2024 URT. 12 - 00:00h Sagardoetxea, zentzumenen bidezko bidaia berezia Astigarragako Sagardoetxeak bere eskaintza berritu eta bisitariekin zentzumenak landuz sagarraren unibertsoan barneratzeko eduki berriak garatu ditu. Horietako bat «goxokata» izeneko esperientzia sentsoriala da, bost zentzumenekin sentitu, usaindu, ikusi, dastatu, ukitu eta gozatzekoa. «Goxokata» izeneko esperientzia sentsoriala. (SAGARDOETXEA) Joseba Salbador Goikoetxea Astigarraga Hamazazpi urteko ibilbidea egina du Sagardoetxea Sagardoaren Museoak. Astigarragan kokatua, urtean 12.000 bisitari jasotzen ditu sagardoaren etxeak. Urtetik urtera sagardoaren kulturaz gozatzera gerturatzen den bisitari kopurua hazten ari da, eta orain arte 130.414 pertsona izan dira Sagardoetxea bisitatu dutenak. Gaur egun, museoak sagardoaren kulturako bitxikeriak, historia nahiz elaborazio prozesuari dagozkion edukiak ezagutarazteko hiru gune ditu: sagastia aire librean, museoa eta dastalekua. Eta azken hori izan da, hain zuzen, bisitariekin zentzumenak lantzeko aurten eraberritu dutena, usaimen gunea gehituta. Bertan, sagarraren munduko eta naturako beste hainbat lurrinekin esperimentatzeko nahiz gozatzeko aukera eskaintzen zaio bisitariari: fruta-usainak, lore-usainak, natura-usainak eta abar ezagutuko ditu lurrinontziekin jolasean. Gune berria irudimenari hegan egiten uzten dion lekua da, eta bisitariak bere zentzumenekin jolasean aritzeko eta museoko bisita beste modu batean gozatzeko aukera du. Horrekin batera, bisitariak ‘Goxokata’ izeneko zentzumenen bidezko bidaia berezian parte hartzeko aukera du. «Dastaketa berezi bat, non usainekin jolastu eta gure lurraldeko produktu gastronomiko bereziez gozatuko dugun», azaldu dute Sagardoetxeko arduradunek. Horrela, sagarretik eratorritako hiru edari euskal gastronomiako beste hainbeste janari tipikorekin uztartzeko aukera egongo da: sagardo naturala Idiazabal gaztarekin, sagardo aparduna sagar dultzearekin eta intxaurrarekin, eta Bizi-Goxo izotzezko sagardoa gatza duen txokolatearekin. Bisita gidatu hauek ordubeteko iraupena dute eta urte osoan zehar egin daitezke, asteartetik igandera, eguerdiko 12etan hasita. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, frantsesez eta ingelesez egiteko aukera izango da, betiere aurrez erreserba eginda. Museoko erakusketa iraunkorra berritzeaz gain, sagarraren eta sagardoaren kulturako edukiak modu ludikoagoan zabaltzeko asmoz, bisitaren edukiak «escape room» formatura egokitu ditu. Horri esker, bisitariek edukiak jolas, asmakizun eta proba ugariren bidez lantzeko aukera dute. Plan eta jarduera bereziak Horiez gain, urte osoan zehar sagardoaren kulturaz gozatzeko planak eta jarduera bereziak eskaintzen ditu sagardoaren museoak. Horien artean, ‘Museoa eta sagardotegia’ esperientziak museoko bisita eta sagardotegiko otordua uztartzen ditu, eta esperientziarik salduena da. ‘Sagarbike’ esperientziak, bestalde, bizikletan ibilaldia egiteko aukera ematen du, eta ‘Sagardoa eta Itsasoa’ esperientziak, berriz, sagardoak itsasoarekin duen lotura historikoa ezagutzekoa. Argi geratu denez, Sagardoetxean sagarraren fruta-arbolari zukua atera diote, eta sagarraren kulturaz gozatzeko hamaika ekimen guztion eskura jarri ditu. Oraindik ezagutzen ez dutenek sagardoarenlurraldea.eus webgunean eskura dute urte osoan zehar eskaintzen dituen jarduerei buruzko informazioa.