2024 URT. 25 - 21:45h Euskal teknologia Marteko haizea energia elektriko bilakatzeko Marteko ingurumen baldintza zailetan jarduteko gai den eta planeta horretako haizea energia elektrikoaren sorgailu gisa erabiltzeko aukera zabaltzen duen turbina bat diseinatu du Teknikerrek. Teknikerrek diseinatutako turbinak Marteko haizea energia elektrikoaren sorgailu gisa erabiltzeko aukera zabaltzen du. (TEKNIKER) NAIZ Gipuzkoako Tekniker ikerketa zentroak turbina eoliko baten prototipoa diseinatu du, Marteko ingurumen baldintza zailetan jarduteko gai dena. Prototipo honek planeta gorriko haizea energia elektrikoaren sorgailu gisa erabiltzeko aukera hurbiltzen du. Tekniker euskal zentro teknologikoak, Europako Espazio Agentziarako (EEA) prototipo hau fabrikatzearen arduradunak, prentsa ohar batean eman du proiektuaren berri, Eibarko instalazioetan egindako proba kanpaina arrakastatsua izan dela baieztatu ostean. Turbina eolikoa, halako ezaugarriak dituen lehena, 2021ean hasi ziren garatzen ‘Horace’ proiektuaren esparruan. Proiektu hori EEAk finantzatu du, eta, gainera, Aarhusko Unibertsitateko (Danimarka) haize tunelean probatu da. Planeta gorriaren ingurumen baldintzak simulatzen ditu Danimarkako instalazio horrek. Marteko baldintzak Hala, prototipoa segundoko 26 eta 16 metro bitarteko haize boladekin eta 8 eta 16 milibar bitartekoa presio atmosferikoarekin probatu da, Marten ohikoak diren baldintzak. Aerosorgailuak gehienez ere 15 kilowatteko potentzia elektrostatikoa du, eta minutuko 50 eta 432 birako abiaduran funtzionatzen du. Horrela, Lurreko atmosferan sortzen den energiaren aldean, %31 gehiago lor dezake Marten. Gainera, mekanismo birakari eta presurizatua bat du, ardatza mugitzeko eta zigilatze elementu baten bidez hautsa sartzea saihesteko. Borja Pozo Teknikerreko sektore espazialeko ikertzaile eta arduradunak azaldu duenez, ekimen honen helburua da Marte «planetaren ingurunea aprobetxatzea haizearen energia mekanikoa elektrizitate bihurtzeko eta, hala, erabili ohi diren eguzki zelulei energia eoliko gehigarria emateko». Energia-hornidura konstantea Hala, argitu duenez, «energia hornidura konstante eta fidagarria» lortuko litzateke, «funtsezkoa espazioko misioetarako eta Marte bezalako lurralde batean denbora batez bizitzea ahalbidetzeko». Turbina diseinatu duen taldea «espazioan erabiltzeko etorkizun handiko teknologia berrian oinarritu da, energia triboelektrikoan, esaterako». Gogoratu du, zentzu honetan, «ohiko sorgailu elektromagnetikoek mugak dituztela planetaren esploraziorako, batez ere daukaten pisu handiagatik, eta horrek jaurtiketa kostu handiak eragiten dituela». «Proiektu honetan –erantsi du– alternatiba gisa ikertu ditugu sorgailu triboelektrikoak, pisu eta bolumen txikiagoa dutenak eta misio eraginkorragoak eta ekonomikoagoak egiteko aukera ematen dutenak». Material triboelektrikoak Teknologia hau marruskaduraren bidez energia ekoiztean oinarritzen da, eta propietate bikainak dituzten material triboelektriko aurreratuen konbinazio bat garatu eta probatu behar izan dute arduradunek, Marteren muturreko baldintzetan jarduteko. «Prototipoarentzat aluminioa, ‘Diamond Like Carbon’ estaldura (DLC) eta tefloi aldatua aukeratu ditugu, potentziaren dentsitate handiagoa dutelako eta Marten lubrifikatzaile eta film solido gisa erabil daitezkeelako», zehaztu du Pozok. Teknikerrek egindako ikerketa-lanari eta estalduren eta materialen arloan duen ezagutzari esker, turbinaren arkitektura optimizatu ahal izan da, urradurarekiko erresistentziari, lubrifikatzeko ahalmenari, iraunkortasunari eta zahartzeari buruzko mugak ebazteko. Turbina berritzaile honekin, EEAk, hemendik aurrera, «energia sortzeko sistema berri honen industrializaziorako ibilbide-orria definitzeko funtsezko ezagutza» izango du. Ikerketaren hurrengo urratsak turbinaren diseinuaren optimizazioa eta proba kanpaina berriak izango dira, Marteren ingurunerako eta baldintzetarako ereduaren funtzionamendu egokia frogatzeko.