GAIAK

Gari & Maldanbera taldeak ‘Elurretan’ disko berriko aurrerapen kantua aurkeztu du

Garik ‘Behin bizitzea’ disko berria argitaratuko du martxoaren 14an azken urteetan bidelagun izan duen Maldanbera taldearekin batera, eta aurkeztu du lan berriko aurrerapen abestia: ‘Elurretan’, Karmele Jaioren hitzak daramatzan kantua.


Udaberriaren atarian, disko berria aurkeztuko du Garik, azken urteetan bidelagun izan duen Maldanbera taldearekin elkarlanean. ‘Behin bizitzeko’ izango da estudioko lan berri honen izena eta, aurrerapen modura, ‘Elurretan’ abestia aurkeztu berri dute. Jadanik entzungai dago plataforma nagusietan.

Kanturako aparteko kolaboratzailea izan dute gainera: Karmele Jaio idazlea. ‘Amaren eskuak’ (Elkar, 2006) , ‘Aitaren etxea’ (Elkar, 2019) edota ‘Maitasun kapitala’ (Elkar, 2023) bezalako eleberri adierazgarriak idatzi dituen idazle gasteiztarraren hitzak horrela abiatzen dira: «Elurretan etzan nahiko nuke / besoak zabalik etzan, / utzitako siluetan / nire mapa zein den / ikusteko esperoan. / Elurretan etzan nahiko nuke / zerura begira etzan, / zaurien koordenadak/ azalera daitezen / izotzezko aztarnetan».

Maldanbera Alex Alonsok (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioak eta ahotsak) eta, berrikuntza modura, Iker Laurobak (teklatuak eta ahotsak) osatzen dute.

Zart Kolektibotik prentsara bidalitako ohar batean adierazi dutenez, diskoa 2024ko otsailean grabatu eta masterizatu zen Elkarrek Adunan duen musika estudio berrian, Victor Sanchez ingeniariaren gidaritzapean. Nahasketak, aldiz, Unai Mimenzaren eskutik joan ziren.