2024 URT. 07 - 00:00h Kalakako gatzagak, iragana etorkizun bila Dunek irentsitako oasi baten ertzean basamortua zuloz zipriztinduta dago, eta oraindik ere karabanaren bat pasatzen da handik. Kalalako gatzagak dira, Bilmatik hurbil, Niger ipar-ekialdean, bere garaian ezinbesteko geltokia izan ziren karabanen ibilbideetan. Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: Sou leymane ANARA (AFP) Uranio eta urrearen sukarra baino askoz lehenago, gatza izan zen luzaroan Nigeriako Saharako lurpetik ateratako aberastasun nagusia. Noizbait oparoa izan zen negozio hura, eskualdeko ekonomia nahasian bizirautea zuena helburutzat. Iragan oparo hartatik eskuz induskatutako ehunka putzu geratzen dira, non erauzketa metodoak ez diren mendeetan aldatu. Ibrahim Tagaji gatz-saltzailea eta bere lankide bat palanka batekin borrokatzen ari dira konketa gorri eta beltzen ondoan. Eguna bukatzen ari da eta itzaletan daude, baina, hala eta guztiz, 45 gradu! Kristal preziatuak ur gainean ikus daitezke. Langileak, oinutsik, zulatu, birrindu, kalabaza batekin uztatu eta, ondoren, datilezko egurrezko moldeak betetzen dituzte, esportaziorako prest dauden «ogiak» osatzeko. Lan zaila, ordainsari gorabeheratsuekin, hiritik igarotzen diren erosleen arabera beti. «Dirudunak etortzen badira, asko irabazten duzu. Bestela, lan handia da; eta irabazia, aldiz, txikia», dio Ibrahim Tagajik, bi paladen artean. Tokiko ekonomiak alternatiba gutxi eskaintzen ditu, eta Bilmako biztanleen erdiak oraindik ere gatzagetan lan egiten du, gutxi gorabehera modu iraunkorrean, tokiko agintarien arabera. «Eskola utzi bezain laster, hemen lan egin behar duzu. Familia bakoitzak bere putzua du. Emaztearekin, seme-alabekin, etorri eta lan egiten duzu», azaldu du Omar Kossok, gatz-langile ohiak. Kawar-eko oasietan, eskualde bakarti eta basamortuan, ekonomia eta existentzia partzialki izoztuta daude. Denboran geldirik. «MUNDUA ALDATU EGIN DA» Gameluen karabanek oraindik ere geldialdia egiten dute Bilman. Bertako biztanle gehienak etxe tradizionaletan bizi dira, inguruko harrobietatik ateratako gatz eta buztinez egindako hormez inguratuta. Eta beti “mai” da, agintari tradizionala, ustiatu beharreko lursailak esleitzen dituena eta salmenta prezioak finkatzen dituena. Buruzagien leinu luze baten oinordekoa da Kiari Abari Chegou. Kargua ez ezik, erremintak ere oinordekotzan hartu zituen: sable erritual bat, pergaminozko larruzko gerra-danbor bat, suraz estalitako bandera zuri bat... Bandera hori familiaren etxeko horman zintzilikatutako zuri-beltzezko argazki zahar batean agertzen da. Birraitonak du eskuetan, eta irudia 1920ko hamarkadaren hasieran ateratakoa da. Chegouk bere herrian ekoitzitako gatzaren bertuteak defendatzen ditu. «Itsas gatza iodotu egin behar da, gabeziak saihesteko. Gure gatza iododuna da %90; beraz, zuzenean jan dezakegu gaixotzeko arriskurik gabe», esan du harrotasunez. Baina, zoritxarrez, Bilma ez da lehen zena, ezta bertako gatzagak ere. «Mundua aldatu egin da», ohar egin du Chegouk. «Lehen karabana zaleak etortzen ziren. Orain ez da lehen bezala», esan du. Tuareg merkatariak pixkanaka-pixkanaka nomadak izateari utzi eta nekazari bihurtu ziren, ondoko Air mendietako lur emankorrak aprobetxatuz. «Errentagarriagoa da Bilmara joan-etorria egitea baino. Hamar egun behar dituzu joateko eta beste hainbeste itzultzeko. Hobe da 2.000 liberako ogi gazia Agadezen (540 kilometrora dagoen eskualdeko hiriburuan) erostea, hona etorri eta 600 edo 700 libera hartzea baino», azaldu du Chegouk. MERKATU BELTZA Duna-itsasoan zehar egindako bidaia nekagarria da oso, baina baita arriskutsua ere: Kawar eskualdea Txad eta Libia artean dago, 2011tik gerra zibil batek suntsitutako herrialdea. Trafikatzaileek eta gaizkileek mugak kontrolatzen dituzte. Garraiolariek armak eraman behar izaten dituzte, edo konboietan bidaiatu eskolta militarrarekin. «Bidelapurrek gure kamioiak geldiarazten dituzte. Telefonoa eta dirua kentzen dizkigute, eta pasatzen uzten digute gero», azaldu du Ahmedek. Bilmatik datorren gatz-zakuz betetako kamioi baten bolantean pistara irteteko prest dago garraiolaria. Ahmed bezalako garraiolariak arraroak dira Bilman. Bezero gehienak noizbehinkako erosleak dira, negoziatzeko joera gutxi dutenak, merkatariak eta paseko trafikatzaileak. «Hemengoa merkatu beltza da. Ez dugu bezero onik, etorri eta edozein prezio ordaintzen duten erosle batzuk izan ezik. Ez dago prezio finkorik», kontatu du Omar Kosso gatz-saltzaileak. «Ondo diseinatutako» kooperatiba batekin amets egiten du Chegouk, ibilgailuak erosi, ekoizpena gorde eta prezioak mantendu ahal izateko. Zalantzazko etorkizun horren zain, karabanek Kawarreko dunen artean bidaiatzen jarraitzen dute.