2024 URT. 22 - 16:34h Gorka Urbizuk ‘Hasiera bat’ diskoaren aurkezpen bira Donostian hasiko du, otsailaren 23an Gorka Urbizuk dagoeneko jakinarazi ditu ‘Hasiera bat’ bakarkako lehen diskoa aurkezteko eskainiko dituen kontzertuen data eta lekuak. Gorka Urbizu musikari nafarra. (Ibai ARRIETA) NAIZ Gorka Urbizu kantari eta musikari nafarrak ‘Hasiera bat’ bakarkako lehenbiziko diskoa aurkezteko bira egingo du, otsailaren 23an Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean hasita, artistaren manager bulegoak jakinarazi duenez. Donostiaren ondoren, Bilboko Euskalduna jauregian (otsailak 28), Gasteizko Kubik aretoan (otsailak 29), Iruñeko Zentralen (apirilak 12), Madrilgo Eslava antzokian (apirilak 19), Bilboko Kafe Antzokian (apirilak 27), Biarritzeko Atabalen (maiatzak 18), Bartzelonako Paral·lel 62 aretoan (maiatzak 25) eta Azpeitiko San Agustin Kultur gunean (ekainak 7) izango dira biraren hurrengo geldialdiak. Sarrerak asteazkenean jarriko dira salgai, urtarrilaren 24an, gorkaurbizu.eus webgunean. Horretaz gain, GARAren 25. urteurrenaren karira, Donostiako erredakzioan elkarrizketa akustikoa eskainiko du, urtarrilaren 30ean, 16.30ean. ‘Hasiera bat’ Gorka Urbizuk bere izenarekin sinatzen duen lehenengo diskoa da. 25 urtez Berri Txarrak taldearen buru izan ondoren, musikari nafarrak «edertasunaren eta gordintasunaren aldeko apustua» egin du, eta «abestiaren bihotzera bidaia bat» proposatzen du. Soinu geruza ugari pilatu gabe, musikariak kontrako bidea aukeratu du, eta «badirudi abestiak biluzteko eta husteko premisa bat dagoela album osoan, ahalik eta adierazpenik txikienean utzi arte». «‘Hasiera bat’ diskoarekin, Gorka Urbizuk gure bizitzeko modu frenetikoaren alderik urrunenean jartzen gaitu. Badirudi hori dela diskoaren aldarrikapen inplizitua, hitzek eta soinuek eskatzen duten patxadaz eta dedikazioz egina. Biltzeko eta liluratzeko gonbidapena da», adierazi dute Urbizuren manager bulegotik.