2024 MAR. 15 - 11:10h Rocky Mountainseko aintzirak Behin Vancouverrera iritsita, Kanadako lakuak ezagutzeko abentura hasten da. Udaberria edo udazkena izaten dira urte sasoi egokienak. Bertan auto bat alokatu eta bidaiarako behar dena erosi behar da, neguko loalditik esnatzen ari diren hartzak urruntzeko txintxarriak eta piper-expraiak barne. Ibilbidean laku zoragarriak daude. (Fito RODRIGUEZ) Fito RODRIGUEZ Erosketetarako bidean, Vancouverko Robson kaleko Justizia Jauregiaren eraikinaren inguruan aurkitu ohi da askotan Kanadako Gobernuak «jatorrizko nazioekiko» izan zuen politikaren aurka protesta egiteko kanpaldiak. Haietan, kultura autoktonoen asimilazioa, haien haurtzaroaren akulturazioa eta horretarako sustatu ziren ekintza deitoragarrien ezkutaketa salatzen dira. Aipatu protestetan, hautsitako jostailu piloa eta kanpadenda tradizionalaren ikus daitezke. Handik gertu Liburutegi Publikoko eraikinean, berriz, Xabier Gereñoren metodoaren euskarazko liburu autodidaktikoak eskaintzea ez da harritzekoa, aspaldi baitago euskal gaiei buruzko liburu sorta bertako eraikinean.Vancouvertik Rocky Mountainserantz abiatzean, berriz, Glacier National parkerantz doan errepidea hartzea besterik ez dago eta, lehenengo helburura heltzeko autoz ordu asko pasa behar bada ere, bidearen lasaitasunak laguntzen du paisaiaz gozatzen. Suitzako OstatuaHelburutik urrun egon arren, Suitzako Ostatuan gaua igarotzea, demagun, aukera izan daiteke. Rocky Mountains deritzanen ibilbideak irekitzera Kanadara joan ziren suitzar gidariengandik hartzen du izena errepideko motel tipiko horrek. Suitza herri menditsua izan da inoiz monarkia izan gabe, bere jatorri politikotik autodeterminazioaren eskubidea erabili duen herrialdea, ez bere lurraldearen zati bat bereizteko, baizik eta, alderantziz, bere estatuari modu demokratikoan eskualde berriak batzeko. Kanada, Suitza bezala, estatu konfederatua da. Ipar-mendebaldeko lurretan sartu aurretik, laku baten ondoan hotel zahar bat edo beste aurkitzerik badago, oraindik jardunean daudenak, zeinetan urrearen sukarrak mugitutako meatzariek geldialdia egiten zuten beren ametsak gauzatzeko ahaleginetan. Haietako batean dago Columbia Britaniarraren inguruko izaki bizidunik zaharrena, 1.200 urteko alertze garaia da, eta, 1215ean, Ingalaterrako maizterrek Karta Magna lortu zutenean, bera jadanik han zegoen, zain. Aipatu hitzarmenaren arabera, erregeak ezin izan zuen aurrerantzean zergarik kobratu bere kontseilukideen baimenik gabe, eta horrek, pixkanaka, sistema parlamentarioa eta giza eskubideak garatzeko bideak ireki zituen. Bistan da orduko errege ahaltsuaren balizko babesak ez zuela menpekoak askatzeko balio izan, baina, halere, Karta Magnak handikien kontrola eta jende arruntaren duintasuna ere ekarri zituen. Handik hona ur asko pasa da Columbia ibarrean barna (Wimahl, txinuk herriak deitua), baina aspaldi hartatik bizirik iraun duen zuhaitza hantxe ikusi eta besarkatu daiteke. Baimena ezinbestekoa Glacier parke eremura iristerakoan, ordea, gogoratu Kanadako parke naturaletan sartzeko baimena eskatzea ezinbestekoa dela eta ordaindu beharra dagoela.Kanada herrialde elebiduna da, teorikoki... nahiz eta ustezko elebitasuna duela urte asko Quebeceko lurretan bakarrik egon. Parkeen argibideetan, ordea, dena frantsesez eta ingelesez agertzen da. Glacier parkeko sarreratik gertu, ordea, Hartzaren ur-jauzi delakoa egon badago eta hara iristeko bidea erraz ibiltzeko modukoa da, baina hara joaterik badago goian aipaturiko baimenik gabe? Horretan da eztabaida. Oinarririk gabeko legeak bete behar al dira? Izan ere, baldin eta badakigu gure ibilbidean arriskurik ez dagoela, baina, jakina, hartzekin topo egiteko arriskua ere baldin badago, zer egin? Gai hori eztabaidatuz bidean sartu, hesi bat saltatu eta xingola zuri-gorri bat baztertuz, aitzina jo genuen. Xingola horrek, bidea oztopatzen bazuen ere, ez zen gainditzeko zaila izan. Beraz, gure autoa baztertu eta eztabaida politikoetan segitu genuen gure hizketaldian modu errepresiboz eten nahiko zuen zaindariren bat topatu gabe. Horrela, Hartza izeneko ur jauziraino iristen da, benetan merezi duena, gero errepide nagusira itzultzea besterik ez da falta, nahiz eta, egiari zor, bidean inongo hartzik atzematea ez da aise izaten. Ondorengo ostatuaren bila ibilita, beste ‘Swiss Hostel’ deiturikoa aurkitzea erraza da izen bereko asko baitago bidean, eta litekeena da karibu bat edo beste lau hankadunekin topo egitea; izan ere, bi hankako animaliak izaten baitira hantxe ikusten zailak. Aurrerako ibilbidean Golden herria dago eta, izenak dioen moduan, urre bilatzaileen garaian sortutako herrixka da. Anitz dira izen hori duten tokiak Ipar-mendebaldeko lurraldean, Montanan edo Alaskan, eta denak berdinak dira, alegia, kale nagusi bat, non taberna, bankua, haginlaria eta ile-apaindegia egoten diren. Herri hartatik gora arroila sakon bat dago non, ibai emaritsua gero eta beherago utzita, herria sortu zuen antzinako meatze-lurraldera iristen den. Hartzik ez, ordea. Meatze-bidetik jaitsita ibai zurrunbilotsura joateko xendrak daude, toki onak, inondik ere, norberaren burua freskatzeko oinarrizko kanpalekua izango den Lake Louisera joan aurretik. Lake Louiseraino iristeko, Emerald aintzirari bira emanez, betidaniko laku glaziar zaharren perfekzioa aurkituko dugu eta Rose lakura heltzean elur arrastoak ikusiko ditugulakoan nago, ia urte sasoi guztietan. Behin Lake Louisen inguruetan barrena joanda, izotzetatik libratzen urtze prozesuan dauden Kanadako laku haien handitasuna agertuko da, beren ur-azala inguruko gailurren ispilu bihurturik baita zeru urdinaren azpian isurtzen duten giro-freskoa eskainiz. Laket modukoa.Aintziraz aintzira Lake Louisen bukaeratik igoerari ekiteko hura elikatzen duten glaziarretaraino eramango gaitu, baina, nola ez? Ohiko diren xingola zuri-gorriak bidea itxiko digu, agian, zorioneko hartzak esnatzen ari direlako, arriskutsuak direlako eta, bada, sarbidea moztuta dagoela adieraziz. Betiko eztabaidari ekin behar zaio honetan ere, legeen mugei buruzkoa alegia, arauen betetze itsuei men egin edo desobedientzia kontzientearen aldarrikatzea merezi ote duen, mendian eta bizitzan zein izan behar ote den gure jarrera argitu nahian. Hori dena, jakina, era peripatetikoan eginez, baina, aldi honetan, debekuaren kontra joan beharrean xingolak ahaztu eta eskuinean doan bidea (gure eskubidea?) har daitekeela Agnes Lakuraino joateko. Agnes aintziratik, ordea, ezin izango da haren aldamenean dagoen granitozko monolitora igo. Xingola zuri-gorriek bidea ixten baitute erabat, edonor hartzentzako gosari bihur daitekeelako abisua emanez. Haran izoztuaren ertzera jaistean, ordea, aipatutako plantigradoen ustezko existentzia Kanadako jatorrizko biztanleen elezaharretako bat dela pentsatzen hasiak geunden. Kanada osoan zehar arnasestuka ibili ondoren besarkatu nahi gintuen animaliarik ez genuela aurkituko argi zegoen. Agian garaiotan sortutako su ugarien ondorioz lur haiek kez bete ohi direlako eta horrek jendearen ebakuazioa ekarri zuelako izango da baina, edozein modutara ere, hartzaren arrastorik ez. Hurrengo lakua Bow aintzira da eta haren ertzetik aitzina bere iturburu den turrustaraino joan daiteke. Hartan ere ez omen dago hartzaren hatzik inola antzematerik. Azkenean, Calgaryrantz jarraitu daiteke Vancouverrera eramango gaituen hegalaldiaren bila edo, aldiz, Vancouverrera berriro autoz itzuli. Vancouverra iritsita, berriz, Stanley Parkera joaterik badago, eremu naturala hiriaren barnean kokaturik non, mapatxeak, katagorriak eta beste zenbat animaliekin batera, Totem polit askoak dauden. Azken indiarra (Rose izenekoa) hil ondoren bihurtu zuten parke aipatu lurra jatorrizko kultur irudi zaharberrituak erakusteko... Donostiara bueltan Loiolako Matxiñene merenderoa eraitsi zutenaren berriak kolpatu gintuen. Makina bat mokadu janda gaude bertan inguruko mendi txangoei bukaera ematen. Haren izena kale bati emango diotela zabaldu da. Toki hartan gastronomia gune bat ezarriko dute, akaso. Azkenean, Hartzarena ez, Kapitalaren besarkadaz aurkitu ginen hemen. Noiz arte onartu behar ditugu inposatutako arauak, legeak eta erabakiak? Betiko galdera, han zein hemen, berdin darraigu.