2024 URT. 29 - 06:05h Obesitatea tratatzeko botika gaizki erabiltzeak behar dutenek ezin hartzea ekarri du 2023ko aurrerapenen gailurrean jarri zituen ‘Science’-k obesitaterako botika berriak. Diabetikoentzat garatu zituzten, baina argaltzen laguntzen dutela ohartu zirenean, jende ugari xede horrekin hartzen hasi zen. Behar dutenak ezin lortu dabiltza, eta industria farmazeutikoak pagotxa aurkitu du. Ozempic da marka ezagunena, Novo Nordisk etxearena. Dirutza egiten ari da. (Aragon TV | EUROPA PRESS) Maider Iantzi Ozempic da ezagunena, baina badaude gehiago eta funtzionamendua berdina da denetan. Ana Galarraga zientzia komunikatzaileak hala esplikatu digu botika hauen funtzionamendua: «Peptido baten analogoak dira, GLP1 izeneko proteina txiki baten antzekoak. Jaten dugunean hesteetan sortzen da, eta bi lekutan eragiten du: garunean asetasun sentsazioa sortzen da eta odolean azukrea igotzen da. Hori gertatzen denean pankreak intsulina sortzen du, glukosa kontrolatzen laguntzen duen hormona bat. Diabetikoek ez dute behar bezala mekanismo hau, eta horretan laguntzeko asmatu zituzten analogo hauek. Orain arte glukosa neurtu behar zuten, eta gero intsulina hartu. Botika hauekin hobeto kontrolatzen da glukosa. Astean behin injektatuz, oso ondo funtzionatzen dute». Hala ere, ezin dira kasu guztietan hartu. Medikuak errezetatu behar ditu. Eta albo ondorioak ditu. Egoitz Etxebesterekin batera ‘Elhuyar’ aldizkaria zuzentzen duen adituak zehaztu duenez, botika hauek kopiatu egiten dute ongi funtzionatzen duenean gorputzak sortzen duen peptido hori, baina diferentzia batekin: jaten dugunean gure gorputzean asetasun sentsazioa sortzen da, eta handik ordu batzuetara berriro gose gara. Analogo hauekin, astebetean ez dugu goserik sentituko. Horregatik dira hain eraginkorrak argaltzeko ere. Baina hori albo ondorio bat da. Helburua diabetikoei laguntzea da. Gertatu dena da argaltzeko balio dutela ikusi dutenean, pertsona aunitz xede horrekin hartzen hasi direla. Hor sortu dira arazoak, ez dagoelako nahikoa diabetiko guztiek hartzeko. Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziadunak alderdi sozialean jarriko luke arreta: «Ezberdintasunak areagotzen ari dira. Lehendik ere obesitatea larria zen klase sozial apalenetan, eta horiek ez dute aukerarik botika hau eskuratzeko. Gainera, soluzioa ez da indibiduala; modu estrategikoan eta gizarte politiken bidez lortuko da». Zenbait adibide jarri ditu: «Osasuntsu jaten laguntzeko, elikagaien prezioetan eragin behar da, edari freskagarri azukredun eta ultraprozesatuak garestituz. Aldiz, fruta, barazkiak eta arraina merkatu behar dira. Politikak egin behar dira sedentarismoari aurre egiteko ere. Ariketa fisiko errazena ibiltzea da, baina horretarako denbora behar da, leku atsegin bat, eta seguru sentitzea bidean. Baldintza horiek lagunduko lukete modu integral batean obesitateari aurre egiten». Baieztatu duenez, botika hauek fokua desbideratzen dute, bai arazoena bai soluzioena. «Gizarte lodifobo batean bizi gara. Obesitatea prebenitu eta gutxitzeko estrategia politikoak aurrera eraman beharrean, ematen du gizena zarela nahi duzulako, eta kulpa eragiten da». Fokua, bizimoduan Igor Horrillo EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta dekanordeak garbi du non jarri fokua: bizimoduan. «Dietan sartu ditugu janari hiperkalorikoak, gutxi janda asko loditzen dutenak. Hain prozesatu eta finduak ez diren elikagaiak hartzera itzuli behar dugu, egunero kirol arina egitera. Txikitatik ohitura horiek hartzearekin nahikoa litzateke. Baina, AEBetan bezala, elikagai prozesatuak eta finduak merkeagoak dira, eta gero eta zailagoa da bizimodu osasuntsua jarraitzea. Faktore ekonomikoak gero eta garrantzi handiagoa du». Obesitateari aurre egiteko neurriek gizarte mailakoak izan behar dutela aldarrikatu dute erreportaje honetako elkarrizketatuek. Bertze neurri batzuen artean, fruta, barazkiak eta arraina merkatu behar direla defendatu dute. (Idoia ZABALETA | FOKU) Duela hamar urtetik hona obesitatea tratatzeko botiken iraultza gertatu da, sendagai eraginkorrak heldu direlako, kontuan izanda zientziaren munduak zer sartzen duen eraginkor horren barruan. Pisuaren galerak %10-15 bitartekoa izan behar du, eta hartzen duten pertsonen %35engan eragin behar du gutxienez. Obesitatea berez ez da gaixotasun bat, baina bertze eritasun batzuk izateko arriskua aunitz areagotzen du. Bizi itxaropena ere nabarmen jaisten du. Horrelako tratamenduek pisu galera portzentaje bat dute, eta kalkulatuta dago horren arabera beste gaixotasun horiek jasateko arriskua nola jaisten den, tartean diabetesa, eritasun kardiobaskularrak eta hipertentsioa. 2010ean biztanleriaren %22 zen obesoa mundu mailan, eta espainiar Estatuan %22,5. 2030erako %30era igoko dela kalkulatzen dute estatu mailan. Zientzialarien arabera, pertsona bat obesoa da bere gorputzeko masaren indizea 30 baino altuagoa denean. Gorputzeko gantza ere kontuan hartzen da. Hori garrantzitsua da Horrillorentzat, botikak obesitatea tratatzeko direlako, ez gainpisua, beti sendagile batek agintzen duenean. Farmazialari izandakoak erantsi duenez, dieta, kirola eta, sarri, tratamendu psikologikoa izan behar da lagun. Gainerakoan, kasuen %90-95etan berriro agertuko da obesitatea botika uztean. «Gure sistema publikoak ez duenez terapia psikologikoa barne hartzen, honi bizkarra eman eta tratamendu farmakologikora jotzen da gehiago. Baina gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio, baita tratamendu bariatrikoetan ere. Tratamendu hauek sintomatikoak dira. Bizi ereduan aldaketa nabaririk egin ezean, lehengora bueltatuko gara».Lau tratamendu Europako Sendagileen Agentziak lau tratamendu onartu ditu. Izen generikoz aurkeztu dizkigu Farmazia Fakultateko irakasleak. Lehena eta zaharrena orlistat da. Heste hodietan eragiten du zuzenean, gantzen xurgapena blokeatuz. Eraginkortasun txikiena erakutsi duen botika da. Janari koipetsuak hartzen dituzten pertsonentzat da, eta nahi ez ditugun eraginen artean puzkerrak eta gorozki koipetsuak daude. Behar ditugun bitamina eta sendagaien xurgapena ere kaltetu dezake. Bigarrena, bupropion-naltrexona, ordu artean mokaduak jateko tentazioari edota jaten hasi eta gelditu ezin denaren antsietateari erantzuteko erabiltzen da. Antidepresiboen antzeko eragina du, gosea kentzen du, eta nahiko eraginkortasun erakutsi du orokorrean. Pisu galera ez da hagitz nabaria, ordea. Erabili duten pazienteen erdiek pisuaren %5-10 galdu dute. Ez du albo ondorio sobera larririk; goragalea eta idorreria sor ditzake. Berez berritzaileak direnak hurrengo biak dira, liraglutida eta semaglutida. Hauek dira azkenaldian hain famatu egin diren botiken izen generikoak. Zuzenean eragiten dute gosea sustatzen duten hormonetan, eta aseta sentiarazten gaituzte. Puskaz eraginkortasun altuagoa dute, pisuaren %30 galtzerainokoa, ebakuntza bariatrikoen antzerakoa. Hori kasurik onenetan, erabiltzaileen %30etan. Albo ondorio nagusiak digestio aparatuaren asaldurak dira. Baina normalean arinak dira eta desagertzen joaten dira. Bolada batez hartzen dira normalean, urtebeteraino. Patenteak «Tratamendu kroniko bat da: argaldu egiten du hartzen jarraitzen baduzu. Industria farmazeutikoei gehien interesatzen zaiena hori da, bizi osoko negozioa». Patxi Zabalo EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslearen hitzak dira. Ozempic kaxak 128,15 euro balio du, Arabako Farmazialarien Elkargoaren arabera. Novo Nordisk etxearena da. Zabalok kontatu digunez, Danimarkako konpainiarik handiena da, diabetesean espezializatua dago, eta, goraldi honi esker, Eli Lilly estatubatuarrarekin batera, burtsako 20 konpainia nagusien artean sartu da. Novo Nordiskek Wegoby izeneko bertze botika bat du, printzipio aktibo bera duena eta espresuki obesitateari aurre egiteko saltzen dena. AEBetan, hilabeteko tratamenduak 1.000 euroko kostua du. Famatuek jarri dute modan, publizitatetik datoz eta hori bera bada susmagarria. Ozempicen patentea 2026an iraungiko litzateke printzipioz. Orduan generikoak sor litezke, eta negozioa behera etorri. Ekonomia adituak patenteen funtzionamendua azaldu digu, gakoa iruditzen zaiolako industria farmazeutikoak nola aberasten diren ulertzeko. «Gutxienez 20 urteko esklusibitatea ematen dio patente batek enpresa bati. Epe horretan, berak bakarrik ekoitzi dezake botika hori. Ondoren, edozeinek egin dezake generiko bat printzipio aktibo bera erabiliz. Multinazionalek, ordea, patenteak luzatzen dituzte funtsezko ezer ukitu gabe botikari aldaketa txikiak sartuz, monopolioarekin jarraitzeko». Salatu duenez, gure gobernuek patente horien babesa handitu dute eta, ondorioz, aunitzez merkeagoak diren medikamentu generiko baliokideak sortzea atzeratzen da. Farmaziena industriako sektorerik errentagarriena dela nabarmendu du Patxi Zabalok. Oro har, munduko 500 enpresa handienek salmenten errentagarritasuna %5-7 igo dute batez beste azken hamarkadan; farmaziek, berriz, %20, finantza sektorearen gainetik, bertzeren artean Ozempici esker. Ziortza: «ezinegonean zaude beti: lortuko dut?» Botika hauen modaren eraginez, salmentak ikaragarri handitu dira, eta horrek eragin du behar dituzten pertsonek eskuratzeko zailtasunak izatea. Hori gertatu zaio Ziortzari, Gipuzkoa osoko eta kanpoko farmazietan bila aritzeraino. Justu elkarrizketa egin diogun egunean hasi da Ozempic injektatzen. Orain arte Victoza hartzen zuen, baina fabrikatzeari utzi diote. «Gehiegizko pisua dut, diabetiko bihurtu naiz, aurrekariak ditut familian, eta argaltzen lagundu eta azukrea kontrolatzeko botika hartzen ari naiz martxotik». «Botagura sumatzen dut berriz. Botika aldatu dudanez, berriro egokitu behar dut». Lehenengo kaxa lortu, eta botikan abisua eman diote: hurrengoan gutxienez hamar egun lehenago hasi behar du bila, behar denaren azpitik bidaltzen dutelako. Antsietatea gutxitzeko botika eskuratu ezinak antsietatea sortzen dio. «Ezinegonean zaude beti: lortuko dut?». Osakidetzan ari da tratamendua jasotzen. «Ezaugarri batzuk bete behar dituzu botika emateko. Baina batzuek pribatuan botika lortu eta hozkailuan edukitzen dute loditzen direnean hartzeko». Horren aurrean amorrua sentitzen du Ziortzak. «Ez da nahita hartzen dudan zerbait, eta ezin dut ulertu nola behar ez duen jendeak hartzen duen», adierazi du.