2024 URT. 17 - 14:20h ‘Emakumeak zientzian’ ekimenaren 8. edizioan zientzialarien bizimodua ikusaraziko dute ‘Emakumeak zientzian’ ekimenak, emakume zientzialarien bizitzak mahaigaineratu nahi ditu aurtengo edizioan. Zortzi urtez egin dute jada zientziaren alorrean dabiltzan emakumeen lana ikusarazteko; aurten 60 ekimenetik gora antolatu dituzte. Emakumeak Zientziaren 8.edizioa aurkeztu dute Donostian. (Jon URBE | FOKU) NAIZ Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, otsailaren 11ren bueltan urtero egitarau berezi bat antolatzen du ‘Emakumeak zientzian’ proiektuak. Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direnaren ustea apurtzea, eta neskek zein nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzatzen sustatzea izaten dira urteroko helburuak. Aurtengo helburu nagusia, zientzialari eta teknologoek «lanaz haragoko bizimodu bat» izan nahi dutela mahaigaineratzea da.Proiektuaren antolatzaileek jakinarazi dutenez zientziaren eta teknologiaren alorreko pertsonek «beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak» dituztela ikusarazi nahi dute. «Bikaintasun estandarrak aldatzea eskatzen da, ‘lanbide bokazioak denbora gutxi uzten du familiarako, aisiarako edota garapen profesionalerako’, zabalduta dagoen kontzeptu hori alde batera utzi nahi dugu», azaldu dute Donostian egin duten agerraldian, eta hori bideo pertsonal batean islatuko dutela gaineratu. «Zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen kanpaina bat jarriko dugu abian zientziaz haragoko bizitza ardatz hartuta. Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak», gehitu dute ekimenaren aurkezpenean. 60 ekintzatik gora Otsailaren 8tik 16ra bitarteko astean egingo dituzte jarduera gehienak. Otsailaren 8an abiatuko dute ‘Emakumeak zientzian’ egitaraua, jai giroan, Donostian. Bertan aurkeztuko da aipaturiko bideoa, testigantza gehiago ere partekatuko dira bolondres eta erakunde batzuetako ordezkariekin. ‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ ekitaldia Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo da. Emakume ikerlariak igoko dira oholtzara, eta beren ikerketei buruz arituko dira historiako emakume zientzialari batzuk omenduz, haien bizitza eta ekarpen zientifikoaren berri emanez.Beste hainbat urtez egin den ‘Eskolara itzulera’ ekimena ere errepikatuko da. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatu eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. 55 urtetik gorako emakumeentzat tailerrak ere antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. ‘Esperientziaren boterea’ du izenburua ekimen honek. Aldi berean, gazteentzako zenbait mahai-inguru ere prestatu dituzte. Egitarau osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago, eta dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 erakundek babestu dute eta hartuko dute parte ekimenean.