2023 ABEN. 02 - 08:23h ZETAK taldearen ‘ANGULEELE’ abestia, primizian NAIZ Irratian Abenduaren 6an kaleratuko du ZETAK talde nafarrak ‘AAZTIYEN’ diskoa. Durangoko Azokan egongo da diskoa eskuratzeko moduan, baina, aurretik, azken aurrerapen abesti bat entzun ahal izango dute NAIZ Irratiko entzuleek. Zetak taldearen ‘Aaztiyen’ diskoko iruditeriak euskal mitologiarekin egiten du bat. (Aitor LASPIUR) NAIZ Irratia Arbizun izan gara abenduaren lehendabiziko egunarekin, Pello Reparazekin bertan genuelako hitzordua, ‘AAZTIYEN’ eta ZETAK hobeto ezagutu asmoz. Bada, opari eder batekin itzuli gara besapean, diskoko ‘ANGULEELE’ kantua entzuteko aukera izango baitute abenduaren 6a bitarte, primizian, NAIZ Irratiko entzuleek. Kantuaren izenburuak ez du esanahirik eta, aldi berean, asko esan nahi du. Barrutik ateratzen den oihu bat da, instintuak sortutakoa. Hori da, behintzat, abestiaren sortzaileak kontatu diguna. Abenduaren 6an ezagutuko dugu diskoa zehaztasun osoz, luze eta zabal kontatuko baitizkigu barruko hainbat kontu NAIZ Irratian Pello Reparazek, tartean, kantu honen sorrera bera ere bai. Fillas de Cassandra biko galiziarrarekin kolaboratu dute, María Pérez eta Sara Faro gazteekin. Barrutik ateratako ‘ANGULEELE’ horri egurra eman diote bi galiziarrek. Baina, hori, esanda bezala, NAIZ Irratia entzunaz ezagutuko duzue. Tradizioa berrituz, edota zalantzan jarriz behintzat bai. Horrela dator Zetak ‘AAZTIYEN’ lanarekin, iluntasunean barruak dantzan jarriko dizkigun kantuekin. Gogoratu, berriena, ‘ANGULEELE’, soilik NAIZ Irratiko uhinetan entzungo dela abenduaren 6a bitartean. Beraz, ez galdu aukerarik eta piztu irratia!