2024 MAR. 05 - 13:45h ‘Lagun batek esan dit’, Jabier Muguruzak Iñaki Irazuri egindako «omenaldi diskoa» Jabier Muguruzak helduentzako disko berri bat aurkeztu du astearte goizean Donostian, ‘Lagun batek esan dit’. Iñaki Irazuen poemetan oinarrituta sortutako 32 kantuetatik 11 hautatu ditu eta, «errebisio» bat eginez, bandarekin batera moldatu ditu abestiok. Iñaki Irazu eta Jabier Muguruza ‘Lagun batek esan dit’ diskoaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU) Iraitz Mateo Azken urteetan haurrentzako musikan burubelarri aritu ostean, helduentzako disko bat aurkeztu du Jabier Muguruzak, Iñaki Irazu poetak egindako poemekin: ‘Lagun batek esan dit’. «Iñakiri omenaldi moduko bat egin nahi nion», kontatu du astearte honetako aurkezpenean musikariak. Hiru hamarkadatan zehar Irazuren 32 poema musikatu ditu Muguruzak eta horietako 11 aukeratuta osatu du diskoa. «Kantuen errebisio bat» egin du Muguruzak, izan ere, «aukeratutako kantuak puntako banda batekin grabatu» nahi zituen. Kaleratu berri duen diskoaren ideia Irazuren 32 poema musikatu zituela konturatu zenean bururatu zitzaion Muguruzari. «Ez da ohikoa musikari batek poeta baten hainbeste test musikatu izana; zerbait indartsua eta sakona adierazten du horrek», esan du. Zer pentsatua eman zion musikariari datuak, eta Irazuren hitzek zergatik erakartzen duten hausnartzera bultzatu du: «Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, eta Iñakik horiek islatzeko duen moduak liluratu ninduen; haurtzaroa, ezintasuna, bakadadea, kale bustiak, umore fina, maitasuna, sexua, barruko beldurrak…». Muguruzaren ahotsa eta akordeoiari Mikel Azpirozen pianoak eta organoak, Jean Marie Ecayren gitarra elektriko eta akustikoak, Fernando Neiraren baxu elektrikoak eta Karlos Aranceguiren bateriak lagundu diote. Aurkezpenean aitortu du hasieratik zuela «disko elektriko bat» egiteko gogoa eta asmoa. Gonbidatu bereziak ere izan ditu, Maite Larburu eta Mireia Otzerinjauregi, eta Mikel Azpirozek grabatu, nahastu, masterizatu eta produzitu du 2023 amaieran. Estudioan elkartu eta guztia batera grabatu zuten, «batasun bat» bilatze aldera banda on bat elkartu duela aurreratu du Muguruzak, aurreko diskoan ere beraiekin egin zuen lan, eta «txundituta» amaitu zuela kontatu du. Hiru hamarkadaz bidelagun Irazuk akorduan du noiz elkartu ziren Muguruza eta biak lehen aldiz: «Duela 30 urte Barakaldon, Xabier Leteren kontzertu batean». Muguruzak egun horretan eskatu zion kantuentzako letraren bat egiteko, eta ordutik «harreman hori berritu» izan dutela kontatu dute. Baina atzera begiratuta bi kontzeptu nabarmendu ditu Irazuk: presentzia eta bidelaguna. «Niretzako Jabier presentzia bat izan da, itxaro bat. Zerbait egiten nuenean banuen ustezko hartzaile bat, eta horrek eragin bat izan du nigan, norbaitek aintzakotzat hartzen ninduela sentitzen nuen. Eta hori gertatzean, norbait jaio egiten da, poema horietan agertzen diren pertsonaiek bizia hartzen dute». Eta pertsonaiek bizia hartzen duten bezala, egile bezala ere «jaio» egin da Irazu aintzat hartu dutenean, horrela bizi izan du berak behintzat. «Nire poemak jaio dira musikarekin batera, zerbaitek behar bezala jaiotzeko musika batera bilduta jaio behar du», azaldu du aurkezpenean. Eta bere poemetako pertsonaiek behar duten maitasuna kantuekin edo musikarekin lortu dutela uste du. Muguruzaren lana ere goraipatu du. Alde batetik, beste letragile batzuen artean bere atea ere jotzeagatik, «besteen ondoan ikusita pelotoian nintzela sentitzen nuen». Eta bestetik, bere poemetara hurbiltzeagatik: «Poemak ez dira hiltzen, hor geratzen dira, eta nire poemak han zeuden eta Jabier bihurtu da haiengana, maitasun kutsu bat sentitu dut». Printzipioz hiru zuzeneko dituzte aurreikusiak, eta akaso bat gehiago egingo dute Muguruzaren sorterrian, Irunen, baina ez dagoela itxita aipatu du. Martxoaren 23an izango da lehena, BilbaoPoesia jardunaldien baitan; maiatzaren 3an Donostian izango dira, Lugaritzen; eta itxitako azken kontzertua Bartzelonakoa da, ekainean izango da, baina ez dute zehaztu data.