2023 ABEN. 10 - 15:50h Azoka ‘birika’ ekonomikoa dela egiaztatu dute musikariek Nekatuta, batzuk inkluso ahotsik gabe, baina pozik, orokorrean musikagintzaren sektorea biltzen duen Landakoko gunean aurtengo edizioari etekinak atera dizkiolako: ekonomikoak, batzuk beste batzuk baino gehiago –jende ilarak salmentetan islatu dira–; ikusgarritasunaren aldetik, denek. Izaro diskoak sinatu ditu etengabe egun hauetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Amaia Ereñaga Azken eguna, ohi denez, lasaiagoa izaten da Azokan. Musikagintzaren sektoreari eskaini zaion Landakoko hegalean oraindik ilarak egin dira igande goizean zehar, baina, aurreko egunekin alderatuz, askoz txikiagoak izan dira. Eta, salmentei dagokionez, zein izan da egunik oparoena? Ostirala, zalantzarik gabe; horretan denak ados Izaro: «Azoka birika ekonomikoa da musikoentzat»Nekatuta, baina pozik aurkitu dugu Izaro. «‘Zorabio’ puntu horekin, baina ondo –aipatu digu–. Niretzat izan da Azokarik onena. Salmenten aldetik, beste urteekin alderatuta, hirukoitza saldu dugu. Pila saldu dut, jende pila etorri delako eta izan da marabilla bat, barbaridade bat. Batez ere ostiralean saldu da gehien, baina aurtengo egunik ‘flojoenean’ beste urteetako egunik indartsuenean baino gehiago saldu da. Oso garrantzitsua da Azoka, birika ekonomikoa da». ‘Cerodezero’ atera berri duen lana eta bideokliparekin etorri da Durangora Izaro. Hau bere lanik «osoena» da, aitortzen duenez. Sinatzen aurkitu dugu; etengabe aritu da ‘lanean’ lehenengo egunetik: «Niri ilusio berezia egin didana da 60 urtetik gorako emakumeak datozela lagunen artean, beraien buruarentzat diskoa oparitzeko. Eta ilara egin dute sinadura eskatzeko. Beraien artean fan fenomeno hori aurkitzea niri kriston ilusioa egiten dit. Hunkitzen nau ere pila bat, 11-13 urteko gaztetxoak datozenean amaretzat opari bila. Irekitzen da horrelako lotura bat belaunaldien artean».Bulego: «Urtero desiratzen egoten gara Azoka iristeko»Sinatu eta sinatu ari dira Bulego taldeko kideak. Tarte batez atsedena hartu dute gurekin hitz egiteko. «Gu urtero desiratzen egoten gara Azoka iristeko, zeren urtean zehar ez dugu denborarik izaten jarraitzaileekin bertatik bertara hitz egiteko eta beraien esperientzien berri izateko. Agertokitik ez dakigu publikoak nola bizitzen duen, kantuek zein eragina duten haiengan... eta hau oso polita da». ‘Aldatu aurretik’ disko berriarekin besopean iritsi ziren Durangora, labetik atera berria. «Ez dugu zuzeneko kontzerturik eman Azokan disko berriarekin oso lanpetuta ibili garelako. Durangokorako atera dugu, bideoklipa egiten ibili gara ere azken unera arte, eta biniloa egitea ere azken orduko erabakia izan da. Zentratu gara pixka bat diskoa egiten eta mimatzen, eta martxoan egingo dugu zuzeneko aurkezpena»..«Disko honetan arriskatu gara, atera garelako gure ohiko estilotik, saiatu garelako zerbait helduago eta sakonago egiten», aipatu dute. Eta, antza, zaletuek gustukoa izan dute. Bruselara doaz otsailan eta, Parisetik pasa ondoren, Donostian emango dute lehen kontzertua Euskal Herrian. «Atzo begiratu genuen eta lau sarrerak soilik gelditzen ziren!», diote. Azoka errentagarria al da? «Gehiena hemen saltzen da, Durangon, diskoak ez direlako kontzertuetan horrenbeste saltzen. Egia da Durangon diskoak eta cdak saltzeko aukera polita dagoela, eta ekonomikoki errentagarria oso zaigu», aitortu dute. Esne Beltza: «Bikote bat etorri zen esanez ezagutu zirela Esne Beltzaren kontzertu batean» Azoka berezia, hunkigarria, izaten ari da Esne Beltzarentzat. Azkena izango baita beraientzat. Lova Loisentzat, talde kiderik berriarentzat, bere lehengo Azoka da. Jarraitzaile ugari gerturatzen ari zaie egun hauetan. «Oso pozik gaude, jendea oso jatorra izaten ari delako –dio–. Denetatik etorri zaizkigu: familiak, gazteak... zeren, azkenean, bizi izan dira denak Esne Beltzaren musikarekin. Horrela esaten digute ,gainera. Une politak bizi izan ditugu: aurrekoan bikote bat etorri zen esanez ezagutu zirela Esne Beltzaren kontzertu batean... eta umeekin zetozen eta, Xabi Solanok, joer ze zaharrak garen...».2014an azken bira egingo dute eta lehenengo kontzertua otsailak 24an emango dute Durangon bertan. «2025ean izango da azken kontzertua, oraindik ez dakigu non, baina festa handi bat izango da, festa erraldoi bat!», Lova Loisek. Baga Biga: «Zuzenekorik gabe eta Azokarik gabe euskarri fisiko gutxi salduko litzateke»Iker Aginaga, Baga Biga argitaletxeko arduraduna, erakusmahaian aurkitu dugu. «0stirala mundiala izan zen», dio. Ilara luzeak sortu dira egunero ETSren sinaduraren eske. «ETS, bigarren urtea izateko, oso ondo dabil. Ez dakit zenbat saldu duten, baina agian izango da aurten ere diskorik salduena. Oso pozik gaude, ez genuelako espero. Gure standera familia asko dator, ETS daukagulako. Dena den, faltan bota ditut nik gazteak, 30-40 artekoak«Eta musikaren euskarrien krisia? «Azokan cdak saltzen dira, baina jendeak eskatzen dizkizu beste formatu batzuk: biniloak eta USB asko, jendeak ez duelako euskarririk entzuteko, eta usb-ak kotxean entzuteko ondo daude. Nik uste dut cda saldu egiten dela merchandising produktu bat bezala. Zuzenekotan da gehien saltzen den tokia. Nik uste dut zuzenekorik gabe eta Azokarik gabe euskarri fisiko gutxi salduko litzatekeela».Gatibu: «Aurten atera dugun gauza positiboena izan da jendearekin egoteko denbora izan dugula» Alex Sardui eta Gaizka Salazar ez ditugu oso konforme aurkitu. «Mantso joan da, orokorrean jende gutxiago dagoelako. Ostirala izan zen potenteena», diote Gatibu taldeko kideak. Ez dute nobedaderik ekarri, eta horri leporatu diote «mantso» joan delaren sentsazioa. «Durangok harremanak egiteko balio du, gure artean musikoak urte osoan ez garelako ikusten eta hemen aukera dugu egoteko, hitz egiteko. Aurten hemendik atera dugun gauza positiboena izan da jendearekin egoteko denbora izan dugula, ez gara denbora osoan sinatzen ibili eta horrela». Elkar musika: «Giroa berreskuratu du Azokak» Andres Kamiok, ‘Jitu’, ez ditu oraindik datu zehatzik eskuratu, baina «iruditzen zait oso ondo joan dela. Jende pila mugitu da Azokara, eta hori islatuko da salmentetan. Datu zehatzik ez ditugu, baina ikusten dugunarengatik ematen du salmentaren aldetik ondo joan dela. Baina nik azpimarratuko ere, ez bakarrik salmentetatik, baizik ere beste ekitaldi guztietan egon dela ‘sould out’ hori aurkezpenetan, kontzertuetara... Uste dut jendeak gogoarekin hartu duela Azoka aurten».Salduenen artean Jon Maiaren ‘Kantu berri bat gara’ egon da, noski. «Baina Jonena fenomeno bat da. Uste dut jendeak asko maite duela Jon, edozein ekitaldi, asmo eta proiektu babesten ari delako eta hauxe modu bat izaten ari da jendearentzat Joni eskerrak emateko. Egia esan saldu du asko, Korrontzik ere asko saldu du, eta gero azpimarratuko nuke atera dugun Joxe Ripiauren edizio berezia: kaxa bat da lau biniloekin. Mimo handiz egindako omenaldi xume bat egin nahi izan diot nire lagun minari». Bestalde, aurten esfortzu berezia egin du Elkarrek duen katalogo zabalean dauden ‘desklasifikatu’ interesgarri eta altxortxoak ekartzen. «Gaur egungo katalogoa oso zabala da, eta guretzat oso garrantzitsua da Azoka erakuslehio potente bat delako. Katalogoa erakusteko aukera bat da, dendetan ez dagoena».Zea Mays: «Kontzertuak oso ondo funtsionatu dute, nahiz eta barrarik ez egon»‘Adore Kemena Kuria’ cd-a agortu egin zaio Zea Maysi Azoka honetan. ‘Era’ biniloarekin batera izan dute salgai. «Ondo funtzionatu du -dio Aiora Renteriak–. 2010eko diskoaren moldaketa da eta Gabonetarako egongo da dendetan». «Kontzertuak Azokan oso ondo funtsionatu dute, nahiz eta barrarik ez egon [parrak] eta ez dakit pandemia aurreko garaitik berdin gauden, baina oso ondo daudela bai, hori egia da».Kai Nakai: «Azokak beste artistak ‘desbirtualizatzeko’ balio izan du» Ahotsik gabe dago dagoeneko Iratxe Aguilera, bizi izan duen bigarren Azokan. «Espero nuen baino hobeto atera da», dio. Kamisetak, kutxa berezi bat ekarri du Azokara, mugikorrarekin entzuten den kasete bat... «Nire ustez artistok ez gatoz Durangora dirua irabaztera. Azoka ez da horretarako, loturak egiteko baizik, zeren kontzertuetan askotan zaila egiten zaigu elkarrekin egotea. Niri, pertsonalki, kideak ‘desbirtualizatzeko’ balio izan zait, artista askok sareetatik ezagutzen ditudala, baina hemen aurrez aurre egon gara». ‘Txoko’ honetan, jarraian, hiru emakume gazteak daude. Kai Nakai bera, eta, ondoan, bi hasi berri: Akaleia zumaiarra (Oihana Rodriguez) eta Intza, labetik atera berri duen lanekin. Akaleia: «Oso ondo joan zait, nirea ez baita proiektu ezagun bat, baina Durangoko etekinekin eman diot buelta Durangoko gastu guztiei. Gaurko etekinak izango dira denak irabaziak. Niri Durango balio izan dit ikusteko badagoela proiektu hau gustatzen zaion jendea eta niretzat izan da poza handia».Intzak ‘Aherri’ biniloan atera du soilik: «Gure asmoa ez zen salmentak egitea, baizik eta proiektua ezagutzera ematea. Entzun duten batzuk erosi egin dute diskoa. Egia esan oso sentsazio onarekin nago; dena den, konturatu gara ere jendea ez datorrela proiektu berriak ikustera, jendea dator ospetsuenak erostera». Andoni Ollakiegik ‘Bekataria’ ekarri du ere Azokara. Joan den ostegunean iritsi zen cd-a, lagunen artean garaje batean grabatuko lan hau, alegia. «Datorren urterako ikasketa bezala balio izan zait aurtengoko Azoka», dio.