2024 OTS. 05 - 08:00h Titikaka Zipline, bi minutuko adrenalina eztanda Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: Aiizar RALDES (AFP) Munduko tirolesarik luzeena eta garaienetakoa da Titikaka Zipline. Bat-bateko adrenalina eztanda gustuko duten ehunka abenturazale erakartzen ditu urtero, baina, egia esan, hurbiltzen diren batzuek atzera egiten dute azken unean. Izan ere, ausardia berezia behar da arnesa jantzi, polea bati eutsi eta hutsera salto egiteko, Titikaka aintzira pare-parean duzula. Are gehiago, jakin badakizunean Altiplanoko haize hotzak gogor kolpatuko dizula orduko 80 eta 130 kilometro bitarteko abiaduran. Boliviako Tiquinako itsasartean kokatuta, Titikaka Ziplinek 3.400 metro ditu, eta munduko aintzirarik luzeena zeharkatzen du tirolina gutxik hartzen duten altueran. Horregatik erakartzen ditu turistarik ausartenak, adrenalina eta muturreko kirolak maite dituztenak. San Pedroko begiratokia da abenturaren abiapuntua. Bertatik abiatzen dira parte hartzaileak, irakasle eta begiraleekin batera. Azken hauek Tiquinatik, eta inguruko herrietako gazteak dira. Bi tarte ditu ziplinak. Lehenengoa 1.200 metro luze da eta 80 kilometro orduko abiadura hartzen du; eta bigarrena, 2.200 metrokoa, 130 kilometro orduko. Prezioari dagokionez, aldatu egiten da aukeratutako modalitatearen arabera: bikoteka (Tandem jaitsiera), bakarka edo «Superman» izenekoa. Bi minutu irauten du “hegaldi” bakoitzak. “Hegaldien” arduradunek segurtasun ekipo eta osagarri aurreratuak dituzte, istripuak saihesteko eta bidaiaz berme osoz gozatu ahal izeko. Hala ere, sustoren bati aurre egin behar izan diote. Adibidez, ez omen dute sekula ahaztuko zein gaizki pasatu zuten gazte batek, nonbait izuaren ondorioz, tupustean arnesa askatu zuenean. Ez zen ezer larririk gertatu, segurtasun sistemak eragotzi zuelako gaztea aintzirara erori eta ezbeharra gertatzea. Horrenbestez, Titikaka aintziraren gainetik hegan egin aurretik parte hartzaile orok “ibilgailu” berezi horren xehetasunak ezagutu beharko lituzke eta, zehazki, jakin beharko luke zer den zipline bat: «Normalean altzairu herdoilgaitzez egindako kable batetik esekitako polea da, malda batean zehar zabalduta dagoena eta, grabitatearen eraginez, ahalbidetzen duena pertsona bat irristatzea puntu batetik beherago dagoen beste puntu batera».