GAIAK

Izaro Estatu mailako disko salduenen Top 4an sartu da

Izaro Andres abeslari mallabiarrak Estatu espainoleko disko salduenen zerrendako laugarren postua eskuratu berri du ‘cerodenero’ lan berriarekin, Bad Bunny edota Taylor Swift gisako kantarien aurretik.

‘Cerodenero’ diskoa aurkeztu berritan, birarako prest dago Izaro. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Izaroren ‘cerodenero’ lan berria bide onetik doa, salmentetan bederen. Kantari mallabiarraren disko berriak Estatu espainoleko disko salduenen zerrendako Top 4a eskuratu berri du, Bad Bunny (5. postua) eta Taylor Swift (6.a) gisako kantarien aurretik. Lehen hiru postuak Malú, El último de la fila eta Aitanak betetzen dituzte.

«Antzeman zitekeen urteko diskoetako bat izango zela», aipatu dute Ginmusicatik, eta duela hilabete batzuk diskoaren argitarapena iragarri zenetik «espektazioa handitzen» joan dela ekarri du gogora, «zerrendetako posizionamendu definitibora arte». «Auto-ekoizpenetik ari da lortzen Izaro argitalpen diskografiko handienengana hurbiltzea», nabarmendu dute.

Era berean, mallabiarrak Euskal Herrian egingo duen aurkezpen birako lehen kontzertuetarako –Bilbo, Gasteiz eta Donostiako bi kontzertuak – 7.000 sarrerak agortua daudela ere iragarri dute.

«Bere buruarekin justizia»

Izarok joan zen abenduaren 5ean aurkeztu zuen ‘cerodenero’ diskoa, Durangoko Azokaren bezperatan, eta NAIZi eskainitako elkarrizketan nabarmendu zuenez bere buruarekin «justizia» egiteko balio izan dio lan berriak. Azaldu zuenez, azken kantua bukatzearekin bat sendatu omen zen guztiz ordura arte bizitako garai ilunaz.

Elkarrizketa berean azaldu zuenez, «pentsatu izan dut zaunka egin didatenean eta zaunka erantzun ez diedanean ez naizela defendatu. Eta kulpa moduko bat sentitu dut, baina konturatu nintzen bueltan zaunka egitea ez zela ni defendatzeko nahi nuen modua, zaunkarik egin gabe ni neu ondo egotea zela defentsarik onena».