GAIAK

Hego Nahanni ibaian, astebete kanoaz

Kanadako Ipar-Mendebaldeko lurraldearen bazter batean dago Nahanni Parke Nazionaleko Erreserba, 1978az geroztik Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako tokia. Gu bertan izan gara astebetez ibaiaren parte bat kanoaz jaisten. Eta ondorengo kronika idatzi dugu.

Nahanni ibaiaren bailara ikusgarria. (Getty Images)

Fort Simpsonen elkartu gara 6 lagun, abuztuko igande batean, astebetez Hego Nahanni ibaiaren zati bat kanoaz jaisteko. Fort Simpson Mackenzie eta Liard ibaiak elkartzen diren bidegurutzean dago kokatuta, Yellowknife hiriburutik 500 kilometro ingurura. Bi ibaiak komunikazio sare garrantzitsua izan dira luzaroan dene herriarentzako, baita gerora Hudson’s Bay Konpainiarentzako ere, animalia-larruen salerosketarako merkataritza postua ezarri eta herria eratu zutenean, 1822an.

Egun, 1.100 biztanle (Kanadako Estatistikaren 2021eko populazio zentsoa) inguruko herri honetara autoz, hegazkinez zein ontziz heldu daiteke. Aipatzekoa da Fort Simpsonen biztanleen %90 inguru jatorrizko nazioetako jendea dela, gehienak dene, batzuk metis eta inuit gutxi batzuk ere tartean. Herria 1910a arte «konpainia herri» bezala sailkatuta zegoen eta Hudson Bayk kudeatzen zuen eliza anglikanoaren eta katolikoaren parte hartzearekin. Nabarmentzeko anekdota da, akaso, Joan Pablo II Aita Saindua izandakoak hona bisita egin zuela, 1969az geroztik Kanadako nazio-gune historikoa den honetara.

Abiatzeko dena prestatzen

Ni autoz iritsi naiz Liard autobidean gora, izen bereko ibaiaren paralelo doana, zinez merezi duen ibilbidea, baina lagunak eta gure kanoako gida izango dena hegazkinez iritsi dira Yellowknifetik. Igande eguerdian genuen hitzordua, Mike-en etxean. Bertan bildu gara gure abentura izango denaren azken pintzeladak zehazteko: bihar goizean zer ordutan abiatuko garen, gaur bidoi hermetikoetan zer utzi behar dugun prestatua eta azken ohar batzuk han aurkitu dezakegunarekin. Batez ere, keak kezkatzen ditu hegazkin pilotuak, gertuen dagoen sutea Yellowknifekoa den arren, haizeek kea honantza dakartelako. Eta antzematen da, dena lauso ikusten baita eta arnastean ere ez baita leku honetan espero zitekeen aire garbia sartzen sudurretik. Hostalean bilduta geundela, materiala prestatzen eta elkar ezagutzen (Cheryl eta Gerd bikote kanadiar-alemana, Max eta Riley aita-semeak, Taylor gida eta ni neu gara espedioziokideak), gure lehen gaueko etxeko jabea gurekin solasean hasi da.

«Deh Cho naziokoa naiz, Denea naiz. Gure istorioek odol beltzadun magia erabiltzen zuten tribuen aurkako gudez hitz egiten dute… Gerra galtzen ari zirenez, txamanari eskatu zioten ihes egiten laguntzeko… Txamanak kanpalekuan susko harresi bat piztu eta albo batean ate bat zabaldu zuen, bertatik ihes egiteko, eta bere jendeari agindu atetik joateko, sutetik ihesi… Joan ziren… Nire iparraldeko anaiek deabruarekin borrokatu zuten eta bataila irabazi. Badira beste istorio batzuk jende urdinari buruzkoak, baita lurraren barneko mundura sarrera aipatzen dutenak ere… Denetariko istorioak».

Zer aurkituko dugun irrikaz nago. Nolakoa da Unescoren ondare den baina ia isolatuta dagoen erreserba hau? Eta, horrez gain, kontatutako istorioa zenbatean da mito eta zenbatean benetako historia?

Rabitkettle toba

Astelehen goizean 6etako esnatu gara, ongi gosaldu eta Beaver (kastorea) izena duen hidrohegazkina trastez betetzeari ekin diogu: bikoteka erabiliko ditugun hiru kanoak, lehendabizi; gure erropez, janariz eta beharrezko materialez betetako zilindro formako kaixa hermetikoak hurrena, eta, azkenean, gu. Mackenzie ibaia aireratzeko pista bihurtuta, abiatu gara, hegan. Kaskoak daramatzagu bi-helizedun hegazkin honen zarata artean gure artean elkar komunikatzeko, mikrofono eta guzti. Bidaia asko egindakoa da hidrohegazkin hau, historikoa, atzean utzi ditugun herritarrek aipatu ziguten legez. Leihora begiratu eta hara, hor behean, Fort Simpson. Ze txiki ikusten den dena goitik begira. Oraingoz ikusten dena basoa besterik ez da, amaierarik gabeko baso boreala.

Nahanni Erreserba Ipar-mendebaldeko lurraldeen hego-mendebaldean aurkitzen da, Mackenzie mendien baitan, Yukon lurraldearekin mugakide. 4.766 kilometro karratuko azalera du babesgune eta 1978az geroztik da Unescoren gizateriaren ondare. Baso boreala da nagusi eta oihanean grizzley hartzak, altzeak, otso grisak… aurkituko ditugu, akaso. Eremu karstikoa ere bada, lurraren barnean barreiatzen diren bukaerarik gabeko labirintoak, entzun ditugun kondairen funtsa.

Nahanni ibaia arroila artean zerutik

Ordu eta erdiko hegaldiaren ostean, laino artean gutxinaka jaisten ibili ondoren, hor ageri zen helmuga: arroilak, aintzirak, ibaia eta ibaiadarrak… Gutxinaka aintzira horietako batera jaisten ari ginela nabaritu dugu, gertu, formakuntza geologiko bitxi bat: Rabitkettle toba (izena euskaratuz untxi-teontziaren toba litzatekeena, duen formagatik). Izen bereko aintziran ur-hartu dugu, turkesa kolore ederrekoa. Hemen Parks Canadako langileen etxola bat dago eta bi basozain ibiltzen dira lanean urtean hiru hilabetez, ekainetik abuztu erdialdera. Beaver hustu dugu lehenbailehen eta kanpalekua montatu. Zinez toki ederra, urrunean Mt Nirvana, Mt Sidney Dubson eta beste hainbat antzematen ditugu, paraje hauetara eskalatzera etortzen direnen mendiak.

Rabbitkettle aintzira

Eguerdian, behin kanpalekua montatuta genuela, basozainak guregana hurbildu eta lekuari izena ematen dion monumentu naturala ikustera eraman gaituzte. Ez dago Rabbitkettle beraiek gabe ikusterik, toki sakratua baita eta baimena behar baita ikusteko. Bidean azalpenak ematen aritu zaizkigu, basoak nola berpizten diren suteen ondoren, zein animaliak duen nahiago baso zaharragoa eta zeinek berriagoa… Kanadan bi urtaro daudela entzun nion behin bati: elurraren aroa eta moskitoen aroa. Nire odol gozoak eman die bai bitxo askori eguneko ogia, ukenduz zein sprays babestuta joan arren zeharo akribilatu bainaute tobara bidean. Hara irisiteko korronte zakarra daraman ibai bat zeharkatu behar da, eta horretarako mekanismodun soka eta ontzia bertan dauden arren, basozainek dituzte palankak desblokeatzeko giltzak. Orduan lekua ezin da ikusi sakratua delako ala giltzak behar direlako eta basozainei ordaindu? Ez zait argi geratu.

Karbonato prezipitazioak

Rabbitkettle karbonatozko tobak 20 metroko altuera eta 70ko diametroa du tokirik zabalenean. Kanadako kareharrizko trabertino tumulu handiena da eta mundu mailan permafrost gunean aurkitzen den bakarra. Ez naiz sobera leku sakratuen zalea, baina leku magikoa badela esango nuke. Hasteko, moskitorik ez dagoelako, baina baita kokapenagatik (Nahanniren eta ibaiadar baten artean) eta barruntatzen den lasaitasunagatik ere. Ortosik igo gara gora. Hor aurkitu ditugu animalia hezurrak, lehenagokoek ibaiari egiten zizkieten sakrifizio-oroigarriak, ibaian behera joan beharrreko bidaian lurrari babesa eskatzeko. Basozain bat denea da eta kontu kontari aritu zaigu, lekuek haientzat duten garrantziaz.

«Behin bi gerlarik neskato bat bahitu zuten eta hemendik igarotzean jainkoei paso segurua emateko eskaera egitea ahaztu zitzaien, ez zuten tabakorik utzi. Hasieran ez zen ezer pasa eta ibaian behera nahiko lasai ibili ziren. Oharkabean, baina, Nailichotik gertu lo geratu ziren. Neskatoak aukera aprobetxatu zuen kanoatik uretara salto egin eta bazter batera, kostata, igeri eginez heltzeko. Gerlariak, ordea, beranduegi ohartu ziren gertatutakoaz, beranduegi ezen ur-jauziaren otordu bihurtuak baitziren ordurako eta korronte indartsuetatik ezin eskapatuta uretan desagertu ziren».

Guk ez dugu tabakorik ekarri hemen uzteko, gutako inor ere ez dugu sakrifizioz hilko, baina bakoitzak bere erara ibaiari eskatu diogu abentura ederra eta segurua izan dezagula.

Hego Nahanni ibaia

Mackenzie mendietako elurren urtzeak sortzen du ibai hau, gerora Liard ibaiaren ibaiadar nagusiena izango dena. Ibaiak historia geologiko paregabea du: eremua lautada zabal eta laua zenean sortu zen, ibai lauen ohiko ibilbide bihurria osatuz. Mendiak altxatzean, ibaiak lau arroila sakon ebaki zituen harkaitzean, bere ibilbide xelebrea mantenduz.

Ibaian behera

Astearte eguerdian sartu gara ibaira, aurretik goizean lakuan kanoan segurtasunez nola ibili ikasi ostean. Lakutik ibairako bidea ederra izan da, oihanean sartzen ginela ematen zuen, pelikuletan bezala. Ez, ez da parean hartzik egon, baina kastoreak ikusteko aukera izan dugu, beraien gordelekua eta presa.

Nahanni presaren beste aldean zegoen, gure esperoan. Ibai garden bat espero nuen, ordurarteko lakua eta kastoreen erreka bezalakoa, baina prezipitazioz lepo dagoen ibai gris argia da aurrean duguna. Basa, hori bai, guk kanoaz jaitsiko dugun zatia mantsoa izan arren, mantsoegia akaso. Korronteak lan gehiago egingo zuela espero nuen, baina arraunean asko egin beharko dugu. Kanoan arraun alde batetik bakarrik egiten denez, eskuineko eskua nekatzean ezkerrari paso eman, eta alderantziz. Kanoan atzean doanak egiten ditu timoilari lanak, ontzia zuzen mantenduz. Lehendabiziko gauean axubetak nabarituko dira; gainontzekoetan, ez.

Ibai bazterrean kanpalekua

Kanoa batean bikotea, bestean aita-semeak eta denen buru ni, gidariarekin. Horrela antolatu gara. Kanoa bakoitzean norberaren bidoiak eta material guztia daramagu, tetris jokoan bezala dena justu sarturik. Larunbata arte egin beharreko ibilbidea guk lasai eginen dugu, egun erdi bakarrik ibaian igarota. Denboraz estuago ibiltzen diren abenturazaleek ibaiaren parte hau 3 egunetan egiten dute, baina guk ez dugu inolako presarik. Bidean ibaiadar garbietan geldituko gara, ur gardena edateko eta, denbora izanez gero, bainatzeko. Kanpalekuak ere ibai bazterreko hondartzetan egingo ditugu, aurrez gidak ezagutzen dituen txokoetan.

Nailicho ur-jauziak

Larunbatean, gure azken egunean, iritsi gara bertara. Nahanni kanoaz jaitsi dugu, Rabbitkettletik hona eta abentura ederra izan dugu. Goizean azken arraun jarduna egin eta eguerdia baino lehen Nailichon geunden. Hemen dago Parks Canadaren parkeko egoitza nagusia eta bisitarientzako kanpalekua. Tokian 6 basozain daude lanean eta kanpalekua beteta zegoen, erabat. Batzuek hemen hasten dute abentura, hegazkinez hona etorri eta ibaiaren bigarren zatia egiten dute arraunean; besteek, guk bezala, hemen bukatzen dute bizipena.

Kanoak ibai bazterrean utzi eta hustu ondoren –hidrohegazkina pare bat ordu barru dator guregana–, ur-jauzia ikustera abiatu gara. Zarata, uraren zarata. Orain arteko ur-lasaiak ur-bizi, biziegi, bihurtzen dira hemen. Hau zarata gozamena. Niagaran egonda nago, baina hau beste zeozer da, naturalagoa (ez dakit hitz egokiena den), inguruan ez baita ez kasinorik, ez hotelik, ez eraikuntzarik. Nahanni ibaiak zizelkatutako mendi eta arroilak daude begi bistan.


Esploratzaile zuriek Virginia ur-jauziak izendatu bazituzten ere, azkenaldian jatorrizko izena berreskuratze ahaleginetan bi izendapenak erabiltzen dira. Ipar-amerikako ur-jauzi handiena da, 200 metroko zabalera baino gehiago eta gutxi gorabehera 92 metroko altuera duena, Niagarako ur-jauzien altueraren bikoitza. Jauzia bi zatitan arroka handi batek banatzen du, Mason’s Rock delakoak, Bill Mason abenturazale, piraguista, dokumentagile eta idazle kanadiarraren omenez. Izan ere, Bill Mason-en irmotasunari esker izendatu zuen Pierre Trudeau lehen ministro izandakoak Nahanni Parke Nazionaleko Erreserba.

Mason’s Rock

Ur-jauzien atala oinezko pasabide batetik saihestu ondoren, ibaiaren bigarren partea kanoan jaisteko aukera dago, Nahanni Butte deneen herrixkara iritsi arte. Bigarren zati honetan ibaia arroilan doa, paisaia guztiz desberdina da. Gure abentura, ordea, hemen bukatzen da. Ibaiaren azpiko parte hau beste baterako, ur biziagoak izanik apur bat esperientzia gehiago behar delako.

Nailicho, parez pare

Eguerdiko ordu bietarako Beaver-en ginen berriz, Fort Simpsonera eta zibilizaziora bueltatzeko. Aireratzean jauzia airetik ikusi dugu eta ibaiari eta abenturari adio esateko azken ikuspegi ederraz gozatu dugu. Fort Simpsonen berriz itzuli gara whatsappak jasotzera, ia astebetez “galduta” igaro ondoren.