatzeko, goian bukatu dute, aretoa dantzan, saltoka eta bultzaka zela. Emakume batzuk pogo txiki bat ere osatu dute. Ederra izan da; ordu eta erdiko deskarga, oso arin igaro dena. Betoz gehiago!