2024 URT. 17 - 12:32h ‘M.L.C.’, Monsieur leCrêpe MC tolosarraren lehen lana «Ça va bonsoir, je m’appelle Monsieur leCrêpe, je ne viens pas de Paris, mais j’ai des oiseaux dans la tête» (Arratsalde on, Monsieur leCrêpe naiz, ez nator Parisetik, baina txoriak ditut buruan», dio Monsieur leCrêpe tolosarrak ‘M.L.C.’ izeneko lehen lanean. Rap klasikoa, su txikitan egosia. NAIZ Bilbo «Monsieur leCrêpe MC tolosar bat da, besterik gabe. Edozein MCri dagokion bezala, erritmoen gainean rapeatu edo abesten du, rap eta reggaearen inguruan ia beti», argitzen du Bidean Produkzioak ‘M.L.C.’ kantaren aurkezpenean. Kanta berria zabaldu du asteazken honetan baina musikari honek urteak daramatza horretan, nahiz eta, kolaborazio batzuk kenduta, ez duen izen hau erabili bere lanak kaleratzeko. Egia esan, «Edozein MCri dagokion bezala, honetaz eta hartaz dihardu, entzulearengan sor dezakeenaz gehiegi arduratu gabe. Esateko daukanean esaten du. Dakarrena ez da berritzailea, ez eduki aldetik ezta forma aldetik ere, baina musika sendo bat lortzeko asmoz egiten du. Solidoa, presarik gabea eta su txikitan egosia», dio ekoizleak. Rap klasikoa egiten du, besterik gabe. Ypsen rapero eta beatemaker-arena da basea eta Iker Pandorenak gitarrak. Baxua Sergio Lacasiak sartua da eta scratchak Dyamond Ex-ek. Abestia Lacasia de la Música estudioan (Yeste, Huesca) grabatu eta nahastu du Sergio Lacasiak berak. Masterizazioaz Javier Roldón arduratu da Vacuum Mastering estudioan. Bideoklipa Dronetikan-ek egin du. «Show some respect, mikrofonoa hartzen badut panorama aldatzen dut eta, pull it up selektah», rapeatzen du. «Ezohiko flowa, selektah lowa, / teleberriak herri honi berriz gezurra esan dio ba. / Hemen infernutik bota zuten piromano bat:/ poeten sasikumea, bertsolarien iloba, game over», beste bertso batzuk. Eta ohartarazpen bat: «Hartu nuen mikroa, eta mikroak hartu ninduen ni / eta ordudanik ez dago mapamundirik ene mugak kokatuko dituenik».