GAIAK

PuntuEUSek eta Iametzak euskararen ekosistema digitala bultzatzeko indarrak batu dituzte

PuntuEUS eta Iametza erakundeek euskararen ekosistema digitala bultzatzeko hitzarmena sinatu dute. Elkarlanaren lehen fasean ‘ni.eus’ posta zerbitzua eta ‘labur.eus’ url laburtzaile zerbitzua hobetuko dituzte.

Elisabeth Pombo eta Josu Waliño, aurkezpenean. (PuntuEUS)

PuntuEUSek eta Iametzak euskararen ekosistema digitala bultzatzeko hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeak lehenago ere zenbait proiektutan elkarrekin aritutakoak diren arren, bien arteko lankidetza hau «domeinuen eta web zerbitzarien sektoreko enpresa kontzentrazio joeraren ondorioz» sortu dela adierazi dute ohar baten bidez. Izan ere, azaldu dute merkatuak hartu duen norabideak zailtasunak sortu dituela gaur egun euskaraz dauden zerbitzu eta soluzioei eusteko.

Atzerriko enpresa taldeek tokiko enpresen jabetza eskuratu izanak erabat mugatu du erabiltzaileek produktu eta zerbitzuak euskaraz eskuratzeko aukera, jakitera eman dutenez. Egoera horretaz jabeturik elkartu dira, euskal ingurune digitalean «hizkuntza aniztasuna sustatu eta kalitatezko eta euskarazko zerbitzu digitalak eskatzen dituzten erabiltzaileen beharrei erantzuteko».

PuntuEUS, .eus domeinua kudeatzeaz arduratzen den erakundea da eta Iametza teknologia eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen eta teknologikoa burujabetzarekin eta euskarazko tresnen garapenarekin konpromisoa duen organismoa.

Epe luzeko lan plana da adostu dutena eta lehen fasean ‘ni.eus’ euskarazko doako posta elektronikoaren zerbitzua berregituratzeko asmoa dute. Zerbitzu horren berrantolatze eta finkatze prozesu integrala gauzatuko dute datozen hilabeteetan, dauzkan erabiltzaileen beharrei erantzuna eman eta, «proiektua sortu zeneko balioei leial», hazten jarraitzeko.

Halaber, hobekuntzak ezarriko dituzte ‘labur.eus’ zerbitzuan. Izan ere, oso errotuta dagoen url laburtzailea da, 50.000 erabiltzaile erregistratu eta 500.000 URL baino gehiago dituena.

Lehen urrats hauek gauzatzeko hilabete batzuetako lana aurreikusten dute, eta bi erakundeek uste dute proiektuon garapena «aurrerapauso nabarmena» izango dela euskarazko zerbitzu digitalak «hobetzeko eta modernizatzeko».

Aliantzarekin pozik

Lankidetzaren aurkezpenean, PuntuEUSeko zuzendari Josu Waliñok akordioaren garrantziari buruzko gogoetak partekatu ditu: «Iametzarekin aliantza hau abiatzea urrats erabakigarria da gure euskal gizarte digitala indartzeko. Elkarrekin, euskaraz irtenbide berritzaileak eta seguruak eskaintzeko konpromisoa hartu dugu, gure nortasun digitala sustatuz».

Bestalde, Elisabeth Pombo Iametzako zuzendariak aliantza honek erakundeak euskal komunitateari euskarazko tresna digitalak eskaintzeko duen helburua indartzen duela adierazi du: «Iametzak urteak daramatza ingurune digitalean euskarazko egitasmoak sortzen eta sustatzen eta azken urteetan teknologia burujabetzaren bidean apustu sendoa egiten ari da».